Iratxoek Gasteiz okupatu zutenekoa gaztetxearen defentsan
20 urte dira 198 iratxok Gasteizko kaleak hartu zituztela, 2002ko urtarrilaren 25ean. “Metro erdiko izakitxoak, aurpegi zirtolarikoak eta belarri estu-luzeak zut, irribarretsu, kolore biziz jantziak”. PPko alkate Alfonso Alonsok begiz jota zuen Gasteizko gaztetxea, bai ala bai eraitsiko zuela agindu zuen, eta Basoetako Iratxoen Asanbladak espazio autogestionatuaren aldeko kanpainarekin bat egitea erabaki zuen. Ustekabeko bisitak oihartzun izugarria izan zuen hirian, eta gaztetxea zutik mantentzeko ekarpen erabakigarria izan zen. through Argia.eus | Zigor Olabarria
Pistolaz apuntatuta egin zien harrera Ertzaintzak hiriburura heldutako lehen iratxoei –eta beraiekin zeuden gizaki izutuei–. “Ez dut inongo gogorik lehergailu-abisu batengatik eremua prezintatu behar izateko”, azaldu zieten, eta eskaiolazko izakitxoetako bat erditik puskatzera behartu zituzten gazteak, barruan leherkaririk ez zuela ziurtatzeko. Goizaldeko 05:30ak inguru ziren, Iratxo Operazioaren lehenbiziko urratsa Gasteiz inguruko poligonoetan eta enpresa nagusien ateetan iratxo batzuk kokatzea zen, 06:00etako txanda aldaketatik jada zurrumurruak eta ikusmira piztu zitezen. Hasieraren okerrak ez zituen planak geldiarazi, nolanahi ere.
Plazak, saltokietako sarrerak, parkeak, hedabideen inguruneak, zebrabideak… goizeko lehen ordutik dozenaka iratxo hasi ziren agertzen nonahi –baita PPko Miguel Ángel Echevarría alkateordearen udaletxeko bulegoan ere, garaiko zurrumurruei kasu eginez gero–. Gasteiztarrek harriduraz, irribarrez edo jakin-minez begiratu bazieten, Poliziak atxilotzeari ekin zion, eszena surrealistak sortuz. Udaltzainen autoak Andra Mariaren plazaren erdian ateak zabalik, eta udaltzain tropela batera eta bestera lasterka, inguruetako iratxoak atxilo eramaten. Edo, iratxoen lapurreta masiboa ikusirik kalean esertzea erabakitzen duen gaztea, izakitxoa ondoan, Ertzaintzaren patruila ondotik igaro, gelditu eta atzera egiten duen arte: “Iratxo hori zurea da?”; “Bai”; “Eraman egingo dugu”; “Ez, barkatu, agian ez naiz ondo azaldu: baietz, iratxoa nirea dela”; “Eraman egingo dugu, eta zuk atera karneta”; “Barkatu? Debekatuta dago iratxo baten ondoan kalean egunkaria irakurtzen egotea ala?”; “Begira gazte, ez etorri niri potroak ukitzera, goiz puta osoa daramat iratxo madarikatuak jasotzen!”. Eguerdirako iratxo gehienak Udaltzaingoaren Agirrelandako komisaria nagusian zeuden preso. Agerraldia isildu nahi izan zuen Poliziak, baina ez zuen lortu.
