Itxarkundia batailoiko gudarien gorpuzkiak identifikatzen saiatuko dira
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak Itxarkundia batailoiak Legution pairatutako erasoari buruzko txostena egin du. Horren berri emango du abenduaren 29an eskainiko duen hitzaldian.
Alea.eus bidez/Mirian Biteri
1936ko azaroaren 30a zen Itxarkundia batailoiak ofentsiba hasi zuenean; Ollerietatik, Elosun zehar, Betxinako basora arte sartzea lortu zuen, eta hurrengo goizean, inguru horretatik Legutioko Zabalaineraino iritsi ziren. Baina, bertan pairatutako erasoari eutsi ezinik, lortutako posizioan atzera egin beharrean aurkitu ziren gudariak, tokian hildako asko utzita.
Ezinezkoa zen han bizitakoa ahaztea, eta, frankismoaren azkenetan, urtero hasi ziren elkartzen Itxarkundia batailoikoak; Felipe Lizaso komandantea zen batzarren antolatzailea. Franco bizirik zegoenean gudarien kopurua handiegia ez bazen ere, 1977ko urriaren 2an egindako bilkurak erantzun ona jaso zuen. Nikasio Garaigordobil legutioarra Araba batailoiko konpainia bateko kapitaina izan zen gerra garaian. Jatetxe bat zuen Kurutzalde auzoan eta bazuen Itxarkundiakoek Legutioko erasoan jasandakoaren berri, eta bertan hilda geratutakoak inguruko toki desberdinetan lurperatuak izan zirela ere bazekien.
Garaigordobilek adiskidetasun harremana zuen Felipe Lizasorekin eta berak gidatuta 1977ko bilkurako ekitaldia antolatu zuten, eta gudariak lurperatutako ustezko kokapenak ere aztertu zituzten. Ahalegin berezia egin zuten bilkuran gudari ohien partaidetza lortzen, eta horretarako, besteak beste, batzarraren deialdia eta egitaraua iragarri zuten Deia egunkarian.
500 gudari ohi inguru
Emaitza ezin hobea jaso zuen esfortzuak; Deia egunkariak, urriaren 4an egunak emandakoaren inguruan argitaratutako kronikaren arabera, 500 lagunetik gora elkartu ziren horretan. Legutioko elizan meza entzun ostean, kalejiran jaitsi ziren Kurutzalderaino. Bertan, batailoiko hildako gudarien omenezko hilarri bat jarri zuten; hain justu ere, hildako 64 gudariak banan-banan izendatu zituen Lizasok. Garai hartan parlamentario ziren Jose Angel Cuerda, Gerardo Bujanda eta Juan Ajuriagerra eta Ignacio Oregi senataria izan ziren, besteak beste, ekitaldian.
Handik gutxira, gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanei ekin zioten ingurune horretan. Bi ustezko lurperatze-gune ezagutzen zituzten aurretik, elkarrekiko gertu: bata, Egiñu etxe ondoan; bestea, hilarria jarritako tokian. Indusketak egin eta hainbat gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Herriko hilerri zaharrean ehortzi zituzten hasieran, eta 1986an, Kantasarretako hilerria eraikitzen amaitu zutenean, hara igo zituzten gorpuzkiak; inaugurazioaren testuinguruan beste omenaldi bat egin zuten Itxarkundiakoek. Hezurrak gordetzeko horma-hobietan jarraitzen dute gorpuzkiek, 50. zenbakidunean. Goian Bego. 1936ko gudan Legution hildako gudariaktestua irakur daiteke horma-hobi horretan Legutioko Udalak jarritako plakan.
Orain arte aipatutako guztia jasotzen duen txostena prestatu du Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak. Bertako kide Patxi Ibarzabalek azaldu du 1977an lortutako gudarien balizko gorpuzkien azterketarako informazioa bilatzea duela helburu txostenak: «Gorpuzkiak aztertzea, eta, horretarako aukera izanez gero, DNA laginak jasotzea da asmoa; eta gorpuzkien azterketa zientifikoa gauzatzea hobiratutakoen inguruko informazioa lortzeko», nabarmendu du.
Zalantzak argitzeko
Gogorarazi du ez dagoela gorpuzki horien gaineko informazio zehatzik eta horrek, oraingoz, » hainbat zalantza» uzten dituela agerian. Zehazki, honako hauek aipatu ditu: «Batetik, gorpuzkiak Itxarkundia batailoiko gudariarenak izatearen erabateko ziurtasunik ez dago; eta bestetik, hobitik ateratako hezurren egoera zein den argitu ahal izateko informaziorik ere ez dugu».
Hilerrian hobiratutako kutxek gordetzen duten informazioak, ehorzketa horien nondik norakoak hobeto ezagutzeko lagungarri izateaz gain, hildako gudariak identifikatzeko aukera sor dezakeela azpimarratu du Ibarzabalek: «Horrekin, memoria historikoaren ariketa honen bidez, desagertuen zein haien senideen, egia, aitortza eta erreparazio eskubideak bermatzeko pausuak eman daitezke».
Aurtengo maiatzean osatu zuten Alberto Unamunok, Aitor Bereziartuak eta Patxi Ibarzabalek esandako txostena. Gertatutakoaren errepasoa egitearekin batera, hainbat testigantza ere jasotzen ditu; hain justu, Legutioko Imanol Garaigordobil, Maria Jesus Lopez de Bergara eta Jose Agirre herritarrenak. Eskumena duten hiru erakundetan aurkeztu dute lana: Legutioko Udalean, Gogora institutuan eta Aranzadi elkartean. Gorpuzkiak kutxetatik ateratzeko baimenaren zain daude orain elkartekoak.
Erantzuna heltzen den bitartean, txostenaren berri ematea eta etorkizunera begira aurreikusita dauden urrats berriak azaltzea helburu duen hitzaldia eskainiko du elkarteak abenduaren 29an, 19:00etan, Legutioko kultura etxean. Hilaren hasieran antolatutako Oroimen historikoaren astearen barruan egitekoa zen berbaldi hori; baina, elurteak plana zapuztu zuen, eta ezin izan zuten berbaldirik eskaini.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!