[Iritzia] «Gauzen ordena» – Jaione Agirre –
Urtea hasteko gai “sakonago” bat aukeratua neukan, baina urtea amaitu baino lehen artikulutxo txiki eta bitxi bat irakurri nuen Berria egunkarian eta gerora leku gehiagotan ikusi dut horri buruzko erreferentziarik (beti gertatu ohi den moduan, modan jarri delako edo sekula entzun gabea zinen gauza bat aditzen duzunean, gero, arreta gehiago jartzen duzunez, leku guztietan ikusten duzulako). Gabonetan sortzen den oparien erosketa “behartuaren” harira ere badator.
Laburki esanda hauxe zen artikuluaren mezua: etxean dituzun gauzak ondo ordenatuz gero, zoriontsuago izango zara (hori dioen guru bati buruzko artikulua zen).
Ez dizuet esango zur eta lur geratu nintzenik hori irakurrita edo gauzak zabarki izatea gustuko dudanik (beste kontu bat da nola izaten ditudan), edo eta ez dakidanik gauzak non dituzun jakiteak denbora aurrezten dizula eta, zenbait unetan, larritasuna ekidin (nori ez zaio gertatu etxeko giltzak non sartu dituen ez gogoratzea, ohiko lekuan ez dituela ipini beste leku batean zeukalako burua eta zoro moduan ibili denik poltsiko eta poltsa guztiak begira??! Hain justu presa gehien zeukanean!!??). Ados.
Baina, goazen arazoa errotik aztertzera: gauzak ordenatuta izateak zoriontsuago egiten gaitu. Horrela irakurrita oso kontu tribiala dirudit eta esango didazue, “Ez! Ez da tribiala” eta are gutxiago zoriona ekartzen badu edo estresa ekidin. Baina, nire galdera harago doa, zergatik egin behar gaitu zoriontsu gauzekin zerikusia daukan zerbaitek? Ez al dago hor azpian gauzak izateak egiten gaituela zoriontsu eta ordenatuta izateak gauzak horiek aurkitzeko eta benetan dauzkagula jakiten laguntzen digula? (gaur egungo gizarte super kontsumista honetan, nori ez zaio gertatu disko edo liburu bera bi aldiz erosi izana, zeukanik oroitzen ez zuelako? Edo armairua halako batean lekuz aldatzeko hustu eta erosi zuela ere antzik ez zeukan kamiseta bat topatu han azpian erorita, tiraderen atzean?).
Gauzek egiten gaituzte zoriontsu? Gauza horiek ordenatuta izateak (eta, beraz, txukun eta batez ere eskuragarri eta gure kontrolpean) egiten gaitu zoriontsu? Ez al dago ezer garrantzitsuagorik gure bizitzan? Zer ordezkatzen eta ezkutatzen dute gauza horiek?
Norbaitek esango dit, “Kontuz! Horretarako ere badaude makina bat liburu eta teoria eta guru!”, bai, egia da (esate baterako, gauzak botatzeak zoriontsu egiten gaituela azaltzen dutenak). Benetan, horrelako beharra daukagu? Norbaitek esatekoa gauzak ez direla garrantzitsuena? Zein da mundu honetan gauzen (benetako) ordena, orduan? Inpresioa dut apur bat moralista jarrita nagoela, baina ez dut bizi nahi gauzek pertsonek baino garrantzi gehiago duten mundu ordenatu batean…
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!