Oihartzun zabala
Arratsaldean, Basoetako Iratxoen Asanbladak webgune propio baten bitartez jakinarazi zuen –garaian bide berritzailea– Gasteizera bisita egitea erabaki zuela eta Poliziak kide asko atxilotu zituela. Taberna eta okindegietan gaia bolo-bolo zebilen ordurako. Iluntzean aske jarraitzen zuten iratxoetako gutxi batzuek kontzentrazioa egin zuten Korreos plazan, beren tamainara egokitutako pankartan “atxilotuak” askatzeko aldarrikatuz. Hurrengo egunetan “Iratxo misteriotsuak agertu dira”, “Ipotx inbasoreen misterioa” bezalako lerroburuak agertu zituzten berripaperek, eta hedabideetan zein kaleetan denetariko teoriak entzun ziren: Amélie pelikularen jarraitzaile batzuen lana ote zen, Frantziako Estatuan sortutako lorategietako iratxoen mugimenduaren Gasteizko adarra… Azkenean iratxoen asanbladak berak eman zuen beren etorreraren azalpena otsailaren 5ean, kazetariz lepo zegoen Zuloa liburu-dendaren aretoan, bideo baten bidez:
“Urrian hasi zen dena (…) udazkeneko ohiko lasaitasuna asaldatua zen. Gasteiz aldetik oihuak zekarzkigun haizeak (…) Gaztetxea, leku bat non lan egiten den garai urrunetan gizakiengandik aldenarazi gintuzten arrazoiak eta jokabideak eraldatzeko –tristura, botere-nahia, autoritarismoa…– Ilunpeko Indarrek mehatxatua zegoen aspaldi (…) Iratxook bat egin dugu Etxe Sorginduarekin, Gasteizko Gaztetxearekin (…) guk, Gaizkiaren kontrako borroka erabakigarri honetan, naturarekin jolasean mendeetan ikasitakoa emango dugu: irudimena, alaitasuna, burugogorkeria, bidegabekerien aurkako borrokarako grina, aurkariez barre egitekoa… eta magia pixkatxo bat. Eman zuk zeurea!”.
Orduan jakin zuten gasteiztar denek jada batzuek susmatzen zutena. Bai, gaztetxearen aldeko kanpainaren parte zen ekimena. Hilabeteak ziren kanpaina abian zela, Alfonso Alonso alkateak eraikina lurrarekin berdintzeko erakusten zuen temakeriaren aurrean.
PP alkatetzara, Gaztetxea arriskuan berriz ere
1988an okupatutako apezpikutzaren eraikinak husteko edota eraisteko arriskuak bizi izan zituen lehenago ere EAJko José Angel Cuerda alkatearekin. Epelak izan zituzten gaztetxeak eta Cuerdak zenbait unetan, baina 1995ean udalak gaztetxea eta bere kokapena onartu zituen, eta ordutik lasaitasuna zen nagusi. 1999ko ekainean, ordea, PPk irabazi zituen udal-hauteskundeak. Gaztetxean hasieratik piztu zen kezka gobernu aldaketarekin, eta udal-gobernu berriak arrazoia eman zien 2001eko urtarrilean. PPk Gasteizko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezia (BIPB) aurkeztu zuen, auzoaren turistifikazioa ardatz zuen plana: gaztetxearen “eraistea” aurreikusten zuen besteak beste, “dorre-behatoki” bat eraikitzeko bere ordez. Jarraian antolatu ziren salaketa eta mobilizazio ekimen zenbait, baina BIPBa onartzeko epeak luzatu zituzten ondoren, eta tentsioa baretu zen… Edo hori ematen zuen.
2001eko abuztuaren 28an, gaztetxeak 33 urteko historian jasan duen poliziaren eraso bortitzenetakoa pairatu zuen. Ertzaintzak furgoneta-kolpeka bota zuen sarrerako atetzarra, barruan zeuden hamazazpi gazteak kolpatu, komisariara eraman eta desobedientzia larria eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zien. Eraso fisikoaren ondotik etorriko zen mediatiko-politikoa: TVEko albistegiko bigarren berria izan zen “terrorismoarekin” lotutako hamazazpi atxiloketena; EAEko PPren bozeramaile Leopoldo Barredak kale-borrokaren eta gaztetxeen arteko “konexioa” ikertzeko eskatu zion Ertzaintzari; “Lokal horiek, gutxienez, kale-borrokaren babesleku dira, ez badira ETA talde terroristarenak”, adierazi zuen PSEko koordinatzaile Rodolfo Aresek. Balio bezate gertakariak eta aipatu erreakzioek garaiaren “tonua”-ren erakusle bezala.
