Lander Garcia: «Gasteizko Udalak frankismoa eztitzen duen tesia erosi du»
Gasteizko alkateak ez dizkie dominak eta kale-izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei. «Eskandalutzat» jo du iragarpena Frankismoaren krimenen aurkako plataformak.
Alea.eus bidez / Itsaso Estarrona
Kendu ez, baizik eta testuinguruan jarriko ditu frankistei emandako kale-izenak eta dominak Gasteizko Udalak. Hala aurreikusten du Gorka Urtaran alkateak aurkeztu berri duen Memoria Historikoaren Planak. «Asaldagarria». Hitz horrekin erantzun du Frankismoaren krimenen aurkako plataformak. Zergatia azaldu dio aleari Lander Garcia Rodrigok (Gasteiz, 1977).
Udalak ez ditu alkate eta gotzain frankisten kale-izenak aldatuko. Horren ordez, testuinguruan jarriko ditu. Zer iruditzen zaizue?
Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideok Udalari Memoriaren Plan bat egitea proposatu genionean, gure helburua zen frankismoaren biktimen eskubideen alde egitea; hau da, egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikatzeko eskubideen alde egitea. Ezin diegu arduradun frankistei kale-izenen ohorea eman. Izen horiek aldatu behar ditugu, beste toki batzuetan egin duten bezala.
Zer beste tokitan aldatu dituzte?
Bilbon bertan; eta kontuan izan Gasteizen gobernatzen duen alderdi berak kudeatzen duela hango Udala [EAJk]. Hemen ere, frankisten kale-izenak ezabatu beharko genituzke, eta horri zentzu politiko eta pedagogikoa eman. Aldiz, Udalaren memoria-lantaldean [plataformak eta talde politikoek osatuta] ez genuen lortu horren inguruko erabateko adostasunik, eta beste aukera bat jarri zen mahai-gainean: kale-izen horiek testuinguruan jartzearena. Lehenengo urrats moduan, hori onartzeko prest gaude plataformako kideok, ondo zehazten badugu zer idatziko dugun testuinguru horretan.
Beraz, prest zaudete kaleen izenak testuinguruan jartzeko, baldintza batzuk betetzen baditu Udalak. Zeintzuk, bada?
Irizpide amankomuna proposatu dugu kale-izenentzat, oroimen-lekuentzat eta ikur frankista zehatz batzuentzat. Hiru ideia adierazi behar ditugula uste dugu. Bat: frankismoa giza eskubideak urratu zituen diktadura izan zen. Bi: diktadura horretan (1936-1978), ehunka gasteiztarrek jazarpen politikoa jasan zuten, eta pertsona horiek ideologia politiko zehatzak zituzten; errepublikanoak, anarkistak, sozialistak edo abertzaleak ziren. Alegia: diktadura horrek ideologia zehatz batzuetako pertsonak bortizki jazarri zituen hamarkadatan zehar. Ehunka gasteiztarrek pairatu zituzten kartzela-zigorrak, torturak eta fusilamenduak. Errespetu handiz ekarri behar dugu gogora haien identitate politikoa. Eta hiru: Eliza katolikoaren hierarkiak diktadura hori babestu zuen. Argi eta garbi geratu behar da hierarkia katolikoaren eginkizuna, baldin eta Memoriaren Planaren helburua jatorriko bera baldin bada: pedagogia demokratikoa egitea.
Dominekin, kaleekin bezala egingo du Udalak: kendu ez, baizik eta testuinguruan jarri.
Hala da. Plataformatik, frankistei dominak kentzea proposatu genuen hasieratik, eta memoria-lantaldean ez zen desadostasunik egon horren inguruan. Guztiok ulertzen genuen gaur egun pentsaezina dela frankista batek urrezko domina bat izatea. Diktaduran ardurak izandako pertsonei buruz ari gara; zehazki, apezpiku frankista eta alkate frankistei buruz. Ardura horiek ez zitzaizkien loterian tokatu; giza-eskubideak urratu zituen diktadura batean izan zituzten.
Txosten tekniko batean oinarritu da Udala, domina horiek mantentzeko…
Bai, txosten ustez tekniko batean oinarritu du haren erabakia. Lan horrek ez du frankismoa diktadura bat bezala azaltzen, baizik eta denbora bat bezala; denbora horretan kokatzen ditu dominak eta kale-izenak dituzten pertsonak, giza-eskubideen urraketekin lotu gabe.
«Eskandalagarria» hitza erabili duzue…
Asaldagarria da. Diktadura frankistan ardurak izan zituztenei dominak mantentzen badizkiegu, biktimen eskubideen alde ez, baizik eta guztiz kontrako norabidean goaz: txosten batekin justifikatzen ditugu domina horiek! Larria da.
