«Rapa euskaraz egitea euskara kalera itzultzea da»
Ningra da bere izen artistikoa. Raplaria da eta atera berri du Hazia bere lehen bideoklipa, Enbor taldearen eskutik. Kontzerturen batean ikusten baduzue, mundua bide onetik doan seinale. through Argia.eus
Bitorianokoa da Uxue. 19 urte ditu eta Donostian psikologia ikasten ari da. Gasteizen bizi da orain, ikastera garraio publikoan joateko aukera bakarra delako. Ikasturte arraroa da hau, zentzu askotan. Baina ikasi, ikasten ari da. Raparen eszenan lekua hartzen, idatzitako letrak ahotsezko mezu bihurtzen, eta askoz gehiago.
Pantailetan eta irratian ezagutu berri zaitugu. Non ibili zara orain arte?
Ba Bitorianon! Nire bizitzako momentu gehienak han pasa ditut, unibertsitatera sartu arte. Oso herri txikia da. 250 biztanle inguru izango ditu. Herritik hirira sekulako aldaketa dago. Herri txiki batean denok ezagutzen dugu elkar. Beti-betiko jendea da. Eta bat-batean pasatzen zara batxilergora, Gasteizera, eta hor ohartzen zara zenbaki bat zarela. Baina, egia da bizitzan ere horrela dela, eta ondo etorri zitzaidala, asimilatzeko gero gertatuko zitzaidana. Hala ere, herriko bizitza ez nuke ezerengatik aldatuko eta nire haurtzaroa eta nerabezaroa herrian pasa izana, pribilegio bezala bizi dut.
Eta nola iritsi zinen raparen mundura?
Beti gustatu izan zait poesia, eta idaztea, orokorrean. Asko gozarazi dit. Ez dakit ze momentutan hasi nintzen, zehazki, rapa entzuten. Euskarazko rapa ezagutu nuen. Kuriosoa ere bada, zeren normalean gure erreferente guztiak Euskal Herritik kanpo bilatzen ditugu, baina, euskarazko rapa heldu zitzaidan niri lehendabizi. Eta ikusi nuen rapa eta poesiaren artean bazegoela antzekotasun bat. Egituran, metrikan… Eta pentsatu nuen: zergatik ezin dut nik hau egin? Nire poemen letrei base bat jarri eta rapeatu ditzaket! Eta horixe egin nuen.
Pentsatzetik egitera nola pasatzen da bat?
Dena esateko, ez nekien abestiak nola egiten ziren –gaur egun ere ez dakit–, ez nekien nola lortu flow hori, nola egokitu nire ahotsa tempora… Baina, ateratzen zitzaidana egiten hasi nintzen. Orain egiten dudan bezalaxe. Esperimentazio prozesu bat izan zen. Baina rapa eskuragarria da, neurri batean. Musikari buruz ezer jakin gabe ere, base bat eta mezu bat baldin badituzu, zerbait egin dezakezu. Eta nik esateko gauza asko nituen. Beraz, hasi nintzen baseak bilatzen eta letrak idazten. Idatzi eta gero kantatu egiten nituen base baten gainean, eta aldatu behar izaten nituen gauza batzuk –hau laburtu, hau luzatu–… Eta lagunek esan zidaten: “Honek itxura ona du!”, eta esan nuen, “ba aurrera”.
Aldi berean hip-hoparen kulturari buruz irakurtzen hasi nintzen, eta maitemindu egin nintzen. Bronxeko talde marginatuek erresistitzeko tresna bezala sortu zuten, esateko, “begira, miserian bizi gara eta hemen ez da inor ezer egiten ari”. Haien aldarriak kaleratzeko modu bat zen. Eta ikusten nuen hori zela modurik egokiena nik ere esan nahi nuena esateko.