Alonsok egoera baliatu zuen. “Gaztetxeak ez du Alde Zaharraren biziberritzea sustatzen; bisitariak hurbiltzea eta turismoa garatzea oztopatzen du”, adierazi zion El Correo egunkariari irailaren 1ean, atxiloketetatik hiru egunera. Jauzi kualitatiboa ematea erabaki zuen jarraian: ahalik eta azkarren eraitsiko zuen Gaztetxea, BIPBaren onarpena horretarako propio aurreratuz eta udaleko gainontzeko alderdien babesik gabe. Hori ziurtatu zuen urriaren 11n, eta mehatxuari erantzun berehalakoa emanez, urriaren 20an milaka gasteiztar irten zen kalera gaztetxearen defentsan (3.000 Udaltzaingoaren arabera, 4.000 gaztetxearen esanetan). Gaztetxea zutik mantenduko bazen, ordea, hori baino askoz gehiago beharko zutela pentsatu zuten gazte asanbladako kideek.
Denborak eta eztabaidak markatzen
“Kontua zen guk geuk markatzea erritmoa”. Orduko gaztetxera baten hitzak dira. Ia urtebete zeramaten gazteek unean uneko erantzunak antolatzen, urrats munizipalen eta alkatearen adierazpenen arabera. Hausnartu zuten horrela arituta asanbladako kideen indarrak “erretzen” ari zirela eta, batez ere, ez zutela lortuko Alonsok atzera egitea gaztetxea eraisteko asmoan. Eta hori zuten helburu anbiziotsua. Zer edo zer aldatu beharra zegoen:
“Hemendik aurrera, guk markatuko dugu gatazkaren erritmoa (…) Asmoa da pixkana in crescendo doan kanpaina bat hastea, eta bere helburua izango da amaiera erabakigarri batera heltzea: gaztetxearekin geratuko gara edo galdu egingo dugu. Bata ala bestea”, idatzi zuten barne dokumentu batean. Irabazteko, bi “ezinbesteko” gako azpimarratu zituzten: “Batetik, ahalik eta lan handiena egin behar da gaztetxearen arazoa «hiriko arazo nagusi» bihurtu dadin (…) Bestalde, ez dugu planteatu behar gaztetxearen gaia eraso edo arazo isolatua balitz bezala (…) Herritarren eta erakundeen —bereziki PPren— arteko gatazka bat bezala enfokatu behar dugu, betiere ahaztu gabe erdian gaztetxea dagoela”. Asanblada irekia deitu zuten herri mugimenduetako lagun konplizeekin, apustua azaldu eta berau errealitate bihurtzeko laguntza eskatzeko, eta indarberriturik ekin zioten kanpaina zinez biziari. Urria zen, amaiera “erabakigarria” bost hilabete aurrerago etorriko zen: erraldoia izan behar zuen martxoaren 23ko manifestazioa. Bitartean, galtza bete lan.
Kanpaina
Kaleetan propaganda eta komunikazio lan jarraitua egin zuen gaztetxeak. Gasteiztarrak non bildu –Alde Zaharrean, saltoki handietan, Alavesen partidan–, han agertzen ziren gaztetxeko “mimoak” hitzik gabe Muinoko Etxea zer zen eta zein arriskutan zegoen azaltzen. Unibertsitateko irakasleek inkesta soziologiko bat gidatu eta babestu zuten, auzokideek gaztetxeaz zuten iritzia (oso ona) aztertzeko. Herri mugimenduak lan-esparruka elkartu ziren astebeteko egitarauak osatzeko, hamalau astez segidan gaztetxea bera jarduerez lepo betetzeko. Musika CDa kaleratu zuten, puntako taldeen abesti berriekin. Inauterietako urteroko desfile munizipala birpolitizatu eta milaka gasteiztarrek Txanketeren barku mitikoko karroza ikusi zuten igarotzen, atzetik dozenaka espekulatzaile gorbatadun zituela eraisketa agindua eskuan. Eta abar.
