PPren eta Antépararen akusazioak ukatu dituzte Gasteizko Udaleko teknikariek
Antéparak eta PPk adierazi dute Luxury enpresari hiru espediente ireki izanaren arrazoi bakarra udalaren jakinarazpen okerrak izan direla. Gustavo Antépara presidente den enpresa espedientatu duen udal departamentuko bi langilerekin hitz egin du ARGIAk, bakoitzarekin aparte. Biek gertutik ezagutzen dituzte azken hilabeteetan Luxury eta udalaren artean egon diren tirabirak. Udal langileek, batetik, ukatu egin dute PPk esandakoa; eta, bestetik, adierazi dute departamentuan “haserrea” dagoela Luxuryren jarduteko modua dela eta. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
Gasteizko Udaleko Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Saileko langileak dira biak, eta batek ardura postua du. ARGIAk beraien hitza jaso nahi izan du, Antéparak eta PPk departamentua egin dutelako Luxuryk Pintore eta Korre kaleko etxebizitzetako obrekin izan dituen arazoen erantzule. PPko Gasteizko komunikazio arduradunak ARGIAri azaldu dionez, Antéparak alderdiari esandakoa ontzat hartuz, departamentuak Luxuryri irekitako hiru espedienteak “txarto notifikatuta” daude: “Ez ziren bitarteko digitalak erabili, eta ez ziren bidali posta helbide zuzenera”.
PP eta Antépara faltsukerian berriz ere
PPren esanetan, udalak jakinarazpenak bidali zizkion Luxuryri, baina Luxuryk ez zituen jaso, eta hortik etorri dira espedienteak eta bestelako santzioak. Argudioak ez du logikarik, obrak egiteko Luxury baita lehen pausoa eman behar duena –baimenak eskatu– eta ez udala. Edonola dela, komunikazio arduradunak azaldu du Luxuryk alegazioak aurkeztu dituela hori argudiatuta. Departamentuko bi langileek PPren esana ukatzen dute erabat, eta ARGIAk argitaratuko informazioa berretsi: PPk bestelako informazio faltsuak ere eman dizkie kazetariei Antépara errugabetu nahian.
Espedienteen jatorria ez dago erantzun gabeko notifikazioetan, baizik eta Udaltzaingoak etxebizitzetara aurreabisurik gabe egindako inspekzioetan
Espedienteen jatorria ez dago erantzun gabeko notifikazioetan, baizik eta Udaltzaingoak etxebizitzetara aurreabisurik gabe egindako inspekzioetan, zeinetan eraberritze obra lan integralak egiten ari baitzen Luxury, aurretik inongo baimen eskaerarik egin gabe. Pintore kaleko etxebizitzetan esaterako, auzokideak izan ziren Udaltzaingora deitu zutenak azaroaren 21ean “ustezko legez kanpoko obrak” egiten ari zirela susmatuta. Udaltzaingoaren txostena oinarri ireki zizkion Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak espedienteak Luxuryri azaroaren 25ean.
Bestetik, bi langileek ziurtatu diote ARGIAri Luxuryren eta departamentuaren artean komunikazio ugari eta ezberdinak izan direla, ez bakarrik idazkien bidez, baita telefonikoak ere –Antépararekin zuzenean ere bai, ardura postua duen langilearen esanetan–. “Lizentziak jakinarazi ditugu, espedienteak ireki ditugu, obra txikiak izapidetu ditugu, errekerimenduak egin dira, erantzun digute…”, laburbildu du arduradunak (Beheko irudietan komunikazio horietako batzuen dokumentuak).
Haserrea Gasteizko Udalean
Bi langileek diote departamentuan “haserrea” dagoela Luxuryren jarduteko moduarekin. “Kosta zaigu antzematea zer ari diren egiten eta nola jokatzen duten, baina egin dugu”, dio langileetako batek. Langile eskasia dela da horrelako portaerak antzeman eta moztea zaila egiten duena, langilearen esanetan. Haserreak jatorri ezberdinak dituela azaldu dio ARGIAri arduradunak. “Pikarokeriaz” jokatzea leporatu dio Luxuryri, adibidez, obra txikietarako baimena eskatuz obrak eraikin oso bati eragiten diotenean. Edo departamentua “nahasarazten” saiatzea, baimenak etxebizitza erabilerarako eskatuz itxura guztien arabera turistei alokatzeko erabiliko direnean. “Hotel edo ostatu proiektu bat aurkeztu baligu begiratuko genuke posible den, bada hori saiatzen ari den jendea”.
«Kosta zaigu antzematea zer ari diren egiten eta nola jokatzen duten, baina egin dugu»
Are gehiago: Luxuryk gezurra esan dio udalari idatziz. Pintore kaleko atarirako proiektu memoria aurkeztu zuen otsailaren 7an, eta honakoa irakur daiteke “eraikinaren erabilera” atalean, atariko etxebizitza guztiez ari dela: “Eraikinaren erabilera berezkoa etxebizitzarena da, eta beheko solairuan lokal bat du. Ez da aldatzen”. Erabilera turistikoa ukatzen du, hortaz, 2021etik behintzat turistei alokatzen ari bada ere. Behean dokumentua:
Etxebizitza turistikoak
“Tirabira” izan dute departamentuak eta Luxuryk, enpresak Pintore kalean jabetzan duen atariarekin (4 etxebizitza lau solairutan), arduradunaren esanetan: “Luxuryk eraikin osorako proiektu bat aurkeztu zuelako kontzeptualki etxebizitza turistikoetarako zena, eta esan zitzaion, ‘ez, ez, niri etxebizitzak egin behar dizkidazu, gero borrokatuko zara ea etxebizitza turistikoak bilakatzea duzun edo ez”. Ordea, Pintore kaleko hirugarren solairuan departamentuak geldiarazita zituen obrentzako baimena eman berri diola dio, “etxebizitza izateko”, azpimarratu du, bestelako susmoa badute ere departamentuan: “Batzuekin eta besteekin hitz egiten dudanean, esaten dugu: ‘Edo promotoreak dira eta gero alokairuan jarriko dituzte, edo badago beste gauzaren bat. Baina usain txarra du’”. Bestelako susmoa ere badu arduradunak: “Lobby antzeko bat dagoela ematen du hor, Arabatur elkartearekin…”.
«Haserrea dago, lizentzia batzuk ematen ari garelako, jakinda atzean beste gauza batzuk egon daitezkeela»
Orduan, zergatik eman baimenak? Argi mintzatu da arduraduna: “Haserrea dago, lizentzia batzuk ematen ari garelako, jakinda atzean beste gauza batzuk egon daitezkeela. Baina guk, zentzu horretan, hotzak izan behar dugu. Niri etxebizitza bat berritzeko baimena eskatzen badidate, susmoa izan arren, ezin dut besterik egin. Beste gauza bat da ari badira etxebizitza turistikoak publikoki iragartzen [ARGIAk argitaratutako erreportaje honek frogatu duen gisan]. Ez dakidana da nola ez dituen Turismo Sailak harrapatu [Turismo Sailak ematen ditu etxebizitza turistikoen lizentziak]”.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!