Mundu ikuskerak proposatze aldera
Izenburu horren pean hasi zen 2018an Tabakalerako zinema ziklo feminista. Gaur egun, Artiumekin elkarlanean antolatzen da, eta hilean behin eskaintzen diren filmek eta hauei buruzko hitzaurreek osatzen dute. Kanonetik kanpo gelditu diren emakume zuzendarien pelikulak ezagutzera ematea, eta historia berri posibleen proposamena egitea du helburu ekimenak. through Argia.eus | AINHOA GUTIÉRREZ DEL POZO
Azken boladan bueltaka darabilkigun galdera lotzen zaio, ezinbestean, programa honi. Finean, zer dute amankomunean ziklo honetako filmek? Eta zer zuzendariek? Seguraski, emakume izateari gizarteak ezarritako baldintzapean lan egin izana. Akaso, esperientzia antzekoak, zinema egiteko mugei dagozkienak. Ondorioz, gehiengoa zinemaren historia bakarretik kanpo gelditu izana. Horra begira dago izenburuko azken hitzaren plural marka: eskoletan ikasten den historia bakarra zeharkatzen duten beste ikuspegiei begira dagoena. Eta horretarako ezin aproposagoa genuke zinema, mundu ikuskerak emateko gaitasuna baitu.
Gai aldetik ildo bakarra dagoenik ez nuke esango. Esanguratsua da, zinemaren historian, gizonezko batek zuzendutako lehenengo fikziozko filma ilargiaren konkistari buruzkoa izan izana (Melièsen Voyage dans la Lune); emakumezko lehen fikzio-zuzendariak, Alice Guyk, aldiz, La Fée aux Choux zuzendu zuen. Azken honek ipuin frantses baten egokitzapena egiten du, azen artean maitagarri bat jarrita eszenan. Bien artean dagoen aldeak, bata umeentzako kontakizun batetik abiatua izateak eta bestea gizateriarentzako hain pauso handia izango zenaren istorioa izateak, gauza asko uzten ditu agerian, baina ez ditu gizonezkoen eta emakumezkoen gaiak betiko lotzen ez bereizten. Unibertsoaren konkista irudikatzen duten filmak egin nahi dituzuen emakumeak, mesedez, aurrera; egin itzazue. Norbere errealitatetik egindako filmek agerian uzten dute errealitate hori bera; aitzitik, horrek ez du esan nahi emakumetasunari lotutako filmak direnik, esentziaz horrelakorik balego bezala.
Berta Sichelek egindako galderara garamatza aurreko gogoetak: zentzurik ba al du generodun irudiez hitz egiteak? Eta ez du erantzun errazik.
Berta Sichelek egindako galderara garamatza aurreko gogoetak: zentzurik ba al du generodun irudiez hitz egiteak? Eta ez du erantzun errazik. Sara Millsek proposatzen zuen estereotipo femeninoak alde batera uztea, horrek lekarkeen emakumeen lanen homogeneizazioa ekidite aldera. Azken horrek “emakume” kategoria bera erabiltzea zalantzan jartzen zuen, naturala denaren normalizazioan kalte egingo zuelakoan. Erabaki politiko horrekin emakumezkoen lanen aniztasuna aldarrikatu nahi zuen, gai edo estilo jakin batera mugatuak ez zitezen izan. Bestalde, Griselda Pollockek gizonezkoen eta emakumezkoen obra ezberdina zela zioen, arrazak, klaseak eta sexu-joerak eragina baitzuen norberaren lanetan. Bi jarrera horiek ez dute zertan kontrajarriak egon; estrategikoa izan liteke “emakumezko zinema” terminoa alde batera uztea zapalkuntzak ez betikotze aldera, nahiz eta ulertu norberaren lan- eta bizi-baldintzen eragina.
Ezin uka liteke zinemagileek zinema egiten dutela artearen historia hegemonikoan oinarritutako testuinguruan. Bertan, rolak egonkortu dira gizonezkoen mesedetan: oro har, gizonezkoen lanak finantzatzen, erakusten eta saritzen dira. Emakumeak, ordea, gorputz-objektu gisa hartu dira, Errenazimenduko Urbinoko Venusaren eguneraketa etengabean. Gizonezko artista handien musak izatetik artistak bilakatzerako prozesuan, beraz, ezin da deskuiduan pasa gainean daramaten zama. “Emakumeen artea” edo “zinema” kategorizazio arriskutsuetatik haratago, gizarte patriarkal bat dago horren atzean, beraien ekoizpenak sailkatzen eta interpretatzen dituena. Tabakaleran eta Artiumen egindako zinema ziklo honek, aldiz, baieztatu egiten du emakumeek zuzendutako filmen aniztasuna eta konplexutasuna, tematika edo tratamendu bakarrera mugatu ezin dena.
