Gasteizko Mugimendu Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu du, autodefentsa feministarako deia eginez
Gasteizko Mugimendu Feministak jaietarako eraso sexisten protokoloa aurkeztu du, autodefentsa feministarako deia eginez. Gasteizko Txosnekin, GEU elkartearekin eta hainbat tabernekin elkarbanatutako protokoloa da, 24 orduz salaketetarako telefonoa eskuragai izango duena: 688 74 44 11. Gasteizko Udalak urte guztian zehar kontutan izan ez dituela salatu dute.
Jaiak ate joka dauden honetan, Gasteizko Mugimendu Feministak jaietan ematen diren eraso sexisten aurrean diseinatutako protokoloa eman du jakitera. «Sexismoa jaien gozamenerako eta elkarbizitzarako oztopo edo problematika handienetako bat dela ulertzen dugu».
Mugimendu Feministatik argi ikusten dute eraso sexisten aurkako borroka egunero landu beharra dagoela, baina azken urteotan jaietan lanketa zehatza egiteko beharra ikusi dute. «Jendarte patriarkal eta kapitalista batean bizi garen heinean, jaiak balore horiek erreproduzitzeko espazio bilakatzen dira, egun indarrean dagoen jai ereduak jarrera zapaltzaileak biderkatu eta legitimatzen ditu eta gutxiengo baten gozamenerako diseinatua dago», adierazi dute Gasteizko erdialdean egindako agerraldian. Tetatina delakoak ere izan nahi dituzte hizpide: «Zapalduta gauden subjektuok gozamena horren tresna baino ez garenez, gure kontrako erasoak joku bilakatzen dira sarri. Gure hirian hain ezaguna den tetatinaren kontua horren adibide da».
Honi guztiari aurre egiteko, beharrezkotzat ikusi zuten ikuspegi feminista duen protokolo bat martxan jartzea. Protokolo honek hiru helburu nagusi izango ditu:
- Jendartean gaiaren inguruko kontzientzioa lantzea eta erasoen kontra egitea guztien ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea.
- Eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko, hainbat neurri zehatz martxan jartzea.
- Emakumeek* jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.
Aurten, erasoen kontrako protokoloa Gasteizko jaietan ez ezik auzoko jai gehienetan ere martxan izan dute, tokiko jai batzordeekin elkarlanean. Jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta aurrera eramango da hainbat guneetan: herri mugimenduarekin txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz plazan eta erdiguneko hainbat tabernetan.
Argitze aldera, eraso sexista bat hamaika forma har ditzakeen eraso bat dela zehaztu dute: sexu, genero, sexu aukera/identitate edota itxura fisikoari dagozkion heteronormatibitateak zehaztutako adierazpenak ez betetzearen ondorioz ematen dena. Iraingarria edo umiliagarria den edozein komentario, zein beste edozein hitzezko gehiegikeria, iseka, piropo, jazarpen etab, onartua eta adostua ez den edozein kontaktu fisiko erasotzat hartuko da.
Auto, defentsa eta feminista
Gaitzetsi dutenez, drogaren, jaiaren edota txantxen aitzakiarekin, erasotzaileen jarrerei larritasuna kentzen zaie, maiz, erasotuaren protesta, kexa eta salaketei legitimitatea kenduz: «Gure borondatea borroka anti sexistari bultzada eman eta pertsonak modu seguru, horizontal eta askean harremanduko diren espazioak sortzea da».
Espazio hauek bermatu ahal izateko, autodefentsa feministarako deia egin dute. «Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako. Defentsa, legitimitate osoa dugulako eraso ororen aurrean erantzuteko. Feminista, errora jotzen dugulako, harreman eredu berriak sortuz».
688 74 44 11, eraso sexisten aurkako telefonoa
Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki bat abiarazi du jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan diren horiei akonpainamendua egiteko. Jaietan ere telefonoa aktibo egongo da: 688 74 44 11. Bestalde, erasoak publikoki salatzeko jendarteratze bat deituko da erasoa eman eta hurrengo egunean, deialdia ez da kasu guztietan emango, kasuan kasu baizik.
Udalaren jarrera ere izan dute hizpide. Salatu dutenez, urte osoan zehar ez dira Mugimendu Feministarekin harremanetan jarri protokoloaren lanketa egiteko, ezta jaiei begira feministek dituzten proposamen eta neurriak zeintzuk diren ezagutzeko. «Udalari hitz gutxiago eta ekintza gehiago exijitu nahi dizkiogu, gai hau errotik lantzeko beharrezkoak eta errealak diren baliabideak eskaintzeko deia luzatuz».
Gainera, Gasteizko auzoetan protokoloa martxan jarri denean indar polizialek hartu duten jarrera kritikatu dute: «Gure hitza zalantzan jarri da, jai eredua aitzakiatzat joz erasoak legitimatu dituzte eta ez da inolako sentsibilizazio feministarik egon beraien ekinbidean. Poliziaren jarrera honekin bi aldiz erasotuak izaten ari gara».
Azken batean, protokolo feminista «ezinbestekoa» dela ulertzen dute Mugimendu Feministatik, «nahiz eta jakin gaur egungo errealitateari erantzuteko urgentziazko tresna baino ez dela». Gainera, abuztuaren 8an Egun Feminista ospatuko dute: pregoia, bazkaria, bingo musikatua, pantojismo tailerra eta ekitaldia egongo dira.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!