Laminaciones Arregui, hamahiru urte hitzarmena berritu gabe
Bi orduko lanuzte batekin mobilizazioei ekin diete Laminaciones Arreguiko langileek. 2009an iraungitako hitzarmena berritzeko negoziazioa exijitu dute, lan baldintzak duintzeko eta soldatak eguneratzeko. through Alea.eus
2006. urtean sinatu zen azken hitzarmena Laminaciones Arregui – Celsa Atlantic enpresan, eta haren indarraldia 2009an iraungi zen; hau da, duela hamahiru urte dagoeneko. 2012an, zuzendaritza metalaren hitzarmena aplikatzen saiatu zen, baina langileek uko egin zioten, eta Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak iraungitako hitzarmena eragin mugagabean zegoela ebatzi zuen.
Orduz geroztik, urte gatazkatsuak bizi izan dira enpresaren barruan, eta, besteak beste, jazarpen sindikala eta grebarako eskubidearen urratzea gertatu direla adierazi dute auzitegiek. Hamar urte hauetan, lau EEE ezarri ditu zuzendaritzak, kaleratze kolektiboak gauzatzeko asmoz, baina auzitegiek atzera bota dituzte denak; horrez gain, sei ABLEE aplikatu dira, eta horietako azkena, gaur egun indarrean dagoena, epaiketaren zain dago.
«Argi dago ABLEEn aplikazioarekin, langileak enpresa finantzatzen aritu direla langabezia prestazioen bidez», salatu du LAB sindikatuak, enpresa batzordearen izenean. «Gainera, 2009az geroztik soldatak izozteak dakarren erosahalmen galera izugarria izan da. Hori ez ezik, 2006. urteko hitzarmena erabat zaharkituta dago, eta puntu batzuk ditu, hala nola baimen ordainduak, Langileen Estatututik behera ordainduta daudenak».
Azken urteetan, langileen ordezkariek «etengabe» eskatu diote enpresari hitzarmena ordezkatzeko negoziazioari ekitea, eta 2021, 2022 eta 2023 urteetan jasango diren inflazioekin «egoera bereziki larria» dela ohartarazi dute. «Urteetan zehar langileria izan da karga jasan duena, orain inoiz baino gehiago; baldintza duinekin eta soldata eguneratze onargarriarekin konpentsatzeko garaia da».
Sindikatuen ustez, enpresaren azken proposamenak «aurrez eskainitakoa okertu egin du». Batzarrean eztabaidatu eta eskaintza baztertu ondoren, negoziazioekin jarraitzeko beste data bat eskatu zuten; baina ez dute erantzunik jaso.
Beraz, langileek adiskidetze-topaketa bat eskatzea erabaki dute, eta gaur aurkeztu dute PRECOren egoitzan. Horrekin batera, bi orduko lanuztea eta elkarretaratze bat egin du plantillaren gehiengoak, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean. «Aldian-aldian» lanuzteekin jarraituko dutela ohartarazi dute langileek, egoera bideratu ezean: «Enpresak gaurko keinua har dezala etor litekeenaren abisu gisa, baldin eta behingoz ez badira serio hartzen hitzarmena berritzeko negoziazioak, langileek hainbeste merezi eta behar dituztenak».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!