Indarkeria matxista Arabako herri txikietan: izena ez duena, ez da
Indarkeria matxista ezkutuan dagoen fenomeno kronifikatua da herrietan; tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek urte asko daramate indarkeriari aurre egiten, isolamendua eta kontrol sozialaren artean.
Alea.eus bidez / Estitxu U. Lopez de Arkaute
Izena duena bada, izena ez duena ez da. Arabako herri txikietan eta landa eremuan indarkeria matxistak izenik ere ez du, normalizatuta dago. Ubeldurak agertu arte ez da antzematen emakumea pairatzen ari den drama, eta sarritan, kolpeak ere oharkabean pasatzen dira. Hala, herrietako emakumeen ehuneko handi batek hamarkada bat baino gehiago darama indarkeria egoerei aurre egiten. Aipatu errealitate gordina Foru Aldundiak aurkeztu berri duen Arabako Kuadrillen inguruko indarkeria matxistaren diagnostikoan jaso dute.
Kasu gehienetan, biktimek erasotzaileenganako menpekotasun ekonomikoa, emozionala eta afektiboa dute
Gehien errepikatzen den arazoa da herri txikietan eta landa gunean indarkeria pairatzen duten emakumeek bizi duten egoera azalarazteko dituzten zailtasunak. Askotan herri oso txikiak dira, baliabide gehien dituzten guneetatik isolatuta, eta arreta emateko espazio egokirik ez dago inguruan. Halaber, herri txikiak dira emakumeek gizarte presioa eta esango dutenaren beldurra gehien sufritzen duten espazioak. Horrek guztiak indarkeria azalaraztea eta laguntza eskatzea eragozten du. Kasu gehienetan, gainera, biktimek erasotzaileenganako menpekotasun ekonomikoa, emozionala eta afektiboa dute.
Kontrol sozialaren beldurragatik eta erasotzailearekin distantzia ezartzearren, egoera honetan dauden emakumeek, sarritan, ohiko bizilekua utzi behar izaten dute, eta hiriburura behin betiko bizitzera joaten dira. Ikerketak jasotzen duen moduan, «herria uzteko beharrak erasotzaileei sostengu inplizitua ematea suposatzen du, eta ez biktimari».
Adineko emakumeak, erdigunean
Arabako herrietako biztanleriaren batez besteko adina berrogeita hamar urtetik gorakoa da. Datu honek irudikatzen du tratu txarrak pairatu eta ateratzeko erabakia hartzen duten emakumeek urte asko daramatzatela indarkeriari aurre egiten; eta indarkeria hori kronifikatu egin dela. Hortaz, diagnostikoak adineko emakumeei jarri beharreko berebiziko arreta azpimarratzen du: «Emakume nagusiekin lanean jardutea lehentasunezkoa dela deritzogu; eta ez bakarrik bikoteen partetik jasaten duten indarkeriagatik, baizik eta beste senide batzuen partetik ere jasan dezaketenagatik. Beharrezkoa da antzemateko eta laguntzeko sarea handitzea; adibidez, osasun langileen eta etxeko laguntzaileen bidez».
Indarkeria matxista gainditzeko prozesuari ekiten dioten emakumeak badaudela erakutsi du diagnostikoak
Bestalde, baliabide, udal politika eta gizarte zerbitzu urriak dituzten eskualdeetan ere, indarkeria matxista gainditzeko prozesuari ekiten dioten emakumeak badaudela erakutsi du diagnostikoak, eta gizonen aldetik biolentzia jasan duten emakume gehienek zuzenean polizia-salaketa jartzen dutela, gizarte zerbitzuetara joan beharrean. «Egoera hori oso kezkagarria iruditzen zaigu, biktimen desesperazioa erakusten duelako: batetik, laguntza zuzena eta fidagarria izan gabe ere, hitz egitera ausartzen diren emakumeak daude; eta bestetik, behar duten laguntza aurkitzen ez duten ezkutuko kasuak daude. Hil edo bizikoa da Kuadrilla guztiek indarkeriaren biktimei arreta emateko langileak, baliabideak, formakuntza eta beharrezko tresnak izatea», ondorioztatu dute.
Dena den, Arabako Foru Aldundiaren diagnostikoaren arabera, herri txikietan indarkeriaren aurkako ardatz estrategikoak garatzeko mesedegarriak izan daitezkeen eremu positiboak ere badira. «Landa eremuan lan egiten duten gizarte langileekin tratua askoz ere hurbilagoa eta familiarra da, eta hurbiltasun hori ondo bideratuz gero eta sentsibilizazio eta formakuntza egokia izanez gero, indarkeria egoerak antzemateko aurrerapauso eta esku-hartze bide garrantzitsuak zabal daitezke». Hala, landa guneetan emakumeei zuzenduriko sare seguru bat sortzea helburu garrantzitsu gisa azpimarratu dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!