[Iritzia] «Zerrendak eta zaintzak» – Blanca Urgell –
«Zerrendak eta zaintzak»
– Blanca Urgell –
Ez dakit noiz hasi nintzen zerrendak egiten, baina badakit zerrendatzea noiz bihurtu
zitzaidan obsesio lehenengoz. Nerabezaroaren hasieratzat hartuko genituzkeen urte horietan izan
zen, 12-13 urte nituenean ziurrenera. Pertsona-izenak batzeari ekin nion, zertarako eta idatzi
behar nituen eleberrietako pertsonaiak izendatzeko.
Hasieran ez zen obsesioa, baina gero poliki bai: pelikulak noiz bukatuko egoten nintzen,
titularretatik izen estatubatuar zoragarri horiek harrapatzeko; orduak eta orduak ematen nituen
nire zerrendak berpasatzen, izen errepikatuen bila, ezabatzeko plazer hutsagatik.
Ez naiz gogoratzen zergatik utzi nion zerrenda modu horri, baina zerrendak egiteari,
jakina, ez diot inoiz utzi.
Zerrendak egiteko metodologia ezberdinak probatu ditut, eta esan gabe doa adinarekin
perfekziotik hurbilago nagoela.
Gaur egun egiten ditudan zerrenda aitorgarrienak —aitorrezinik ez dut egiten, noski—
egitekoen zerrendak dira, eta hauetatik garrantzizkoenak asteko lan eginkizunak biltzeko
larunbatero egiten ditudanak dira, lehen kafea hartu eta gero, patxadaz, kontzentrazioz.
Lehen-lehenik apuntatzen ditut buruak eman ahala eginkizunak zein diren, agendan ere
begiratuta: asteleheneko eskola prestatu, ikasleentzako materialak gela birtualean eskegi,
Leizarragari buruzko artikulua bukatu, eta abar. Gero albo batean jartzen dut eginkizun bakoitza
egiteko daukadan azken eguna. Eta geroago borobil gorri batez markatzen ditut ari naizen
egunean egin nahi ditudanak. Eta, txikitan bezala, eguneko unerik goxoena, paroxismoa, dator
egitekoa egin eta gorriz marratu ahal ditudanean.
Lan hori guztia hartu eta gero datoz kontuak.
Astelehenerako, senar ohiak deituko du semea entrenura ezin eraman dezakeela esateko.
Astearterako amak deituko du, ea autobus geltokira eraman dezakedan halako edo holako
ordutan. Asteazkenerako alabak deituko du ea Santiagon egin behar dioten ebakuntza txikia dela
eta lagunduko diodan. Ostegunerako Hala Bedikoek gogoratuko txanda nirea dela. Ostiralerako,
ohiko tutoretzetara ezin etorri daitekeen ikasle bati ere harrera ordua emango dion, neska.
Eta dena horrela. Aste batean bai eta bestean ere bai. Entrenua ez bada, fisioterapeuta.
Autobus geltokia ez bada, hilerria. Ebakuntza ez bada, lagun bati koltxoia etxe batetik bestera
eramaten lagundu beharra. Semea ez bada, koinatua. Ama ez bada, adiskidea.
Hala eta guztiz ere, daitort, larunbat honetan berriro ere nire egitekoen zerrendatxoa
egiteari aurreko astean bezainbesteko kemenarekin ekingo diot. Azken batean, zer dut nik
berezi? Bai, bai, egia da zerrendako lerroak ezabatzea bizitzako plazer xumeen artean kontatzen
ditudan obsesibo bat naizela. Baina, gainerakoan, nire adin tartean, hau da, 30 urte ditugunetik
60 edo 65era behintzat, nireak bezalako ezusteak egunero-egunero ez dituen emakumeak altxa
dezala eskua.
Eta gero, entzun egin behar zaintzaz eta kontziliazioaz batzuek esaten dituztenak. Jakin
dezatela horiek, jakin bedi, emakumeok loari orduak kenduz kontziliatzen ditugula zaintzak
gure lanarekin.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!