Makroproiektu industrialen aurka Arabako lurra defendatzeko manifestazioa deitu dute Gasteizen urriaren 23an
Makroproiektu industrialen aurka, Arabako landa eremua eta ingurune naturala defendatzeko manifestazioa deitu dute Gasteizen urriaren 23an. Manifestu bateratua egin dute AHT-rik EZ!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez! plataformek.
«Araba bizirik! Lurra defendatuko dugu!» lelopean, urriaren 23rako manifestazioa iragarri dute AHT-rik EZ!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez! plataformek. Manifestu bateratu batean salatu dute Arabako lurra arriskuan dagoela industria makroproiektuen eraginez eta, besteak beste, «abian dauden proiektuak gelditzea» eta «landa eta natura inguruneak babestea» eskatzen dute.
Azken urteetan, industria makroproiektuak tarteko, Arabako landa eremua eta ingurune naturala etengabeko erasoak jasaten ari dela salatu dute eragileek:
- Zentral eolikoak mendietan. Mendiak zatitu eta industrializatzeak bertako ekosistema eta bioaniztasuna kaltetuko luke. Ekosistema horien balioa ingurumen-eragile ugarik azpimarratu dute eta Foru Aldundiak berak, Mugarri Planarekin, baztertu zuen ustez eremu menditsuetan horrelako azpiegiturak jartzea.
- Megaparke fotovoltaikoak balio agrologiko handiko lurretan. Lekuko nekazaritza eta abeltzaintza arriskuan jartzen du megaparke fotovoltaikoak proiektatu dituzten lurretan eraikitzeak.
- Nekazaritza ekoizpen industriala eta intentsiboa areagotzea, elikadura sistema jasangarrien aldeko irizpide ororen aurka eginez.
- AHT-ak soilik erabiliko duen trenbide plataforma berriaren eraikuntza, egungo trenbidearekiko paralelo doana eta kalte natural, sozial eta ekonomiko neurrigabea dakarrena.
Manifestua sinatu duten eragileek salatu dutenez, proiektu horiek guztiak justifikatzeko, erakunde publiko zein enpresek «trantsizio energetikoa, energia berriztagarrien sustapena eta trenbideen azpiegituraren hobekuntza» darabiltzate ahotan, baina proiektu horien errealitatea bestelakoa da: arriskuan jartzen dituzte bai landa ingurunea (bertako bizimodua, lurralde-subiranotasuna eta nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarria), bai eta ingurune naturala ere (natura eremuen kontserbazioa, biodibertsitatea eta mendien jabetza publikoa).
Ustezko argudio sozial horiek aitzakia bestetik ez dira diru publikoa eta Europatik datozen diru-laguntzak eskuratzeko: «funts horien bidez, multinazional handiek, erakunde publikoen laguntzarekin, ahalik eta etekin handiagoa lortu nahi dute ahalik eta denbora laburrenean».
Gauzak horrela, lurraren defentsan indarrak batzeko deia egin dute eragileek, eta honakoa eskatzen dute:
- Abian dauden proiektuak geldi daitezela eta Lurralde Plan Sektorialak garatu daitezela, biodibertsitatea babestuko dutenak. Izan ere, lurraldea antolatzeko planik ez dagoenez, edozein kokaleku aukera dezakete transnazionalek.
- Energia ekoizteko zentralak mendi eta nekazaritza lurretan eraikitzeko debekua.
- Deskarbonizazioan eta berriztagarritasunean oinarrituko den energia eredua, soziala eta biodibertsitatea errespetatuko duena.
- Landa eremuetako herrien eta kontzejuen subiranotasuna eta bertako bizimodua, naturarekin sinbiosian, defendatzea.
- AHT-a geldiaraztea eta tren sozialaren alde egitea.
- Landa eremua multinazionalen interesetatik babestea, zentral fotovoltaikoak nekazal baliorik gabeko lurretan kokatuz.
- Oro har, landa eta natura inguruneak babestea, herri zein hirietako pertsona ororen ondarea direlako, eta inola ere ez multinazionalak aberasteko bitarteko.
Urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu dute eragileek, guztion indarrak batuz Arabako lurrak defenda ditzagun.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!