Frankismoa goratzeagatik ez: beste arrazoi batzuengatik jaso dituzte ohoreak zenbait lagunek; besteak beste, industrializazioan, margolaritzan, literaturan edo jaietan egindako ekarpenengatik. Hori da Udalak darabilen txostenaren tesia.
Hala dio txostenak, baina begira: guri berdin zaigu zer kolore gustuko zuten pertsona horiek, edo zer musika-tresna jotzen zuten. Halakoek ez dute inporta, gure helburua baldin bada frankismoa deslegitimatzea. Zaharra da Gasteizko Udalak txosten horrekin erosi duen tesia: frankismoa eztitzearena. Txostenaren arabera, jendeari garai historiko batean bizitzea tokatu zitzaion, bakoitzak ahal zuena egin zuen eta orain ezin ditugu epaitu… Mesedez! Giza eskubideak urratu zituen diktadura bati buruz ari gara. Udalak tesi edulkoratzaile zahar hori erosi du eta 1977an jarri gaitu berriz.
Txostenaren egilearekin hitz egin duzue?
Bai, haren tesia defendatzera etorri zen aurkezpen-bilerara. Ez gintuen harritu: bagenekien badaudela historiagile batzuk, sektore politiko batzuk eta komunikabide batzuk frankismoa justifikatu edo leuntzen dutenak, seguruenik 78ko erregimena mantentzeko. Izan ere, guk beti esan dugu ez zela diktadurarekin hausturarik egon, eta horrek kolokan jartzen duela gaur egungo sistema. Ez da hori harritu gaituena: Udalak tesi hori erosi izana da zur eta lur utzi gaituena.
Ikur frankista batzuk mantentzearen alde zaudete, horiek seinaleztatuta…
Helburua da biktimen oroimena gogora ekartzea eta frankismoa deslegitimatzea, eta, zentzu horretan, eraginkorragoa da ikur jakin batzuk mantentzea eta ondo seinaleztatzea, aurretik aipatutako hiru ideiak adieraziz. Adibidez, Katedral Berria Frankok inauguratu zuen 1969an, hierarkia katolikoak babestuta. Hierarkia katolikoaren babes horren seinale da Katedral barruan dagoen armarri frankista…
Zaila dirudi Katedralaren barruan plaka bat jartzea, esanez hierarkia katolikoak frankismoa babestu zuela…
Kanpoan jarriko genuke. Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideok beste herrialde batzuetako politika publikoak aztertu ditugu, eta, besteak beste, ikusi dugu Uruguain memoriaren marka izeneko ikurra sortu zutela, diktadurarekin zerikusia zuten tokiak eta ikurrak seinaleztatzeko. Ideia hori Gasteizera ekarri, memoriaren marka izeneko ikur bat sortu dugu guk ere, Iñigo Arregi eskultoreak diseinatuta. Gure helburua da marka hori jartzea, bai ikur frankistak dauden tokietan, baita bestelako oroimen-tokietan ere (kartzelak edo fusilamendu tokiak egon ziren lekuak, adibidez). Dagoeneko lehenengo marka jarri dugu…
Ah, bai? Non?
Bitxia da… Gasteizerako sortutako memoriaren marka Murgian jarri dugu lehen aldiz. Bertan kontzentrazio esparru bat egon zen, eta Udala gure plataformarekin harremanetan jarri zen toki hori seinaleztatzeko eta bertan gertatutakoa azaltzeko. Markaren ideia gustatu zitzaien, eta han dago orain lehenengo memoriaren marka.
Gasteizen ere jarriko dituzue, ezta?
Bai, lau oroimen-leku seinaleztatuko ditu Udalak, lantaldeak egindako lanetik abiatuta: Santa Isabel hilerria, bertan egin zituzten fusilamenduengatik; Bake kalea, kartzela egon zen tokian; Sagrado Corazon ikastetxea, emakumeen espetxe izan zelako; eta Karmeldarren komentua, hori ere kartzela bezala erabili zutelako. Badirudi Udalak bere hitza beteko duela eta toki horiek seinaleztatuko dituela, baina orain gure kezka da zer jarriko duen seinale horietan. Berriz ere, aipatutako hiru puntu horiek proposatzen ditugu.
Egunotan Martxoaren 3ko filma grabatzen ari dira. Zer paper izan du sarraski horren inguruko mugimendu sozial eta politikoak biktimen aldeko borroka orokorrean?
Paradigma berezi bat eman da martxoaren 3aren inguruan: gertatutakoa hain basatia izan zenez, Gasteizen inor ez baita ausartzen esatera trantsizioa baketsua eta eredugarria izan zela. Gertaera haien ondorioz, trantsizioari buruzko irakurketa kritiko bat errotu da hirian, eta kolokan jartzen dugu inpunitatearen gainean sortutako gaur egungo sistema. Aldiz, argi dugun arren zer suposatu zuen 76ko errepresioak, ez dirudi hain barneratuta dugunik frankismoak zer errepresio ekarri zuen. Frankismoan Gasteizen lasai bizi zenaren ideia dugu. Ahazten dugu zenbat hildako egon ziren; zenbateko errepresioa egon zen.