1975. urtean Screen aldizkarian Laura Mulveyk Visual Pleasure and Narrative Cinema (Plazer bisuala eta zinema narratiboa) artikulu iraultzailea argitaratu zuen zinemaren teoria feminista betirako aldatuz. Lehenengo aldiz, psikoanalisiaren bidez aztertu zituen Hollywoodeko pelikulak eta ondorio bat atera zuen: filmak gizonezkoentzat eginak dira. Bi urte beranduago, Wollenekin batera, bere teoria zinematografikoa praktikara eraman zuen Riddles of the Sphinx (Esfingearen enigmak) saiakera-pelikula eginez. Mulveyk berak irekitzen du filma, ikusleari zuzenean hitz egiten eta pelikularen elementu guztiak azaltzen. Agian proposamen horren erantzun gisara, zinema feministaren zikloko proiekzioak eremu honekin zerikusia duten zinema zaleek aurkeztu dituzte, ikuslegoaren eta filmaren arteko bitartekaritzari garrantzia emanez.
Lehen aipatutako emakume zinegile aitzindari izan zen Alice Guyrekin hasi zuten zikloa, orain hiruzpalau urte, Madame a des envies (Madamek desirak ditu) obra proiektatuta. Argumentuak klasikoa zirudien hasieran: emakume haurdun bat gizonarekin paseoan; aitzitik, bere desirak asebete asmoz, janaria, alkohola eta tabakoa lapurtzeari ekiten dio ondoren, ama onaren irudia milaka zatitan hautsiz. Lau minutuko film laburra ikusgai dago Youtuben; ez dio zutik dirauen kanona hausteari utzi.
Maya Deren eta Vera Chytilováren lanak ere eskaini ziren zikloaren hasieran. Lehenengoaren At land (Lurrean) hondartza batean filmatutako lan esperimentala da; bertan, harreman eta gertaera ez-ohikoak bizi ditu zuzendariak berak kamera aurrean. Chytilováren Daisiesek (Bitxiloreak) era surrealistan gordetzen ditu bi emakumeren istorioak, zeinak gizonezkoei adarra jotzea duten helburu. Biek ala biek erakusten dute, finean, ohikoa den emakumetasun adeitsuaren beste aldea. Errealitatetik haratago eraikitzea ere helburu hartuta, Lizzie Bordenen Born in flames (Sugarretan jaioa) edo Cheryl Dunyeren The watermelon woman (Angurri emakumea) filmek emakume bollera eta afroamerikarren ikuspegitik azaltzen dituzte zientzia-fikziozko egoerak zein detektibe lanak. Azken horiek ere zikloaren baitan emanak izan dira.
Zinemak emakumearen eta unibertsoaren irudi bakar faltsua eraiki du, begirada maskulinotik. Hori borrokatzeko dira ezinbesteko film hauek, baita ziklo hau ere.
Tabakaleran egin zen Eskuak izeneko proiekzioan bost film labur jarri ziren harremanean, elkarrekiko perspektiba desberdinak eta helburu kontrajarriak zituztenak. Stella Simon eta Miklos Bandyren Hands: the Life and Loves of the Gentler Sex (Eskuak: bizitza eta sexu adeitsuagoaren maitasunak), Franciszka eta Stefan Themersonen Oko I Ucho, Ivonne Rainerren Hand Movie (Eskuko filma), Linda Christanellen Mouvement in the inside of my left hand (Mugimendua nire ezker eskuaren barruan) eta Valie Exporten Syntagma. Bost film laburrak elkarrekin proiektatzeak ikuskera ezberdinen arteko elkarrizketa sortzen zuen; batetik, arrazoia (eskua) era askotara ulertua zelako; bestetik, erabaki bakoitzak (azkazal gorriak, esku bakarra, askoren koreografiak…) testigantza eta istorio berriak sortzen zituelako.
Euskal Herrira begira jarrita, Mirentxu Loyarteren Euskal emakumeak lana ere izan da hautatua ziklo honetan. Egokia da oso obra honen aukeraketa, zeinak deia egiten digun bertakoari begira jar gaitezen. Film hau da Ikuska bildumaren baitan emakumezko batek zuzendutako bakarra; Antxon Ezeizaren koordinaziopean, 21 dokumental labur ekoiztu ziren garaiko Euskal Herria islatzea helburu, 70 eta 80. hamarkadetan. Emakumeak ere bazeudela jabetuta, Loyarteri proposatu zioten proiektuan parte hartzea, eta euskal emakumeen inguruko lana zuzendu zuen. Aldiz, ez dago emakumezkoen ikuskerarik seriea osatzen duten beste filmetan, kantagintzari, egoera politikoari edo hizkuntzari buruz ari direnetan.
Emandako adibideak ziklo osoan zehar emandako lanen lagin bat besterik ez dira. Landutako hamaika gaiek eta hartutako erabaki estetiko ezberdinek argi uzten dute emakumeen lanen homogeneizazio ezinezkoa. Zikloa horren baitan pentsatua izan denez gero, lan guztiek daukate harremana feminismoarekin, edo feminismoari bere ekarpena egiten diote bederen. Horretaz gain, halere, munduaren beste irudi bat emateko beharrezkoa den zinema eraikitzeko saiakerak ere badira. Zinemak emakumearen eta unibertsoaren irudi bakar faltsua eraiki du, begirada maskulinotik. Hori borrokatzeko dira ezinbesteko film hauek, baita ziklo hau ere. Pixkanaka, proiekzio espezifiko hauetatik atera eta esfera guztietara pasa daitezen, halako zikloak bidea izan daitezke.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!