Instituzioei euskarazko aisialdia bermatzeko eskatu diete guraso elkarte ugarik
Eskaintza urria izateaz gain, euskaraz antolatutako ekimen ugari erdaraz ematen direla salatu dute. Instituzioen ardura azpimarratu dute euskarak behar duten tokia izan dezan.
Gasteizko ikastetxe ezberdinetako 18 guraso elkartek modu bateratuan agerraldia egin dute gaur arratsaldean Plaza Berrian, Udaletxearen aurrean «Gasteizko aisialdia euskaraz nahi dugu lelopean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria den Agurne Gaubeka ere bertan izan da, guraso taldeen eskakizunekin bat eginez. Haur eta gazteentzako euskarazko aisialdia eskaintzak daukan garrantzia azpimarratu dute agerraldian, eta instituzioei dei egin diete daukaten ardura «muturreraino eraman» dezaten.
Gasteizko euskararen egoera aipatu dute guraso elkarteek. Araba izan da euskararen ezagutzak hazkunderik handiena izan duen lurraldea, eta Gasteizko Lehen Hezkuntzako ikasleen % 94a dago D eta B ereduetan matrikulatua. Hala ere, adierazi dute datu hauek eskatzen duten presentziarik ez daukala euskarak Gasteizko aisialdi eskaintzan. Salatu dute euskaraz programaturiko ekintza ugari praktikan erderaz burutzen direla, eta elebidun moduan adierazten diren Gizarte Etxeetako ekintzek ere «gaztelania hutsean» bukatzen dutela.
Egoera aldatzeko neurriak eskatu dituzte prentsaurrekoan, haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta «euskaraz eginez gozatzeko» baldintzak sortzea eskatu dute. Gizarte Etxeetako ekintzen gidariak ahaldundu eta prestatzea eskatu dute jardueretan sortzen diren hizkuntza egoerak «euskararen alde bideratzeko». Era berean, elebidun moduan agertzen diren Gizarte Etxeetako ekintzak birplanteatzeko eskatu dute, euskarak ez duelako azkenean tokirik izaten.
Instituzioek gidaturiko eta ordainpeko ekintzetan euskara bermatua egon dadila eskatu dute, bai zuzenean Udalak edo Aldundiak antolatutako ekintzetan, baita instituzioak parte diren bestelako eskaintzetan ere, Musika eskolan, Arte eta Lanbide Eskolan eta Artium Museoan, adibidez.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Agurne Gaubekak, hitza hartu du agerraldian, eta adierazi du Behatokitik bat egiten dutela guraso hauen irakurketa eta aldarrikapenekin. Azaldu du aisialdian euskarazko eskaintza urria izatearen arazoa orokortua dagoela Euskal Herri osoan, eta hutsune nabarmena dagoela batez ere haur nagusiago edo gaztetxoei zuzendutako ekimenetan.
Gaubekak adierazi du erakunde publikoetatik antolatzen diren hainbat ekintza, tailer, hitzaldi eta bestelakoetan euskarazko eskaintza urriagoa izaten dela eta, guraso elkarteek salatu bezala, euskaraz iragarritako asko ere nagusiki gaztelaniaz egitera pasatzen direla. Euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak zabaltzea aldarrikatu du Behatokiko zuzendariak, eta adierazi «etorkizunean jendarte justu eta berdinzaleago bat irekitzeko» neurriak hartu behar direla zentzu horretan administrazio publikoetatik.
Eremu pribatuan ere jarri du begirada Gaubekak, eta Erakunde Publikoei gogorarazi die arlo pribatutik egiten den euskarazko eskaintza sustatzeko betebeharra dutela. Eskaera instituzio publikoei zuzendu dieten arren, aisiari lotutako eskaintza asko azpikontratu bidez edo diru publikoz lagunduta egiten direnez enpresa horiek ere hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzketela adierazi du.
Behatokiak jasotako kexak
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kexa ugari jasotzen ditu urtean zehar, eta herritar ezberdinek ikusi edo bizitako urraketak biltzen dituzte. Azken hiru urteetan ia ehun urraketa ezberdin salatu dituzte Gasteizko Udalaren aurrean. Askok seinaleekin edo administrazio publikoaren jakinarazpenekin dute lotura, baina ikus daitezke aisialdiko eskaintzan euskarak lekurik ez izatearekin lotutako ugari ere.
Udalak antolatutako ikuskizunen artean euskarak presentzia txikia daukala salatu dute herritar ezberdinek urteetan zehar. Jaialdien programazioa gaztelania hutsez egotea, Errege Magoen ikuskizunak, Erdi Aroko Azokako ikuskizunak eta beste ekimen publiko asko gaztelania hutsez izatea ere jaso du Behatokiak. Euskarazko ekimen ezberdinetan dabiltzan langileek euskaraz ez jakitea ere salatu izan da. Bi pertsonek salatzen dute, adibidez, Udalak antolatutako izotz pistan edo euskarazko gisa iragarritako «Jarduera musikala egungo erritmoekin» ikastaroan ezin izan zutela euskarazko zerbitzurik jaso, Udalak kontratatutako langileek ez zutelako hizkuntza eskakizuna betetzen.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!