Kuartango Arkamuko parke eolikoaren aurka agertu da, baina Agurainek Iturrietakoa babestu du
Dagoeneko 30 kontzeju inguru agertu dira parke eolikoen aurka eta, astelehen honetan, Kuartangoko Udaleko osoko bilkura Arkamuko proiektuaren aurka agertu da. Agurainen, berriz, gehiengoa agertu da Iturrietako Mendietako proiektuaren alde. through Alea.eus
Parke eolikoen eztabaida pil-pilean dago Arabako udalerri eta kontzejuetan, eta azken asteetan 30 kontzeju inguru agertu dira proiektu horien aurka.
Arabako Mendiak Aske plataformak argitaratutako zerrendaren arabera, Iruraiz-Gaunako Udalaz gain, gutxienez Gereñu, Erroeta, Trokoniz, Jauregi, Opakua, Egileor, Alaitza, Gazeo, Arrizala, Egilaz, Alangua, Bikuña, Langarika, Arrieta, Durruma, Pobes, Artatza-Axkoeta, Atauri, Mezkua, Añua, Oteo, Okariz, Labraza, Kontrasta, Orbiso, Gauna, Lamunoria, Zuhatzu Donemiliaga eta Lasierrako administrazio batzarrek adierazi dute beren aurkako jarrera.
Azken albisteak Añanatik eta Lautadatik iritsi dira, astelehen honetan Kuartango eta Aguraingo osoko bilkurek eztabaidari heldu diote eta.
Kuartango, Arkamuko proiektuaren aurka
Kuartangoko Udalaren kasuan, Arkamu mendilerroan proiektatutako zentral eolikoaren aurka azaldu da Udala. Izan ere, osoko bilkurak adierazpen instituzional bat onartu du, honakoa adieraziz: «Parke eoliko horrek ingurumenean eta paisaian duen eragin handiak eta biodibertsitatearen galerak ez dute konpentsatzen energia berriztagarrien ekoizpena».
Osoko bilkurak adierazi du «energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzearen alde» dagoela, «baina ingurunearekin eta mendien erabilera onenekin bateragarriak izan behar dutela, eta betiere ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena lortzeko».
Arkamun 200 metroko altuerako 19 aerosorgailu jartzea proposatu du Aixeindarrek, 95 MW sortzeko.
Agurain, proiektu eolikoaren alde
Aguraingo osoko bilkuraren erabakia oso bestelakoa izan da, udalerriko herritarren zein kontzejuen artean parke eolikoen kontrako iritzia oso hedatua dagoen arren. Astelehen honetan ere, Aguraingo udal gobernua (EAJ) parke eolikoen eta, zehazki, Iturrietako Mendietako proiektuaren alde agertu da, baina hainbat alegazio planteatu ditu bere udalerrian kokatuko diren hiru aerosorgailuren aurka.
Horrekin batera, Arabako Mendiak Aske plataformak aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu du osoko bilkuraren gehiengoak. Plataformak gogor kritikatu du erabakia, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu; besteak beste, maiatzaren 22an, mobilizazio handi bat deituta dago Agurainen, 12:30ean.
Apirilaren 24an, 600 pertsona bildu ziren Maeztun, Arabako proiektu eolikoen aurkako manifestazioan. Bestalde, Arkamu, Labraza eta Iturrietako proiektuen aurka alegazioak aurkezteko epea amaitu ostean, ostegun honetan, maiatzaren 6an, Mendiak Askek bildutako alegazioak entregatuko ditu Espainiako Gobernuak Gasteizko Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan, 11:30ean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!