Ohikoekin batera ezohiko babesak lortu zituzten: Gasteizko auzo elkarte guztiena eta hiriko sindikatu guzti-guztiena, PSE salbu oposizioko talde politiko guztiena, eskaut koordinadorarena, Gasteizko seminarioko apaizena, Unax Ugalde edo Almudena Cid gasteiztar famatuenak. Efektu kolpe sonatuak izan ziren: “Gaztetxeari ez zaizkio ideiak bukatu bere aldekoak errekrutatzeko eta, horrela, PP-UA udal-gobernuak eraikina eraisteko duen asmoa geldiarazten saiatzeko. Hainbesteraino, non lokalaren alde agertu den azkena hiriko alkate ohia izan den”, zioen El Correo-k gaztetxeko liburutegian bertan 20 urtez alkate izandako José Angel Cuerda, S.A musika taldeko Juan Aceña eta Lourdes Oñederra Euskadi literatura saria batu zituen prentsaurrekoaren berri emateko.
Gorka Urtaran alkate antiokuparen ama eta aita politikoa okupen defentsan
Errekaleor, Olarizuko etxe okupatuak, Alde Zaharrekoak… Hautu politikoz zein behar gorri hutsez okupatzen dutenen aurkako bandera harro altxatzen du Gasteizko EAJko alkate Gorka Urtaranek, PPren diskurtsoa –eta bozak– bere eginez. “Lapurrak”, “anti-sistemak”, “aprobetxategiak” eta beste. Horrelakoak ere bota zituen Alonsok 2001ean gaztetxearen aurka, hura eraisteko asmo betean.
Urtaran Gasteizko alkatetzarako hauteskundeetara lehenbizikoz aurkeztu zenean, 2005ean, ordurako politikatik erretiratuta zegoen José Angel Cuerdak ezusteko agerraldia egin zuen “umetatik” ezagutzen duen Urtaranen hautagaitza babesteko. “Seme baten parekoa da niretzat”, adierazi du behin baino gehiagotan. Alonsok 1999an hauteskundeak irabazi zituen arte, Trantsizioaz geroztik Cuerda izan zen Gasteizko alkate bakarra, 20 urtez. Urte horietan bere lankide eta konplize nagusia María Jesús Agirre izan zen: Urtaranen ama. Hauteskundeak galduta politika instituzionala utzi zuen Cuerdak –ez politika, besteak beste Olarizuko bizilagunen alde aritu baita lanean–, eta udaleko EAJren buruzagitza hartu zuen Agirrek. 2001eko abenduan Cuerda “alkate-ohiak” prentsaurrekoa eman zuen Alonsok eraitsi nahi zuen gaztetxearen alde, gaztetxearen liburutegian bertan. Hilabete lehenago beste horrenbeste egin zuen toki berean María Jesús Agirrek EAJko udaleko buru bezala, Batasunako, EAko eta Ezker Batuko udaleko ordezkariekin batera. Ez da harritzekoa, jakina baita seme-alabak beti izaten direla gurasoak baino kontserbadoreagoak. Edo, alderantziz ote zen?
Horren guztiaren erdian, Alonso ordura arte harro eta mehatxuzalea atzera egiten hasi zen –indar korrelazioa aldatzen ari zela ikusita, gaztetxeko kideen ustez–. PSEk proposatuta eraisketa data-muga zehatzik gabe “izoztea” onartu zuen lehenik, eta adierazpen su-eragileak egiteari utzi zion ondoren. Gaztetxean pentsatu zuten hori zela, hain zuzen ere, ez lasaitzeko unea, baizik eta gasteiztarrei erronka publikoa botatzekoa: “Gaztetxeak aurrea hartu eta manifestazioa deitu du martxoaren 23rako”, izan zen Berria-ren lerroburua urtarrilaren 14ko prentsaurrekoa jasotzean: “(…) ‘Fase erabakigarri batera’ heltzea eragingo dute, ‘gaztetxeak jarraituko duela bermatzeko’”. Gasteiztarrei dei egin zieten gaztetxearen defentsan aktiboki inplikatzeko, eta horretarako bideak sortzeko konpromisoa hartu zuten. Hamar egunera gasteiztarrak ez, iratxoak izan ziren gaztetxearen deiari erantzuten lehenak.
