[Iritzia] Jaione Agirre: «Munstroak»
«Munstroak»
– Jaione Agirre –
40 urteak paseak ditut eta horregatik, txikitan “La Bola de Cristal” telebistan ikusten nuen horietako naiz. Bertan, 1960ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan egindako saio edo serie bat botatzen zuten “TheMunsters” izenekoa (espainiar telebistan “La Familia Monster” izena eman ziotena). Saio horretan, egun batez Munstro aitak azaldu zion Munstro semeari, ez dela axola zein itxura daukazun edo daukaten besteek (zein kolore, zer daramazun jantzita), garrantzitsuena zela norberaren eta beste pertsonen bihotzaren tamaina eta izaera nolakoa den. Lezio oso baliagarria iruditu zitzaidan eta niri nire gurasoek erakutsitakoarekin bat egiten zuen eta beraz, erraz barneratuta neukan. Hau da, berdin zen pobre ala aberats zinen, arropa garesti ala josiak zeneraman, altua ala baxua, lodia ala mehe zinen, beltz ala arrosa… pertsona moduan garrantzitsuenabihotzean eta buruan daramazuna dela: hori dela benetan pertsona egiten zaituena eta balio duena eta besteengan horri begiratzen ikasi nuen.
Lehengoan, laneko orduetan dagokidan kafea hartzen nengoela bi pertsona hitz egiten ari ziren eta nahi gabe (haien hitzaldi sutsuak medio) elkarrizketa entzuten jarri nintzen, eta zur eta lur geratu nintzen.
Guraso ziren biak eta oso modu interesgarrian ari ziren haien seme-alaben inguruan.
Batek argudiatzen zuen, seme gazteari ez ziola uzten eskolara joaten kirolerako oinetakoekin (ez bazen kirola egin behar zuenean, soinketa, edo nahi duzuen moduan deitutako irakasgaia zeukanean, alegia), ganorabakokeria bat zelako eta behar den moduko pertsona batek ezin duelako horrelakorik egin, alegia, eskolara zapatekin joan behar dela eta oso garrantzitsua dela norbera nolakoa den erakusten baitu. Besteak argudiatzen zion hori hanka sartze galanta zela (horraino poztu nintzen entzundakoaz, baina berriro lehengo harridura egoerara pasa nintzen), zeren argudio berriek ere lur jota laga ninduten: modan zegoela kirol oinetakoak jartzea eta beste guztiek horrela egiten bazuten, haren umeak ere berdin egin behar zuela, “desberdina” ez izateko, eta ondorioz, arraroa ez izateko eta “merezitako” burlak ez jasotzeko.
Ulertzen dut bigarren gurasoaren kezka norbere umeak arazoak izan ez ditzan gure gizarte honetan, baina barkatuko didazue, baina ni entzuten ari nintzena egiaz argudio bera zen bien aldetik: norberaren itxura da garrantzitsuena eta kontuan hartu beharrekoa elkarrekin tratuan aritzean.Ez dakigu bi hauen ume haiek gaiztoak, onak, sentiberak, argiak, gizatiarrak eta abar ziren. Axola zuen gauza bakarra zen nolako zapatak zeramatzaten: zein zen haien itxura, behar den moduko pertsona moduan ikusiak eta tratatuak izan zitezen. Gero bakoitzak bere teoria zeukan (ustez “dotore” planta bat eman edo besteek bezala moda jarraitu).
Esaidazue orduan, mesedez, nortzuk dira/gara Munstroak?
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!