Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean
Ez naiz ni Arabako Merkataritza Ganbarako webgunearen zaletua, hain zuzen ere, zertarako kontrakoa esan. Areago esango dizuet, ez nekien webgune hori existitzen zenik ere, harik eta duela hilabete inguru ezagun batek bertan argitaratutako deialdi bat whatsappera bidali zidan arte. Iragarkiak enpresarien erakundeak antolatutako jardunaldi bitxi baten berri ematen zuen: Israel, enpresarien sorlekuaren arrakastaren errezeta. Eta jarraian argitalpenak aurreratzen zuen Israelgo merkatuarekiko interesaren zergatia. Antolatzaileen esanetan, Israel, munduko potentzia teknologiko handietako bat izanik, berrikuntzaren abangoardian dago, eta aukera paregabeak eskaintzen ditu merkataritza-elkarlanerako, teknologia arloan batez ere.
Jardunaldia egin egingo zuten, itxuraz, azaroaren 8an. Itxuraz diot, deialdia argitaratu zenetik ordu gutxitara, desagertu egin baitzen ditxosozko webgunetik, eta erakundeko arretarako telefonoan ukatu egiten baitzuten horrelako topaketarik antolatuko zenik. Pentsatzen dut gai gatazkatsua izan zitekeela jakitun, ezkutuan egitea erabakiko zutela, azkenik.
Nolanahi ere, pasadizoak nabarmen uzten du enpresa sektoreko eliteen artean interes handia dagoela Israelekiko merkataritza-harreman horiek esploratzeko, elkarlan horrek ekar litzaken inplikazio etikoei ezaxola.
Aurrekari inportanteak izan ditugu herri honetan; horietan entzutetsuena, akaso, CAF trengintza enpresarena. Beasaingo konpainiak Israelgo merkatuaren aldeko apustu estrategikoa egin zuen duela urte batzuk. Eta ez nolanahikoa. Nazioarteko legedia urratuz Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hornitzen dituen trenbide sarea eraikitzeko lanetan dabil. Nazioarteko zuzenbidearen arabera gerra krimentzat har dezakegun proiektuak konpainiaren irudi korporatiboa kaltetu lezake nazioarteko merkatuetan eta beste balizko kontratu asko galarazi liezazkioke, bestalde, Israelen beste hainbat kontratu eskuratzeko ateak ireki liezazkioke… horra hor apustuaren arriskua.
Gauzak horrela, ez da harritzekoa eskrupulu moralik gabeko beste enpresari asko CAFek irekitako bideari jarraitzeko tentatuta egotea, areago Beasaingoek Eusko Jaurlaritzaren babes esplizitua jaso dutenean, Lakuako Gobernuak hirukoiztu egin baitu trengintza enpresan zuen diru-partaidetza publikoa, konpainia Palestinako eremu okupatuetan lanean hasi denetik.
Ez diet eskatuko enpresa-buru txit goren horiei jokabide etikorik, ez diet erregutuko giza eskubideekiko gutxieneko begirunerik, alferrikakoa litzateke, gauza jakina baita denak balio duela kapitalismoaren logikaren barruan, eta bihozgabeko horiek ama ere salduko luketela etekinak areagotzeagatik. Nire exijentzia erakunde publikoak eta haien dirua kudeatzen duten politikariei zuzenduta dago, eta ez etika gehiago aurreikusten diedalako. Baliteke enpresak, entitate pribatuak izanik, giza eskubideen nazioarteko itunak betetzeko behartuta ez izatea, baina erakunde publikoak bai, behartuta daude estatuek sinatu dituzten legediak betetzera, eta gerra krimen nabarmenetan esku hartzea duten konpainiei diru-laguntza publikoak ematea prebarikazioa da, ilegala… edo ilegala beharko luke, behintzat, kapitalismoaren logikaren barruan ama saltzeak ere balio izango ez balu.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!