Eta rapa sortzetik oholtza hartzera heldu zinen…
Gurpil zoro bat izan zen. Ni motibatu nintzen, lagunek animatu ninduten, ni gehiago motibatu nintzen… Gero eta rap gehiago entzuten hasi nintzen. Egun osoa pasa nezakeen rapeatzen, literalki. Bat batean hip-hoparekin topera nengoen. Batxilergoan kultur astea antolatzen da, eta urte hartan nire lana jendaurrean aurkeztea erabaki nuen. Handik gutxira orduan aurkeztutakoari beste buelta bat eman eta Hazia kantua sortu nuen. Eta kantuaren bideoklipa sortu genuen Enbor taldekoekin batera, Hala Bedi-ren laguntzarekin. Oso azkar pasa zen dena. Lauso gogoratzen dut, baina prozesu oso polita izan da. Ez soilik raparen muduan murgiltzeko prozesu bat. Gauza asko ikasi ditut bidetxo honetan.
Bakarkako ibilbidea da?
Ez da ibilbide indibiduala. Bideoklipa bera, esaterako, talde lana da. Enbor taldea, hasiera batean bideoklipari forma emateko sortu zen emakume arrazializatuen taldea da, baina espontaneoki sortu zenak ibilbide luzeagoa izan du, eta oraindik martxan dago, gure arrazializazioei buruzko gogoeta espazio zein zaintza espazio gisa. Bestalde, nik abesti hori atera nuenean, Haizea Alonsok atera berri zuen berea (Nire Bala, 2019ko abenduan). Eta nik ez nuen sekulako harremana berarekin, baina ezagutzen nuen, eta egun batean topo egin genuen eta hitz egin genuen modu kolektiboan kontzertuak emateaz, besteak beste.
Oso gogorra da betidanik mutilena izan den eszena batean sartzea. Nik ikusten nuen nire burua, emakumea, arrazializatua, gaztea, mutilen espazio erabat txuri batean, eta pentsatzen nuen: “Nora noa?”. Eta Haizea ere emakumea eta gaztea zen, eta ikusi genuen izan gintezkeela bestarekiko berme moduko bat. Eta egia esan piloa lagundu dit.
Ningra da zure izen artistikoa. Nondik nora aukeratu zenuen?
Ning nire izena da. Gero gehitu nion -ra hori. Ez rap hitzetik datorrelako –jende askok esan dit, eta ez–, baizik eta fonetikoki eta estetikoki politagoa iruditzen zitzaidalako horrela. Kontua da nik bi izen ditudala, bata nire gurasoek jarri zidatena, Uxue, eta bestea Ning, Txinatik txiki-txikitatik daukadana. Eta beti egon naiz etengabeko talka batean izen honekiko, txinatarragoa egiten nauelako. Jendeak nitaz barre egin izan du, baztertu izan naute … eta, beraz, beti kendu nahi izan diot nire buruari txinatar kutsu hori. Eta izen artistiko gisa izen hau aukeratzea ahalduntzeko modu bat da niretzat; esateko “begira, hau da nire izena, nire pertsonaren parte da, eta desberdin egiten nauenak ez du ezer txarrik. Ez daukat zertan mespretxurik jasan”. Eta kito.
Diskografiken logika eta entretenimenduaren sistema kritikatzen duzu zure hitzetan. Nolako hip-hopa amesten duzu zuk?
Entretenimendu kultura batean bizi gara, itsututa mantentzen gaituzte, kritikotasunik gabe, izaera propiorik gabe… Kapitalak entretenimendu makinak bultzatzen ditu eta etengabeko produkzioan behar ditu. Oso zaila da erabateko haustura bat sortzea sistema horrekiko. Kapitalismoan inporta duen bakarra truke-balioa da, eta horrekiko menpekotasunak eramaten zaitu musika produzitzeko diskografikekin elkartu nahi izatera. Baina, nik uste testuinguru honetan sustatu beharko genukeen kultura, nik amesten dudan kultura –ez soilik hip-hopa–, entretenimenduan oinarritzen ez dena dela, kritikotasuna bultzatzen duena eta hausnarketarako gogoa pizten duena. Zaila da, baina posible da kalitatezko proiektuak ateratzea enpresa logikan sartu gabe, autogestioaren bidez. Hazia bideoklipa egin genuenean hori nire begiz ikusi ahal izan nuen. Autogestionatua eta kalitatezkoa da. Zaila da, baina egin liteke.
Euskaraz kantatzeak zer zentzu du zuretzat? Badu zentzu politiko bat?
