Ikusgunek 2022ko LGTBI+fobiari buruzko VI. txostena argitaratu du
16 gertakari LGTBI+fobiko erregistratu ditu behatokiak. Igo egin dira gorroto diskurtsoak eta irainak.
Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, 2022. urtean jasotako salaketen inguruko txostena argitaratu du. 16 kasuren berri eman dute, hamar eraso homofobo, bost eraso transfobo eta eraso LGTBI+fobo bat erregistratu ziren iaz. Amets Martinez de Hereditak, Ikusguneko koordinatzaileak, adierazi du haien helburua ez dela soilik gertakari hauek salatzea, LGTBI+ pertsonentzako zaintza sareak sortzearen beharra ere azpimarratu du.
2021. urteari buruzko txostenean baino 9 eraso gutxiago jaso dira 2022an, baina ohartarazi dute, 5 urteko datuen ikuspegia izanda ere, «oraindik urrun gaudela sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko erasoen eta diskriminazioen argazki garbia izatetik».
Gertakariak
Eraso homofoboak izan ziren 2022an tipologiarik errepikakorrena, eta eraso transfoboak ondoren. Ikusgunetik nabarmendu dute, hala ere, «pertsona transek jasan dituztela homofobo gisa jasotako gertakari horietako batzuk». Gorroto diskurtsoak eta irainak izan ziren gehien erregistratutako eraso motak, nahiz eta eraso fisikoekin eta diskriminazioarekin lotutakoak ere jaso ziren iaz.
Negua izan da kasu gehien bildu duen urtaroa, baina hilabeterik hotzenetan emandako erasoak «sare sozialetan edo barnealdeetan» jazo dira. Nabarmentzekoa da iaz jasotako eraso fisikoen gehiengoa udaran eman zela, jaien testuinguruan, kasu honetan Andra Mari Zuriaren egunean. Pandemiaren ostean jai-eremuak berreskuratu izanak eragin du «eremu horietako gorabehera larrienak ere itzuli izana», salatu dutenez.
Erasoak emandako tokiei erreparatuta, espazio publikoan eta eskola eremuan eman dira eraso gehien. Datu hauek kontutan hartuta, LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik ohartarazi dute eremu publikoa dela, «oraindik ere, sexu-genero aniztasunarentzat arerio handiena». Gainera adierazi dute, espazio publikoan ematen direnean, diskurtsoen eta eraso fisikoen eragina handiagoa dela. Izan ere, erasoa jaso duenari ez ezik, inguruan daudenei ere eragiten die, bereziki eskola eremuan, oso sentibera den kolektibo bat delako.
Salatzeko zailtasunak
16 izan dira 2022an erregistratutako gertakariak, baina asko erregistratu gabe gelditzen direla gogorarazi dute Ikusguneko kideek. Erasoak ez salatzeko arrazoi ugari daude LGTBI+ pertsonentzat, eta horrek eragiten du eraso asko oharkabean pasatzea.
Alde batetik, Gasteizen gizarte sare sendoa daukaten pertsonen kasuan, «batez ere autoktonoak» direnak, baliabide propioekin konpondutzat ematen dituzte larritasun txikiagoko indarkeriak, izan gorroto diskurtsoak edo irainak, eta ez dute salaketarik egiten.
Bestalde, gizarte sare txikiagoa duten pertsonen kasuetan, arrazoi ezberdinengatik ez dira iristen gertakarien salaketa egitera. Ezjakintasuna, komunikazio arazoak, bakardadea, arbuiatuak izateari beldurra, armairuan egotea eta ulertuak ez izateko beldurra aipatu dituzte Ikusgunetik, besteak beste.
Erasoak salatzeko deia ere egin dute LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik. Egoeraren analisi zehatzagoa egiten lagunduko dutelako eta, batez ere, «ahalduntze feministan eta babes eta zaintza sareak sortzen» lagundu dezakeelako. Salaketak egiteko eskuragarri daude Ikusguneren telefonoa (633 309 653) zein posta elektronikoa (info@ikusgune.eus).
Asteazkenean, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean egingo dute txostenaren aurkezpen publikoa Ikusguneko kideek, arratsaldeko 18:30etan Ikusguneren egoitzan, Pintore kaleko 47. zenbakian.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!