Kurdistaneko eguzkia Europa argitzen, martxa luze baten kronika
Maialen Kortabarriak eta Igarki de Roblesek Oçalanen Aldeko Nazioarteko Martxa Luzean hartu dute parte. Behin Araban, hamaika egun luzeetan jasotako edukiak laburbildu dituzte, albistean txertatu dugun argazki galeria batekin osatuz.
Otsailaren 1ean hasi zen Öcalanen aldeko Martxa Internazional Luzea Otsailaren 11n iritsi zen helmugara. Luxenburgon dagoen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean prentsaurreko batekin hasi eta Estrasburgon manifestazio erraldoi batekin amaitu zen. 10 egunetan zehar Alemania zein Frantziako hainbat herri igaro zituen Öcalanen askatasuna eta Kurdistanentzat estatus politikoa eskatzen zituen Lehen Martxa Internazional Luzeak.
Mugimendu kurduak urteak badaramatza ere honelako martxak antolatzen, aurtengoa izan da kide internazionalista militante ezberdinak batu dituen aurreneko martxa. Besteak beste Frantzia, Alemania, Uruguai, Argentina, Andaluzia, Madril, Herrialde Katalanak, Italia, Bretainia zein Euskal Herriko (orotara 19 nazionalitate ezberdin) 80 kide internazionalista izan dira herri kurduarekin elkartasunean mobilizazio honetara batu direnak.
Kurdistanentzat estatus politikoa eta preso politikoentzat askatasuna eskatzea izan dira martxako bi aldarrikapen nagusiak. Bereziki Öcalanen askatasuna eskatzea, bera baita herri kurduaren erresistentzia irudikatzen duen ikurra eta herri kurduak aurrera daramatzan planteamendu ezberdinen sustatzaile eta bultzatzailea. Mugimendu kurduaren erreferente ideologikoa dela esan genezake, konplot internazional baten ondorioz 1999tik Imraliko espetxe-uhartean bakarturik daukaten arren, herri kurduarentzat aterabide errealista, askatzaile eta iraultzailea proposatu baititu.
Konfederalismo Demokratikoa barrutik ezagutzen
Dena ez da izan Luxenburgo eta Estrasburgo banatzen duen bidea igarotzea, martxan zehar hainbat formakuntza jasotzeko aukera egon zen; “Egiaren erregimena”-ren inguruko hitzaldi bat (Öcalanek proposatutako oinarri filosofikoak landu zituena), “Rojavako Iraultza” (azken urteetan Rojavan aurrera daramaten Konfederalismo Demokratikoa landu zuena) eta “Jineoloji” (emakumearen zientzia), besteak beste. Formakuntza politiko zein ideologikoaz gain, ezagupen kulturalak ere izan ditugu familia kurdu abertzaleen (welatparez) eskutik.
Mugimendu kurduaren antolaketan oinarrituz, alde batetik, komunetan antolatzen zen martxa bera eta beste alde batetik, tekmil izena duen kritika-autokritika asanbladak egin izan dira egunero, egunean zehar jazotako gertaerak baloratzeko (eta hala behar bada, hobetzeko) helburuarekin.
Emakumea, bizitza, askatasuna; emakumeak lehen-lerroan
Azpimarratu beharreko beste gai bat emakumeak borroka kurduan jokatzen duen paper berezi eta ezinbestekoa da. Esfortzu handiz lortutako abangoardian kokatu dira emakume kurduak, eta borroka antifaxista eta antipatriarkarraren irudi dira Rojavan egindako lanari esker, besteak beste. Azken urteetan, bizitza ulertzeko ikuspegi iraultzaile bat zabaltzeko izugarrizko lana daramate aurrera “Jineoloji” izeneko zientziaren bitartez. Honen erakusgarri izan daitezke antolakundeetan darabilten “kopresidentzia”, ezin erabakirik hartzea emakumeak ez dauden marko politikoetan edota antolakunde ez-mistoek hartu duten indar eta emankortasuna. Honen lekuko izan da Europan zehar egindako martxa ere, izan ere, emakumeak izan dira uneoro martxaren burua, eta emakumeen autodefentsa lantzeko asanbladak egin baitira.
Eskuin muturreko turkiarren probokazioak eta mehatxuak
Hala ere, martxa ez da uneoro lasaia izan. Eskuin muturreko turkiar faxista zenbaten eskutik hainbat eraso jaso ditu martxak. “Otso Grisen”1 zein AKP-ren2 zeinuak eginez probokatu dute martxa behin baino gehiagotan. Nolanahi ere, eraso bortitzagoak egiteko asmoa erakutsi zuten turkiar faxistek. 7. gauean polizia frantsesaren erabakiz polikiroldegi batean setiatuta geratu zen martxa. 9. egunean, berriz, goizean jazotako istilu batzuen harira polizia frantses eta militarrak martxako 2 kide atxilo eraman zituen, eta egun zein gau osoan zehar luzatu ziren turkiar ultraeskuindarrengandik jasotako erasoak.
Estrasburgo: herri kurduaren duintasunaren erakusgarria
Dena den, martxak bere ibilbidea jarraitu zuen eta Otsailaren 11an Estrasburgora iritsi zen aurrez planifikatu bezala. Bertan, Manheim hiritik irtendako beste martxa batekin elkartu zen Martxa Internazional Luzea. 20.000 pertsona inguru batu zituen manifestazioari kide internazionalistek eman zioten hasiera, betiere emakumeak izanda manifestazioaren burua. “Biji serok Apo” (Gora Apo3 buruzagia), “Jin, jiyan, azadi” (emakumea, bizitza, askatasuna), “Solution politique pour le Kurdistan” (konponbide politikoa Kurdistanentzat), “vive la résistance internationale” (gora erresistentzia internazionala) bezalako oihuak entzun ahal izan ziren egun guztian zehar. Manifestazio amaieran internazionalistek hitza hartu, eta herri kurduari elkartasun eta babesa helarazteko mezuak zabaldu zituzten. Tartean Euskal Herriak bere elkartasuna eta bi herrien arteko ahizpatasuna adierazi zituen. Indar erakustaldi honen ondoren borrokan jarraituko du herri kurduak gizartea eraldatu eta askatasuna lortu bitartean. Bide horretan, argi geratu da herri kurdua ez dagoela bakarrik. Mendeetan zehar jopuntuan egon den herriaren borrokak ez du etenik, eta erresistentziaz jarraituko du zapalkuntzen aurrean.
1. Turkiako ultraeskuinako talde paramilitarra. MHP alderdi nazionalistarekin harreman estuak ditu eta bere ekintzen artean mugimendu kurduko kideak erailtzea dago.
2. Turkiako gobernuburu den Erdoganen alderdia.
3.Abdullah Öcalanen ezizena.
Argazki galeria: OÇALANEN ALDEKO NAZIOARTEKO MARTXA LUZEA
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!