Berez euskara ez da nire ama hizkuntza. Nire gurasoekin eta betiko lagunekin erdaraz hitz egiten dut. Nire eskualdean gehienbat erdara entzuten da, eta nik erdaraz amesten dut. Euskaraz egitea nire hautua izan da. Zentzu politikoa du, noski. Argi dago Euskal Herria zapaldua izan dela urte askotan zehar, euskara debekatua izan dela, euskaraz hitz egiten dugunoi gaizki begiratu izan zaigula eta begiratzen zaigula oraindik ere. Orduan, iruditzen zait euskara erabiltze hutsa erresistentzia ekintza bat dela. Euskarak ez dauka merezi duen eszena, eta nik nire bultzadatxoa eman nahi nion. Horregatik, sortzen hastean, ez nuen zalantzarik izan.
Gainera, hitz egiterako orduan erosoago sentitzen naiz gaztelaniaz –jariotasun handiagoa daukadalako eta kaleko erregistroan moldatzen naizelako–, baina, aldi berean, idazterako orduan iruditzen zait hobeto idazten dudala euskaraz. Azken batean, eskolan euskaraz ikasi dut, euskaraz irakurri eta idatzi izan dut. Gero hor zegoen ikasgai bat, gaztelania, baina salbuespena zen. Erraztasun horrek ere lagundu zidan, nik uste, erabakia hartzerakoan. Euskara eskolako hizkuntzarekin lotzen da, eta erdara kalearekin, eta hip-hopa euskaraz egitea horri buelta ematea ere bada. Euskara kalera itzultzea.
Nola ikusten duzu euskal rap eszena generoari dagokionez? Azken aldian emakume erreferenteak ezagunak egin dira… Emakumeak oholtza hartzen ari dira ala ispilatze fenomenoa da?
Zorionez, nik uste Euskal Herriko rapa urruti dagoela Red Bullek patrozinatutako oilar-jokoen edo rap mainstream-aren kutsu zapaltzailetik. Baina, euskal hip-hoparen baitan ere badago zer borrokatu. Adibidez, Euskal Herrian euskaraz ekoizten den rap oso gutxi dago, emakume eta gizon raperoen arteko alde kuantitatiboa oso nabaria da, ia ez dago emakume arrazializaturik… Hemen ere aldatu beharreko gauza asko dago, eta hor egotea dagokigu.
Nik, esaterako, ez dut ia erreferente emakumerik izan. Aneguria eta La basu. Bi. Zorionez gero eta emakume gehiagok lortzen dugu kemena mikroa hartzeko, baina iruditzen zait emakumeak mikroa hartzen ari direnaren ideia hori ameskeria hutsa dela. Uste dut emakume batek, edo normalean oholtza okupatzen ez duen pertsona batek mikroa hartzen duenean, bat-batean ikusgarritasun handia ematen zaiola, boom bat gertatzen dela, eta badirudi emakume bat egon beharrean mila emakume daudela. Baina ez, emakume bakarra dago.
Zure lehenengo kantuan buelta ematen diozu ustez pentsaera aurrerakoia eta antiarrazista duen jende politizatuari.
Bere burua antiarrazistatzat duen eta gero jarrera arrazistak dituen jende asko dago. Gehiengoa. Erraza da arrazakeria kritikatzea, orokorrean, baina ez gara konturatzen gure egunerokotasuneko ekintza txiki horiek balio izugarria dutela, eta horietxek direla sistema arrazista elikatzen dutenak. Uste dugu politizatuak izateagatik gure prozesua amaituta dagoela, baina deseraikuntza prozesua ez da inoiz amaitzen. Abesti horretan egur pixka bat eman nahi nion, hain zuzen, jende politizatuari, eztabaida sortu, eta hainbat gai mahai gainean jarri.
Tartean kultur apropiazioa, feminismo txuri hegemonikoa…
Duela gutxira arte ez naiz kontziente izan kontu horiez. Arrazakeriaren gaia nire bizitzan duela oso gutxi sartu zen. Baina hausnartzen hasi naizenetik nabaritzen dut dibertsitatearen postureoa. Mahai-inguru batera gonbidatzen naute, edo kartel feminista bat ikusten dut non emakume mota asko dauden, eta gero mahai-inguruan edo topaketan emakume txuriak baino ez daude. Ez naiz deseroso sentitzen gaur egun mugimendu feministak duen diskurtso antiarrazistarekin. Izorratzen nau diskurtso teoriko horrek ez izatea itzulpen praktiko bat. Dekolonialismoa, blablabla bai, baina, gero, etortzen da emakume arrazializatu bat jardunaldi batzuetara, esaten dizkigu lau-bost egia eta ahozabalik gelditzen gara. Eta normala da hasierako izualdia, baina harridura horren aurrean nola kokatu asmatu behar da, eta autokritika ere ez dago gaizki.