Iratxoen bisitaren uhin hedakorrak
Bisita labur baten ideiarekin heldu ziren Gasteizera iratxoak, baina hain ondo hartu zituzten gasteiztarrek, egonaldia luzatu eta luzatu beste aukerarik ez zutela izan. Eskaiolazko metro erdiko artelanak egin eta margotzeko prozesua (ordu asko eskatzen zituena) areto itxietatik atera zuten, kalean iratxo-tailerrak antolatu eta ume zein helduek kanpainarako zein norbere etxerako iratxoak egin zitzaten; tabernari eta dendariek iratxoak eskatzen zituzten beren barra eta erakusleihoetan kokatzeko; kartel propioa atera zuten iratxo baten irudiarekin; mozorro zainduak egin zituzten eta giza-tamainako iratxoek kaleetan propaganda banatzeari ekin zioten –lan zaila, berekin argazkiak ateratzea eskatzen baitzieten gasteiztarrek–. Are gehiago: 2005ean, gaztetxea berriro ere hil ala biziko arriskuan zegoela, bigarren bisita masiboa egin zioten basoetako iratxoek Gasteizi. Aldaketa txiki batekin: 2001ean irribarretsu bazeuden, 2005ean bekozko haserretu antzekoarekin heldu ziren, “nahikoa da gaztetxea aldiro mehatxatzeaz” adieraziz bezala. 2005 esan dugu, baina 2002an gaude, gaztetxearen etorkizuna zirt ala zart erabaki behar duen manifestazioaren atarian.
Manifestazio erraldoia
Hiriko 91 mugimendu herritarrek deitu zuten Gaztetxearen alde, aniztasunaren alde. Okupemos la calle leloa zuen manifestazioa. Deialdia babestu zuten 200 gasteiztar ezagun baino gehiagok, hiriko sindikatu denek eta Batasuna, EAJ, EA, Ezker Batua, PCE eta Zutik alderdiek. Hilabetetako lanaren emaitza ikusaraziko zuen manifestazioak, eta emaitzak erabakiko zuen gaztetxearen biziraupena. Sentsazioak onak ziren… Baina, badaezpada, bi komunikatu zituzten prest gaztetxeko kideek: bildutako jende kopuruaren arabera erabakiko zuten zein irakurri. Gasteiztarren –eta euskal herritarren– uholde batek okupatu zituen Gasteizko kaleak jai eta aldarrikapen giroan (7.000 Correo-ren arabera, 10.000 Gara-ren esanetan). Ez zuten zalantzarik izan irakurri beharreko komunikatuaz: “Alikate jaun txit goren hori: Kontziente gara aurrez baimena eskatu gabe zuri zuzentzea probokazio hutsa dela (…). Baina, dena den, damurik ez dugula eta berriro ere egingo dugula zin egin arren, mesedez, behingoan, entzuiguzu (…) Gaztetxearena ez da kasu bakarra. Autoritarismo garaietan bizi gara. Beste garai batzuetan lortutako askatasunak galtzen ari gara (…) Baina gaur gaztetxea da. Manifestaldiak gaztetxeari buruzko iritziaren isla izan beharko lukeela esaten ibili gara. Hiriak argi agertu duela uste dugu. Beraz, ez dugu bukatuko alkaideari orain zer egin behar dugun galdezka, baizik berak zer egin behar duen esanez. Hiriak hitz egin du. Alikate jaun txit gorena, bi puntu: utz-gaitzazu-bakean!!!”.
Beren basoetara bueltatu ziren iratxoak, manifestazio osteko parrandan dena eman ondoren eta gaztetxeak irabazitako lasaitasun garai berrian bere aletxoa jarri izanarekin pozarren. Alonsok atzera egin baitzuen, egin zuenez. Etorriko ziren bai, mehatxu, larritasun, eta abentura berriak aurrerago: baina hori, irakurle maite, beste istorio bat da. Alonso bazan ala ez bazan, sar dadila betiko kalabazan, eta irten daitezela iratxoak gaztetxeko plazan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!