«Ilegala banaiz, alda zuen legea»
Errekaleorreko argi mozketa biolentoaren jarraipena egin izanagatik erasotuak izan ginenetik ia bi urte pasa dira. Hala Bedik egiten duen lan komunikatiboaren aurkako eraso zuzen bezela ulertu genuen hasieratik baina epaitegietara jo behar izan dugu Eusko Jaurlaritza legez kanpo jokatzen ari zela erakusteko. Esan eta egin: Eusko Jaurlaritza kondenatua izan da Hala Bedi zigortzeko asmo hutsez, legez kanpo jardun izanagatik.
Jendarteak, informatuta izateko eskubidea dauka eta herritar orok dauka informatzeko eskubidea ere. George Owell-ek zioen bezela, “Periodismo es publicar lo que alguien no quiere que publiques. Todo lo demás son relaciones públicas”.
Hala Bedik ikuskera horrekin bat egiten du. Ahotsik ez zutenei ahotsa emateko jaio zen eta bere helburua hori izaten jarraitzen du. Interes pribatuen esku dauden komunikabideek, eta zoritxarrez kasu askotan, komunikabide publikoek ere, hainbat errealitate izkutatzen edo manipulatzen dituztela agerikoa da. Hain zuzen, horri aurre egitea da gure helburua. Hala Bedi, beraz, kontrainformaziorako eta bisibilizaziorako tresna komunikatibo herritarra da. Komunikabideak jendartearen zerbitzura ez daudenean, herritarrok eskubidea eta beharra daukagulako, kazetari bihurtzeko eta gure beharrak asetuko dituzten tresna komunikatiboak eraikitzeko. Bada, horixe bera da gure testuinguruan maiz aurkitu dezakegun kazetaritza mota, alegia, bere funtzioak betetzen ez dituen kazetaritza disfuntzionala. Horregatik existitzen gara.
Komunikabide askotan darabiltzaten desinformazio tekniken adibide ugari jar ditzakegu, baita elkarbizitzarako batere onurarik ekartzen ez duten intoxikazio kanpaina mediatikoen adibideak ere. Ongi dakite hori Altsasuko edo Errenteriako bizilagunek. Horregatik, ez da kasualitatea Hala Bedi bezelako komunikabide herritar bat Mozal Legearen jo puntuan jarri izana. Status Quoa mantendu nahi duten botere politiko eta ekonomikoek badakite, euren azpijokoekin jarraitu ahal izateko, komunikabide batzuen ixiltasun edota manipulazio konplizea izan behar dutela, horixe baita jendearen haserrea eta erantzuna apaltzeko/elikatzeko modua. Baina gu ez gaituzte zerrenda horretan aurkituko, guk ez dugu errealitate jakin batzuen aurrean mutu edo itsu gelditu nahi. Hala Bedi bere testuinguru sozialean eragiteko jaio zen, eta ez diogu helburu horri uko egingo. Ez dugu onartuko, ezta ere, gure lana gezurren bidez kriminalizatzea. Gaur ozen esan dezakegu, muntaia politiko -polizial baten enegarren biktima izan garela. Zer dauka Eusko Jaurlaritzak honen aurrean esateko? Herritarron eskubideak eta interesak defendatu beharrean, botere ekonomiko edo politiko jakin batzuen alde lerrokatzen jarraitzeko asmoa du?
Argi dago, batzuk ez zutela nahi Errekaleorren gertatuko zenari buruzko informazio grafikorik egotea. Zentzu horretan, Mozal legea, tresna ezin hobea da herritarron adierazpen askatasunaren kontra egiteko, eta ezin izan zioten berau erabiltzeko tentazioari uko egin. Izan ere, Mozal Legeak herritar ororen eskubideak arriskuan jartzen ditu. Zer esanik ez, komunikabideen arloaz jarduten dugunean. Informatzeko eta informatua izateko eskubidearen aurka jardutea, demokraziaren aurka jardutea da. Kazetari bat lan egiten ari denean, bere lana oztopatzea larria da, are larriagoa, oztopoak funtzionario publiko batek edo sare batek jartzen dituenean. Ez soilik inolako arrazoirik gabe kazetari baten kontra biolentzia erabiltzeagatik, baita kazetariak egiten duen lanaren oinarrizko funtzio sozialagatik ere.
Polizia bat, ez da kazetari bat baino profesionalagoa edo garrantzitsuagoa. Zergatik eman dio orduan Eusko Jaurlaritzak balio gehiago poliziaren hitzari, kazetariaren hitzari baino? Ikuspegi horrek, babesgabe uzten gaitu kazetariok. Horrek esan nahi du, onartzen dela kazetariak maltzurkeriaz joka dezakeela, baina poliziak ez. Ez gaude ados, eta Euskal Herrian sobera ditugu bortizkeria eta harrokeria polizialaren adibideak. Baita interes politiko jakin batzuen babespean zenbait komunikabideren kontra abiatu eta abiatzen diren eraso etengabeak: Egin, Gara, Gaztesarea, Ahotsa, Argia, El Salto…Horren parte izaten jarraitu nahi du Eusko Jaurlaritzak?
Euskal Autonomia Erkidegoko eta estatuko kazetari elkargo ezberdinek, Informazio Askatasunaren aldeko Plataformak, Arartekoak, ideologia ezberdinetako kazetari eta komunikabideak…aho batez salatzen ari gara Mozal Legearen arriskuak. Arduradun politikoak garaiz zaudete, ordea, oinarrizkoa eta ezinbestekoa den eskubide baten alde lerrokatzeko, zuena ere bada eta. Ardura publikoak dituzuen heinean, zaindu gaitzazue komunikabideok, baina ez ikuspegi klientelista batetik, eskubideen ikuspegitik baizik. Demokraziarik ez dagoen egoeretan, poliziaren funtzioak ez dauka inolako zentzurik, estatuaren biolentziaren monopolioak ez baitu legitimitaterik. Baina informatzeko eta informatua izateko eskubiderik gabe, ez dago demokraziarik.
Herri demokratikoetan, komunikabideak berme bat dira. Diktaduretan, salaketarako tresna. Edozein kasutan, beti egon beharko lukete herritarren zerbitzura. Polizia, ordea, gobernuak modu arbitrarioan ezartzen dituen legeak betearazteko dago, izan justoak edo ez. Arazoa, beraz, argia da: zuek diseinatu eta onartzen dituzuen legeak. Are argiagoa da konponbidea. Mozal Legea bertan behera utzi beharra dago. Gugatik, zuengatik, guztiongatik.
Bide batez, Mozal Legaren jo puntuan egon diren eta dauden bestelako komunikabide, eragile sozial eta norbanakoei gure babesa adierazi nahi diegu. Bereziki, instituzioen aurka borrokatzeko babes edo indarrik gabe sentitu diren horiei. Hala Bedik bidelagun ugari izan ditu kriminalizazio prozesu honen baitan eta horiei esker Eusko Jaurlaritzaren gezurrei aurre egin ahal izan diegu. Mil esker ACAB abokatu sareari, ELEAK-i eta ondoan egon zareten guztioi. Gogoan izan, badirela Mozal Legeari aurre egiteko tresnak eta bidelagunak. Saretu gaitezen Eusko Jaurlaritza behin betiko herritarron eta kolektibo sozialen eskubideen alde lerrokatu dadin. Izan dadila garaipen txiki hau, borrokatzen jarraitzeko bultzada pizgarri bat.
Hala Bedi
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!