[Iritzia] «Nola erakarri gazteak?» – Iñaki Martínez de Luna –
Izen hori duen jardunaldi bat antolatu dela Gasteizen kontatzen digu Alea aldizkariak. Helburua da, Araba osoko ordezkariek, ondo pasatzea ez ezik, euskararen aldeko esperientziak elkarrekin trukatzea.
Asmo hori bat dator Garikoitz Goikoetxeak idatzitako Euskara irabazteko bidean izeneko liburuan agertzen den kezka honekin: gazteek parte hartze eskasa dute euskalgintzako ekimenetan.
Liburu horretan, gazteen bila hasi beharra dagoela dio Manex Agirre arabarrak: “Erreleboa topatu behar da. Erreakzio bat behar da berehala. Hizkuntzaren kontua ez da garai batean moduan ikusten belaunaldi berrietan: ez dugu topatuko euskaltzalea bakarrik den inor; badin bada, salbuespena da, eta friki moduan ikusiko dute.”
Lau arrazoi aurkitu ditugu arestian esandako liburuan, gazteak euskararen aldeko militantziatik urrun ibil daitezen.
Bat, Esti Amorrorturen hitzetan, euskarentzat arrosa koloreko etorkizuna ikustea da; hau da, euskararen auzian dena egina dagoela uste izatea. Gazteek pentsatzea ‘Denok dakigunez…’ euskara salbu dagoela. Edo, ildo beretik Manex Agirrek dioen bezala, “Belaunaldi gazteek ikusten dute [euskararen inguruan] ez dagoela horrenbesteko beharrik.”
Bigarren arrazoi bat da Dabil Arnautek aipatzen digun gazte euskaldun askoren gaitasun desorekatua; alegia, gaztelaniaz hobeto moldatzea euskaraz baino. Eta, argi dago, euskaraz eroso sentitzen ez diren gazteei, hitz egitea ez ezik, hizkuntza horren mundura hurbiltzea ere zailago gertatuko zaie.
Hirugarren arrazoia Arnautek berak aipatutakoa da: “Mundu erreferentziala gaztelaniaz iristen zaie [gazteei], eta, gero eta gehiago, ingelesez. Eta inguru hurbila eta soziala oso erdalduna da, herri euskaldunenetan izan ezik”. Bistan da, beraz, euskararen mundua ez dela erreferentzia erakargarria gazte askorentzat.
Azkenik, laugarren arrazoia Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak esandakoa da: “Euskarari prestigioa falta zaio, eta helduak dira gazteen erreferentzia.” Alegia, zer ikusi, hura ikasi, eta, hortaz, gazteek ez dira euskararekin motibatuta sentituko, gizartean ikusten badute euskarak ez duela garrantzirik eta prestigiorik.
Argi dago, beraz, zergatik den hain urria gazteen presentzia euskararen aldeko dinamiketan. Izan ere, gazteengan nagusitzen diren planteamendu horietatik abiatuz, zergatik inplikatu euskararen alde? Zertarako?
Horregatik, gazteen pertzepzioa aldatzeko premia aipatzen du Manex Agirrek: “Saiatu behar dugu euren kezken artean sartzen hori [euskararena] …” Eta, bere aldetik, Korrikako arduraduna den Asier Amondok zera dio gazteak erakartzeko: “Diskurtso berrien premia dugu. Ilusiotik sortu behar dira, ez orain arteko diskurtso apokaliptikoetatik”. Aldaketa diskurtsibo horretarako gako bat ematen digu Olatz Altunak: “[euskara]… balio aurrerakoiz eta positiboz janztea”.
Seguru nago halako kezkak izango dituztela hizpide urtarrilaren 28an, Oihaneder Euskararen Etxean, Topaguneak antolatu duen esandako jardunaldian. Zorte on!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!