Nazioarteko ikuspegi batetik, zer ezaugarri ditu hemen memoriaren esparruan instituzioak egiten ari diren (eta ez diren) lana?
Hemen ez ditugu betetzen nazioarteko estandarrak, giza eskubideen alorrean. Faxismoak irabazi zuen, 40 urtetako diktadura bat ezarri zuen, eta gero ez dugu diktadura horretako egiturekin moztu. Hori ez da beste inon gertatu, eta dena baldintzatzen du. Espainiako senatuan busto bat dago Manuel Fragarenam, frankismoaren ministro izandakoa eta Martxoaren 3ko erantzuleetako bat…
Fragak senatuan bustoa duela diozu… Gasteizen domina bat du Martxoaren 3ko sarraskia egin zutenean gotzaina zena, Francisco Peralta…
Ulertezina da hori Nazioartean. Espainian, 100.000 desagertu baino gehiago daude. Kanbodiaren ondoren, desagertu gehien dituen bigarren estatua da Espainia, eta ez du inolako politika publikorik hori konpontzeko. Jendeak crowfundingak egiten ditu bere senideen gorputzak aurkitzeko. Tokiko erakundeak gauza batzuk zuzentzen ari dira, baina argazki orokorra jasanezina da.
Zu zeu frankismoaren biktimen senide zara. Zelakoa da etxe-barruko lana?
Nire familiak bortizki pairatu zuen errepresioa. Aitonak urte asko eman zituen kartzelan, eta esklabu egon zen Kanarietan, Teideko errepidea egiten; birraitona Gasteizko bere lantegian bahitu zuten eta Trebiñun hil zuten. Osaba zaharrak, kartzelan zegoela, Ezkabako gotorlekuko ihesaldian parte hartu zuen, eta Guardia Zibilak hil zuela uste dugu. Edonola ere, hau ez da etxe barruko arazo bat: esfera publikoan kokatu behar dugu, eta dagokion izaera politikoa eman. Nire familiak bortizkeria jasan zuen faxismoaren aurka egindako borroka politikoagatik. Borroka horretan, katearen hurrengo katebegia gara. Guk behintzat horrela ulertzen dugu memoria: kate baten moduan. Orain guri tokatzen zaigu borrokatzea, aurretik beste batzuek egin zuten bezala, eta etorriko direnek egin beharko duten bezala. Borroka horiek guztiak lotzen dituen haria da memoria.
Memoriaren plana, labetik atera berria
Ia lau urteko ibilbide baten ondoren aurkeztu du Gasteizko Udalak Memoria Historikoaren Plana; izan ere, 2014an hasi zen gaia lantzen Frankismoaren krimenen aurkako plataformak proposatuta, talde politiko guztiekin batera osatutako lantaldean. Bi urteko jarduna eta itxaronaldi luze baten ondoren, joan den urriaren 9an plana aurkeztu zuen Gorka Urtaran alkateak, txosten berri batean oinarrituta –Virginia Lopez de Maturana historiagileak sinatuta–. Neurrien artean, hauek proposatu ditu: oroimenaren ibilbide bat, biktimen errolda ofizial bat, frankismoaren biktimen omenezko ekitaldia martxoaren 31n (hain justu, Teodoro Gonzalez de Zarate alkate errepublikarra fusilatu zuten eguna) eta frankismoarekin lotutako pertsonei emandako kale-izenak eta dominak kendu ez, baizik eta testuinguruan jartzea.
Ikur frankistak eta ohoreak
Ikurrak: Olarizuko gurutzea, Katedral berriko armarria, Espainiako gobernuaren azpiordezkaritzaren ezkutua.
Dominak: Jose Maria Diaz de Mendibil (Diputazioko presidentea, 1930); Luis Ibarra Landete (Gasteizko alkatea, 1957); Francisco Peralta (Gasteizko gotzaina, 1955-1978); Faustino Ortiz de Zarate (dibisio urdineko kidea). Azken horri, Udalak domina kendu egingo dio, diktadura gorestea beste asmorik gabe eman ziotela ondorioztatu duelako.
Kaleak: Obispo Ballester, (gotzaina, 1943-49); Bueno Monreal (gotzaina, 1950-54); Jose Lejarreta (Gasteizko alkatea, 1941-44); Pedro Orbea (Gasteizko alkatea, 1949-51), Vicente Abreu (Diputazioko presidentea,1936-43), Luis Maria Uriarte (Diputazioko presidenteordea).
Oroimenaren tokiak: Santa Isabel hilerria (fusilamendu-tokia); Karmeldarren komentua (atxiloketa-gunea); Sagrado Corazon ikastetxea (emakumeentzako kartzela); eta La Paz kaleko espetxea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!