Irregulartasunak salatu dituzte Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan
LAB sindikatuak salaketa jarri du EAEko Fiskaltza Nagusian, Gasteizko Santiago ospitalean enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak diru publikoaren kargura hornitzen ari direla antzeman dutelako. through Alea.eus
Asteartean, azaroaren 19an, salaketa jarri zuten EAEko Fiskaltza Nagusian Osakidetzako LABeko arduradun Bego Aranzastik eta sindikatuko abokatuak. Hurrengo egunean, Arabako Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) emandako irregulartasunen inguruko xehetasun guztiak azaltzeko agerraldia eskaini zuen sindikatuak Gasteizen.
Argi utzi dute salaketaren garrantzia. Olatz Rodriguez de Yurre eta Jesus Oñateren hitzetan, LABen ekintza sindikalak «erabateko lehentasuna» du Osakidetzako arlo guztietan «demokratizazioa lortzea», iragan ikasturtean lan-eskaintza publikoaren inguruan egindako lana gogora ekarriz.
Osakidetzako kudeaketa ekonomikoan «gabezia berberak» daudela azaldu dute. Izan ere, plaza publikoak banatzeko prozeduretan antzemandako irregulartasunak kanpoko enpresekiko harreman ekonomikoetan ere ematen zela susmatzen zuen LAB sindikatuak.
Irregulartasunak, gutxienez 2016tik
Hortaz, Fiskaltza Nagusiari kontabilitate-desorekak jakinarazi dizkiote eta «ustelkeria ekonomikoaren balizko kasu baten aurrean» gaudela ziurtatzen dute. LABen arabera, Santiagoko Ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira azpikontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak.
«Desfasea» hauteman dute suntsikorren horniduran baina ez dute baztertzen beste atal batzuetan irregulartasun gehiago egotea. Jarduera hori arautzen duen kontratazio-plegua hiru milioi eurokoa da.
Sindikatuak salatu du sukaldea bezalako hainbat arlotan baliabideak «milimetrotan» neurtu behar duten bitartean, «azaldu ezineko gastuetan milaka euro xahutzen» ari direla. Haserrea nabaria da: «Urteak daramatzagu edozein hobekuntza eskaeraren aurrean ‘ez dago dirurik’ dogma entzuten».
Irregulartasunak gutxienez 2016. urtetik egon direla ziurtatu du LABek. Halaber, horiek ezagutu arren «zuzenketarik egin ez» dituzten erantzuleak badaudela azpimarratu dute.
Fiskaltzari kasu hau ikertu dezala eskatu diote. Modu berean, «erantzunkizunak argitzea» eta kudeaketa horrek inplikatutako pertsonaren bat «legez kanpo aberastea» ekarri ote duen ere jakin nahi dute.
Jasotako datuak Arabako ESIko zuzendaritzari jakinarazi dizkiote aste honetan bertan, azalpen bat bilatzeko «azken aukera» gisa. Bilera horretan azalpen argirik jaso ez dutela azaldu dute, eta horregatik Fiskaltzaren eskuetan utzi dute egindako azterketa ekonomikoa eta gastu irregularrak frogatzen dituzten pleguak.
Arabako ESIko zuzendari ekonomiko finantzarioa kargutik kentzea exijitu du sindikatuak. Gainera, Osakidetzako langileei dei egin diete «susmagarriak diruditen egoera horiek guztiak» salatu ditzaten, sindikatuak jarraipena egiteko.
Garbiketa zerbitzuko langileen eserialdia
Bestalde, Arabako ESIko Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko Garbialdi enpresako langileek eserialdia egin dute gaur Txagorritxun, Osakidetzako ESI Arabako zuzendaritzari euren egoerari buruz hitz egiteko «premiazko bilera» bat eskatzeko. Bilera eskaera erregistratu dute Txagorritxuko ospitalean.
Garbialdi enpresak, «aldebakarrez», goizeko txanda kendu eta Gasteizko Osasun Zentro gehienetan zerbitzu orduak murriztu nahi dituela azaldu dute langileek. Ezarritako murrizketak salatzeko eta bileraren «garrantzia nabarmentzeko» egin dute protestaldia.
Izan ere, protestaren ondorioz, bilera egitea lortu dute. ESI Arabako finantzetako zuzendaria eta langileen kudeaketa arloko zuzendaria agertu dira.
Datozen egunetan mobilizazio egutegi bat adostuko dutela iragarri dute langileek.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!