Preso sozial eta politikoen arteko mundu txikia
Asier Otxoa de Retana Simonek eta Gorka Lazkano Muruak sei eta bost urte egin dituzte preso hurrenez hurren. Otxoak Jarrai-Haika-Segi sumarioan auzipetuta, Lazkano ETAri laguntza eman izana leporatuta. Salamancako Topas espetxean ezagutu zuten elkar 2000ko hamarkadaren bigarren erdialdean. Urte batzuez, haiek eta beste preso batzuek elkarbizitza talde estua sortu zuten, espetxeari gozamenerako eta kidetasunerako espazio bat irabaziz. through Argia.eus
«Jendarteak aurre egin nahi ez dizkien gauza horiek azpian ezkutatzeko dituen alfonbra” da espetxea Lazkanoren ustez, eta “pertsonak xehatzeko makina”. “Kartzelak presoa infantilizatzen du, autokudeaketa pertsonalerako gaitasuna lapurtuz. Gero bat-batean kaleratu egiten zaitu, ‘konpon zaitez zu zeu’ esanez, eta ezin duzu”, dio Otxoak. “Eta izaki apatikoak sortzen ditu, dena duzulako egina edo inposatua”, osatzen du Cobosek. Hirurek ondo ezagutzen dute espetxea.
Salamancako Topas espetxean egin zenuten topo. Nola joan zineten harremana estutzen?
A. Otxoa: Hirugarren moduluan egin genuen topo, Gorkaz gain Urko eta Oti ‘kideak’ zeuden. Santi ia kide modura aurkeztu zidaten. Ez da normala espetxean hain konfiantzazko pertsonak aurkitzea preso politikoen kolektibotik kanpo.
S. Cobos: Aurretik preso politiko askorekin harremana izana nintzen. Euskara apur bat ikasi nuen eta praktikan jartzen saiatzen nintzen. Gero hobeto edo okerrago konpon zaitezke, kalean bezala, eta gure kasuan kupidoren gezi-kolpea izan zen [barre orokortuak]. Asier heldu zenerako ‘txiringitoa’ martxan genuen jada.
Zer zen ‘txiringito’ hura?
S. Cobos: Koadrila bat ginen, harremanetara eta elkarbizitzara dedikatuak. Gibel asmorik gabeko adiskidetasuna sortu genuen, espetxean ez da batere erraza, behar handia baitago. Espetxealdiaren une lasai batean izan zen, isolamendurik gabe, jipoirik gabe…
A. Otxoa: Hiru bat urtetan zazpi-zortzi izan ginen, hiruzpalau sozial eta hiruzpalau politiko, sartu eta irteten zen jendearekin. Hori zen borroka, gozamenerako espazio bat sortzea etsaitasunezko giro haren erdian. Areto bat genuen, gure espazioa zen nolabait. Orduko bizipenak partekatu eta gero, berdin dio urteak ematea elkar ikusi gabe. Lotura berezia dago.
G. Lazkano: Gure mundu txikia sortu genuen. Espetxeak ez dizu ezer emango, bizirauteko zure bizitza eraiki behar duzu ahal duzun moduan, eta bide horretan lagunduko zaituen hurbileko jendea aurkitzea altxorra da. Aparte Santi ezagutzeak ni aberastu egin nau, espetxe barruko beste borroka bat ezagutu dut.
Funtzionarioek zuen arteko harremana txarto hartu zuten?
S. Cobos: Ihesaldiak egin dituzten presoak, mutinak antolatu dituztenak, ETAkideak, denak elkarrekin geunden, pentsa.
A. Otxoa: Eta gainera egun guztia barrez. Nahiko ondo pasa genuen urte haietan, hala eta guztiz ere. Une gogorrak ere izan genituen, baina zentzu horretan pribilegiatua sentitzen naiz. Kartzelero txakurrenei batez ere, haserre handia sortzen zien.
Pepe Villegas COPELeko preso historikoak kontatzen zuen funtzionarioek mehatxu egin ziotela: “Euskaldunekin erlazionatzen jarraituz gero ordainduko duzu”. Eta ordaindu zuela zioen. Santi, zu kaltetu egin zaituzte harreman mota hauengatik?
S. Cobos: Nire kasuan ezberdina zen, funtzionarioen irudiko ni euskaldunak baino influentzia are okerragoa nintzelako [barre orokortuak]. Baina euskal preso politikoen eta beste presoen artean etsaitasuna sortzeko ahaleginak askotan ikusi ditut. Gogoan dut, esaterako, Villabonako espetxean [Asturies] 11Mko atentatuen eguna. Funtzionarioek preso sozialei burua jan eta ia antolatu ere egin zituzten euskaldunen aurka oldar zitezen. ‘Pintxorik’ ez erabiltzeko esan zieten soilik, bestela kontrola galtzeko arriskua baitago.
A. Otxoa: Sozialak moduluz aldatu izan dituzte gurekin harremana izateagatik, horrelakoak askotan.
Adiskidetasuna mantendu duzue espetxetik kanpo ere.
A. Otxoa: Gorkak ezin gintuen bisitatu espetxetik irten eta gero. Ni bi urte eta erdiren ondoren irten nintzen eta Santik Topasen jarraitu zuen.
S. Cobos: Garai hartan gutun bidez mantendu genuen harremana, eta senideen bitartez mezuak helaraziz, elkarrengatik galdetuz-eta. Gero Langraitzerako lekualdaketa izan zen. Irteteko izan nuen lehen baimenaren egunean bila etorri zitzaizkidan espetxera nire lagun batekin batera. Hirugarren gradutik aurrera maiztasunez ikusi dugu elkar. Orientabide gisa balio izan zidaten irtetean. Gorkak esan zidan: “Hemen nire etxea, nahi duzunerako”. Asierrek berdin.
Topasen eraiki zenutena ez da oso ohikoa. Nolakoak izaten dira preso «sozial» eta «politikoen» arteko harremanak?
A. Otxoa: Oso zaila da Santi eta Topaseko beste batzuk bezain sendo dauden presoak aurkitzea espetxean, eta horrek harremana erabat baldintzatzen du.
G. Lazkano: Egoera familiar eta pertsonal izugarriak daude. Gainera, espetxe barruan oso ‘gizon’ izan behar duzu, gogortasuna antzeztu, ez dira ahultasunak kontatzen. Ni entzutekoa naiz, eta asko etortzen zitzaizkidan kontatzera, barrenak hustutzeko eta entzunak izateko beharra zuten. Benetako dramak.
S. Cobos: Badago oinarri bat: azken batean kaka berean zaudela, espetxean. Horrek egiten du maila batean behintzat batzea. Nik oro har euskal presoak sozialekin ondo portatzen ikusi ditut, izan zigarro bat emateko izan idatzi batekin laguntzeko. Eta sozialen aldetik errespetua, gertutasun politikoetatik harago.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!