Lorezainaren egunerokoa
Okupatu aurreko kanpainatik gaur eguneraino, belaunaldi zahar eta gazteek bizitakoa bildu dute ‘Gasteizko Gaztetxea 30 urte’ liburuan. Barne mailako lanak, diskurtsoak, zein auzokideekin eta herrigintzarekin batera landutakoak jaso dituzte testu, marrazki eta argazkiez osatutako lanean.
Alea.eus bidez
Apezpikuarena zen gaur egungo Gasteizko Gaztetxearen jabetza. Elizarena izan arren, lorezainak zaintzen zuen. Ateari emandako lehenengo ostikotik 30 urte igaro direnean, zaila zen imajinatzea lehenengo gaztetxeroek XXI. mendean jaio direnekin batera eguneroko bat idatziko zutenik: Gasteizko Gaztetxea 30 urte liburua. Leire Martinez de Marigorta (Gasteiz, 1994) eta Dani Vazquez (Gasteiz,1976) proiektuaren parte izan dira, baina ez protagonistak. Izan ere, «hau ez da autobiografia bat, hau komungrafia bat da».
«Eskailera honek bai merezi duela saria”, esan diote elkarri bilera-gelan sartu aurretik. Asanbladetako tabako ketik eta garagardo katxietatik urrun, ondo eta txarto egindakoak dituzte gogoan. Vazquezek bertan eraiki nahi zuten sukaldea aipatu dio gazteenari. Martinez de Marigortak haiek ere lortu ez dutela erantzun dio. Erdibidean geratu den proiektuetako bat da sukaldea, liburuan bildu dutena. «Nolakoa litzateke etxe hau fundamentuzko sukalde batekin?». Airean gelditu da galdera.
Liburuaren ideia 25. urtemugan hasi zen. Talde bat sortu, hori desagertu, berri bat… «Estilo gaztetxeroan», dio Martinez de Marigortak irrifartsu. Ez dakite zenbat lagun egon diren liburuaren atzean. «Zortzi bat zuzentzaile, 15 itzultzaile, sei ilustratzaile…». Asko eta belaunaldi ezberdinetakoak.
Vazquezek harrituta kontatzen du nola topatu zituzten aktak, argazki bildumak… Hainbeste baliabiderekin, nork esango zuen 350 orrialdetako liburu bat idatziko zutenik. Hala ere, zintzoak dira, asko laburtu behar izan dute: «Mila istoriotxo daude baina oreka bat bilatu dugu, zer kontatu eta jendeak zer irakurri nahi duenaren artean”.
Belaunaldi ezberdinetako Gaztetxeko kideen artean biltzeko parada ere izan da liburua. «Aurkezpena prestatzeko edo elkarrizketak egiteko aitzakiarekin beste belaunaldi batzuek Gaztetxea nola bizi duten ikusi dugu», dio nagusienak. Izan ere, liburua ez da soilik etxe sorginduaren historia, «gaztetxerook aurrera eraman dugun bizitza baizik».
Euskara, «modu naturalean»
Vazquez Gaztetxeko asanbladan sartu zen urte berean jaio zen Martinez de Marigorta. Lehenengoaren bilera horietan ez zen apenas euskara erabiltzen. Baina IKA euskaltegiko irakasleak sartu ziren 90. hamarkadaren amaieran, eta euskarak leku gehiago hartu zuen etxeko egunerokoan: «Aldaketa handia eta azkarra izan zen». Bigarrenak, ordea, ia euskara hutsean egiten ditu asanbladak. «Ez beti, ordea», onartu du.
Liburua euskara hutsean idatzita dago. Tarte batzuk literalki gaztelaniaz idatzi dituzte, baina «naturalagoa» iruditu zaien hizkuntza baliatu dute gehienbat. Hala ere, baliteke gaztelaniaz ere beste edizio bat ateratzea. «Bost urte baino gehiago behar izan ditugu hau amaitzeko… Lasai, beraz».
Kuadrilla guztiarekin batera sartu zen Vazquez asanbladan, «bloke» baten moduan. «Naturaltasunez eta lasaitasunez» gogoratu ditu erreleboaren aste horiek. Bilerak tabernan ziren, biribilean, ez goiko solairuan. Horrek, akaso, belaunaldien artean hurbiltzea erraztu zuela uste du.
Martinez de Marigortak hitz horiek entzuterakoan jakin du asanbladak tabernan egin zirela orain dela 20 urte. Honek ere kide berriak muinoko etxera nola hurbildu diren du gogoan: behar bezala kasu ez egiteak hauek berriro ez bueltatzea eragin duela uste du. «Atentzioa deitu genion geure buruari».
Erreleboak-errelebo, hanka-sartzeak ere egon dira 30 urte hauetan. Martinez de Marigortak ezin du bat aukeratu, baina liburuan agertzen diren guztiak edozein eragilerentzako baliagarriak izan daitezkeela uste du.
Sentimendu ‘gaztetxeroa’
«Bi hitz horiek nahikoak dira liburu osoa definitzeko». Vazquezek ez daki nola definitu «sentimendu gaztetxeroa», baina «barruan sartuta» dauka oraindik. Liburua aitzaki, orduak eman ditu azkenaldian bertan eta «etxean bezala» sentitu da.
25 urte Probatu ez duenak ez daki zer den hau dokumentalean «balore-eskola» bat bezala definitzen du etxea beste kide batek. Gure gonbidatuei balore horiek hitzekin azaltzea zaila zaie, baina garapen pertsonala Gaztetxeari zor diola dio beteranoenak. Martinez de Marigortari motz geratu zaio balore-eskola: «Hemen ikasitakoa zure egunerokoan baliatu dezakezu, modu praktikoan zein teorikoan».
Liburua Gasteizko hainbat dendatan –Zuloa, Zapateneo, Hala Bedi Taberna…–, eta Agurain, Araia, Laudio edo Bastidan eros daiteke. Eta Gaztetxeko webgunetik ere dohainik jaitsi daiteke.
Dokumentala 25. urteurrenean, liburua 2018an… Hurrengo proiektua zein izango den galdetuta, erantzunik ez; bilera-gelatik pasa den beste gaztetxero ohi batek, bai ordea: «Behin-betiko toldoa».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!