[Iritzia] «Tiabuenaren estigma» – Alaitz Andreu –
«Tiabuenaren estigma»
– Alaitz Andreu –
Goizeko zazpiak dira eta Bilboko metroan nago, igandea da. Batzuentzat, ordea, larunbata da oraindik ere, gaueko taberna giroan orduak kentzen baitzaizkio igandeari.
Metroan nago, igandea da, eta ondoko eserlekuko bi neska gazteek oraindik larunbata dela sentitzen dute; orainaldian ari dira atzo arratsaldeko kontuez. Gaupasaz daude.
Bietako bat negarrez hasi da eta, jakinmin kuxkuxeroz, belarriak ireki ditut. Negarrez ari dena zerbait ari zaio kontatzen besteari, barru-barrutik; lotsatuta dirudi, baina lasaitzen ari da. Bestearen aurpegia, berriz, gero eta zimurrago dago, gero eta ilunago dauka begitartea, beltzago.
Lortu dut negarrez ari denaren hitz batzuk harrapatzea: badakit ederra naizela, edertzat naukatela, ezin dut gehiago, gorrotagarria da besteentzat hain ederra izatea, jendeak errespetua galtzen dit eta egundokoak egin behar izaten ditut berriro ere errespeta nazaten, jasanezina da…
Bat-batean, isiltzeko esan dio begitarte belzdunak, ezin dezakeela horrelakorik esan, ez daukala lotsarik. Ezta eskubiderik ere. Negarrez ari denak ahoa itxi du, eta barkamena eskatu dio lagunari, keinu ulerkorra begietan. Gero, bagoiko leihora zuzendu du begirada. Lurpean gaude eta paisaia beltz dago; bere isla belztuak erantzun dio.
Eta orduan ikusi dut, argi ikusi ere. Tabu batez ari zelako agindu dio besteak isiltzeko. Gizartean hitz egiten ez den gaia delako, feminismoak ere berariaz jorratu ez duelako. Eta, jakina, emakumeok lortu behar dugun hori gorpuzten duelako bere lagunak, berak ez duen eta eduki beharko lukeen hori. Ez da lagunaren lekuan jartzeko gai izan, bere laguna bezalakoa izan nahi duelako. Harropuzkeria ikusi diolako malkoetan.
Eta orduan pentsatu dut tiabuenaren estigma duela negar egin duenak. Hau da, tiabuena delakoa kategoria sozial eta politikoa da, eraikuntza identitarioa, eta, ondorioz, gizartean erabili egiten da; tiabuena hori erabili egiten da, eta kontrolatu, gizarte osoarena balitz bezala tiabuena izendatu den gorputz hori. Gizartearen posesioa da.
Botere-harremanez jositako gizarte honetan, pentsa genezake tiabuena piramideko goiko aldean dagoela; eta hala izango da testuinguru jakin oso jakin batzuetan. Baina zer gertatzen da kanon estetikoen arabera berezko edertasuna duenean batek? Tiabuena hori presioz beteta dago, izendatu egiten dute, definitu; ezaugarriak eta adjektiboak eransten dizkiote, eta bere gorputzaren aurka jaurtitzen. Hau da, tiabuenaren estigma existitzen da, baina kanon estetikoak markatzen duen hori gorpuzten duenez, badirudi ikusezin egiten dela estigma hori; ezin dela horretaz kexatu. Eta super zoriontsua izan behar duela beti. Eta, kexatzen bada, harroputz galanta dela.
Kontua da leku berean sortu direla emakume lodien, itsusien, baxuen, lesbianen, gayen, zoroen, histerikoen, beltzen, transen, puten, yonkien, zaharren eta beste hainbaten gaineko estigmak, eta presioz josita daudela guztiak. Irainez eta mehatxuz gainezka.
Eta nik tiabuena izan nahi dut, horregatik nago metroan. Bi lagunekin geratu naiz Bilboko metro geltoki batean, mendira joateko asmoz. Goizeko seietan esnatu naiz, igandea izanik, ipur-mamiak gogortu nahi ditudalako, eta beltzaran jarri. Tiabuena izan nahi dut, edo nahi nuen.
Agian hobe dut ohera itzuli eta gustura gosaldu, berriz.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!