Oztopoak-oztopo, mediku egoiliarrek txosten klinikoak euskaraz idatziko dituzte Gasteizko ospitaletan, Euskaraldiaren uholdia probestuta
Gasteizen lan egiten duten mediku egoiliar ugarik urrats txiki bat baina esanguratsua egingo dute datozen egunetan: gaixoei bideratutako txosten klinikoak euskaraz idazten hasiko dira. Osakidetzak baimena eman die hainbat zentrotan, baina trabak ere jaso dituzte. «Langileok gure aletxoa jartzen hasiak gara, bada garaia euskaldunok gure osasunaren jabe bihurtzeko».
Gasteizen kokatuta dauden Osakidetzako zentroetan lan egiten duten mediku egoiliar ugarik, euskaraz bizitzeko aukera egikaritzeko bidean aurrerapauso bat emateko hautua egin dute. Orokorrean, Osakidetzak gaztelania hutsean funtzionatu eta euskara txoko txiki batzuetara mugatua dagoela ikusten dute bai paziente, bai ikasle eta baita langileek ere. Hala eman dute jakitera Hala Bediri Gasteizko eta beste zenbait ospitaletako hainbat egoiliar euskaldunek helarazitako oharrean.
«Hizkuntzaren muga hau, gainera, ahozkotasunera mugatzen da, praktikara eta erregistroetara iristen ez den espazioetara, salbuespenak salbuespen», salatu dute. Euskarak Osakidetzaren erdigune izan behar lukeela uste dute hauek, bai egiten dituzten txosten eta idazkietan, eta baita ere kontratazio irizpide, formakuntza eta abarretan. «Euskara ezin da ekimen folkloriko hutsetara mugatu».
Euskaraldiak dakarren uholdeak probestuta, urrats txiki bat baina esanguratsua egingo dute datozen egunetan: gaixoei bideratutako txosten klinikoak euskaraz idazten hasiko dira zenbait ospitaletan. Jakinarazi dutenez, Osakidetzak horretarako baimena eman die zenbait zentrotan, baina baldintza konkretu batzuekin. «Langileok aurrera gindoazela ikusita, eta benetan euskal gizartearen beharrak interpretatuta, baimena eman digute prioritate edo larritasun maila baxuko kasuetan euskaraz idaztera».
Zentzu honetan, esker onez hartu dute txostenak egiteko baimena eman izana. Hala ere, txosten horiek euskaraz idatzi ahal izateko ez dizkietela baliabiderik eskaini azpimarrratu nahi izan dute: «Espainolez ditugun aurreidatziak euskaratzeko lana gure gain hartu behar dugu, baita zentro ezberdinetako lankideekin elkarlanean ekimena zabaltzeko ardura ere».
Oztopoak oztopo, aurrera doa ekimena, eta haien baimenarekin «baina laguntza gutxirekin», langileek hartua dute pazienteek behar duten «kalitatezko arreta» emateko pausua: «Langileok gure aletxoa jartzen hasiak gara, bada garaia euskaldunok gure osasunaren jabe bihurtzeko».
Hortaz, pazientegai, langile, eta euskal herritar orori gonbita luzatu diote bere osasun administrazioei bere arreta euskaraz eskaini eta komunikazio kliniko idatzia ere euskaraz emateko, elebideri eta norbere osasungintzako arduradunari (Osakidetza zein Osasunbideari) iradokizun, eskaera, edo kexa bideratuz. Aldi berean, euskaldun orori bere eskaera egikaritzeko aurrerapausoak emateko erronka luzatu dute, «ahozko ohiturez gain espazio ofizialak ere gureganatzeko».
«Euskaldunok ez gara bizitzeko baimena eskatzera etorri, eta euskaldunon herria eraikitzeko asmoarekin gaudela ikustekotan gaude».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!