Osasun publikoaren aldeko maiatzaren 22ko manifestaziorako erakunde ugariren atxikimendua iragarri dute
Osasunarekin lotutako zerbitzu publikoetako langile eta erabiltzaile batzuek osatutako plataformak asteak daramatza Arabako elkarteekin biltzen eta harremanetan jartzen sortze-manifestuarekiko atxikimenduak bilatzeko asmoz.
Maiatzaren 22an, 18:00etan, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da manifestazioa. Eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak, osasunarekin lotutako zerbitzu publikoetako langile eta erabiltzaile batzuek osatua, plazaratutako manifestua eta mobilizazioa erakunde ugariren atxikimendua jaso duela iragarri du. Izan ere, dagoeneko 33 erakunde, gaixo-elkarte, auzo-elkarte, guraso-elkarte eta gizarte mugimenduaren eragile atxikitzea lortu du.
Pandemia Gasteizera iritsi zenetik eta urtebete batera kaleratu dute manifestua, hain zuzen. Bertan adierazi dutenez, iaz Gasteiz azken hamarkadetako gertaera garrantzitsuenetako bat bizitzen hasi zen, haien hitzetan «Europako punturik beroenetako bat» bihurtuz COVID-19ren agerraldi baten ondorioz, «birusaren hedapenaren foku garrantzitsuena Txagorritxuko Ospitalea» izan zelarik.»
Ziurgabetasun une horietan, industria sektoreko enpresa batzorde batzuek edo Alde Zaharreko ostalarien erabakiak hartu zituzten eta ekoizpena geldituz eta tabernak ixteko erabakiarekin, une garrantzitsu hartan hiria eta bertako jendea zaindu zituztenak izan ziren», goraipatu dute. «Erakundeak ausartzen ez ziren edo hartu nahi ez zituzten muturreko neurriak» hartu behar zirela gogora ekarri, eta «Gasteizko herritarrak beren agintarien aurretik joan ziren», ohartu dute.
Eraberean, «ikusezin bihurtu zen ezinbesteko zainketa-lana» argitara atera zela nabarmendu dute, «eta auzotarrek sortutako ekimen solidarioek pertsona askori lagundu zieten».
Aldiz pandemiak zerbitzu sanitario eta soziosanitario publikoen egiturazko arazoak jada atzetik zetozela agerian utzi duela seinalatu dute, haien ustez, «kasu askotan, murrizketen ondorio; eta neurri horiek neurri handi batean baldintzatu dute Arabako pandemiaren kudeaketa».
Plataformarenustez, murrizketen ondorioetako bat «Arabako herritarrei ematen zaien osasun arretaren murrizketa» da, eta San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen itxiera 2019an «horren adibide bat besterik ez».
Lehen mailako arretaren egoera
Ekimenaren sustatzaileen ustez, Arabako lehen mailako arretaren egoera «oso kezkagarria da, eta eta pandemiak pixkanaka okerrera egiten duela baieztatu du».
«Aldi baterako itxierek eta telefono bidezko kontsulten ezarpen masiboak agerian utzi dute lehen mailako arreta kudeatzen dutenek ez dutela zuzeneko eta kalitatezko arreta emateko gaitasunik», gaitzetsi dute.
Arabako osasun mentaleko zerbitzuak
Manifestuaren arabera, Arabako osasun mentaleko zerbitzuak «modu aurreratuan eraistea tamalgarria da, azken hamarkadetan atomizazio eta pribatizazio prozesuen ondorioz». Izan ere, seinalatu dutenez, osasun mentalarekin lotutako zerbitzuak funtsezkoak dira pairatzen ari garen krisi larriaren aurrean, arazo psikologikoak eta psikiatrikoak areagotu besterik ez dutelako egin.
Pribatizazioa
Halaber, Osakidetzan, gizarte-zerbitzuetan eta zahar egoitzetan zerbitzu «ez-sanitarioak» (garbitegiak, telefonia, mantentze-lanak, sukaldea, garbiketa) enpresa pribatuaren esku geratzen ari direla salatu dute, «etekin ekonomikoa zerbitzuaren kalitatearen aurretik jartzen duena».
Baina pribatizazioa osasun-arlo guztietan ere agerian geratu dela eta Arabako osasun sistema publiko osoari eragiten diola ohartarazi dute, besteak beste «itxarote-zerrenden alternatiba gisa eta osasun-sistema publikotik etekinak lehenesten dituzten zerbitzu pribatuetara bideratuz».
Espazio soziosanitarioetan gabeziak
Azkenik, espazio soziosanitarioak «gabezia larriak» dituela adierazi dute. Manifestuan ageri denez, «osasunaren merkaturatzeak ondorio hilgarriak dituela sektore ahulenentzat; erakundeek bermatu behar dute adinekoen eta behar bereziak dituzten pertsonen ongizatea; zerbitzu publikoek bermatu behar dute kalitatea, unibertsaltasuna eta pertsonen baldintza duinak bermatuko dituen zaintza sistema bat».
Maiatzaren 22an, 18: 00etan, Bilbo Plazatik
Hori dela eta, manifestuan egoera «kezkagarria» seinalatzearekin batera, osasun sistema eta sare soziosanitario «publikoa, kalitatezkoa eta unibertsala» exijituko dute maiatzaren 22an, 18:00etan Bilbo plazatik irtengo den mobilizazioan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!