Testuinguru horretan, oholtzara igo eta mikroa hartzea, bideoklip bat sareratzea… Erraza izan da?
Kristoren buru-janak izan nituen hasieran. Eszena guztia mutilena izanda, nire burua erreferente horiekiko konparatzen nuen, eta pentsatzen nuen “ez naiz ailegatuko inora; ez dut inoiz izango haiek daukaten maila”. Nik uste ematen duela super ahaldunduta nagoela, oholtzan jarrera bat hartzen dudalako, eta indarra adierazi. Nire mezuarekin bat egiten duen jarrera daukat oholtzan. Baina momentu askotan ez naiz ahaldunduta sentitu. Egia esan, gaizki ere pasa dut. Ez publikotasunera salto egitean bakarrik, baita lehenago ere. Zalantza asko neuzkan. Diskurtsoa badakigu, badakigu ahaldundu behar dugula, baina ez da batere erraza.
Orain, hau dena bizi izan eta gero, sentitzen dut ahalduntze prozesu bat izan dela. Haizea nire alboan edukitzea bultzada ikaragarria izan da aurrera egiteko. Oholtzak berak ere ahalduntzen zaitu, nahitaez. Eta gehienbat zure inguruak. Zeren oholtza horretatik jaistean askotan buruari itzulika aritzen naiz, oso gaizki pasatzera heltzeraino, eta hor heldulekuak ez dira asko. Lagunak, familia… Eta nire kasuan, sinestea gauzak borrokatu behar direla eta eraldaketarako ahalmena daukagula; momentu txarrak eta onak egongo direla, baina, merezi izango duela. Ahalduntzea prozesu oso gora-beheratsua da.
Duela gutxi irakurri dut elkarrizketa batean gaur egungo gazteek ez dakizuela militantzia zer den…
Hori non irakurri duzu? Zelako amorrua, aizu. Ez da egia. Ze heldu boteretik esaten den hori, ezta? Gainera nik uste komentario horiek ez dutela laguntzen. Esaldi horrek gazteak uxatzen dituela esaldi hori bera esan duenaren helburuetatik. Beraz, estrategikoki ere txarra iruditzen zait. Eta gainera ez da egia. Bakoitzak testuinguru ezberdina bizi du eta oraingo testuinguruak ematen dizkigu erraztasunak eta oztopoak. Eta, beharbada, ditugun erraztasunek eramaten gaituzte bizitzaren aurrean jarrera jakin bat hartzera. Baina, jarrera horretatik ere aldatu daitezke gauzak. Igual haientzat ez gara ezer egiten ari. Ez du ezertarako balio abesti bat kaleratzeak. Garaiak aldatzen direla gauza jakina da, baina badirudi esan beharra dagoela. Orain ditugunak borrokatzeko modu eta tresna ezberdinak dira. Garaian garaikoa.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Rapa, eraldaketarako
“Beti pentsatu izan dut gizartea aldatu beharra dagoela. Txikitatik. Eta gizartearen produktu garen heinean geure erantzukizuna ere badugula. Nik sinesten dut indibidualki eta, batez ere, kolektiboki dugun eraldaketarako gaitasunean. Eta hip-hopa deskubritu nuenean iruditu zitzaidan oso bide eraginkorra nire mezuak zabaltzeko. Hip-hopak berak duen filosofiagatik, musikak berez duen dimentsioagatik eta iristeko gaitasunagatik. Aldi berean, tristea ere bada jendeari mezu batzuk iristea soilik erritmo batekin eskaintzen badizkiozu. Ez diot musikarion lanari baliorik kentzen, beharrezkoa da musika kontzientziak astintzeko. Baina, uste dut benetako borroka kaleetan dagoela”.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!