«¡Hoy nos chingamos al Estado!» Behingoan Mexikok emakume, indigena eta pobre izatearen gaitza onartu zuenekoa -Maialen Martínez de Marigorta-
-
Jacinta, Alberta eta Teresa emakume indigenen errugabetasuna onartu eta barkamena publikoki eskatu behar izan zien Mexikar Gobernuak, aurrekaririk gabeko ekitaldi batean.
-
5 polizia bahitu izana egotzita, 3 urte baino gehiago pasa zituzten kartzelan; hasieran 21 urteko espetxe zigorra jaso zuten.
-
Estela Hernandez, espetxeratutako indigenaren alabak, Fiskaltzako ahaldun nagusiaren aurrean egindako hitzaldia: “Hoy queda demostrado que ser pobre, mujer e indígena, no es mtivo de vergüenza. Vergüenza hoy es de quien supuestamente debería garantizar nuestros derechos como etnia, como indígenas y como humanos”.
Maialen Martínez de Marigorta gasteiztarrak Mexikotik idatzitako artikulua
Jacinta Francisco Marcial emakume indigena da, ama-hizkuntza ñhäñhúa du eta Santiago Mexquititilanen bizi da, Queretaro estatuan. Bere komunitateko kaleetan zehar zaporedun ur mexikarrak saltzeaz bizi da, sei seme-alabako familia zabala mantentzeko.
Azken 11 urteak amesgaizto batean bizi izan ditu Jacintak, 2006. urteko abuztuaren 3az geroztik. Egun horretan zibilez jantzitako pertsona batzuk bere etxera gerturatu ziren; ilegalki moztu omen zuen zuhaitz baten inguruan deklaratu behar zuela eta, Santiago de Queretaro hiriburura eraman zuten. Queretaroko epaitegietan, komunikabideen aurrean, beste bi indigenekin batera bost polizia bahitzea leporatu zioten.
Geroago jakin zuen Jacintak zer zen leporatzen ziotena, momentuan ez baitzuen ezer ulertu. Are beranduago jakin zuen urte bereko martxoan, salmenta “pirata”-ren aurkako sarekada batean Noticias egunkariak ateratako argazki batean agertu zela, herriko merkatuaren inguruan. Jacinta egunero ibiltzen zen merkatuan bueltaka, han saltzen baitzituen bere zaporedun ur freskoak. Sarekadaren osteko istiluetan bost polizia bahitzea egozteko beste frogarik ez zen agertu orduan, eta ez da agertu gaur egun ere.
Jacintarekin batera beste bi emakume ñhäñhú atxilotu zituzten egun berean: Teresa eta Alberta. Haien prozesu penala ere, Jacintarena bezala, eskubide-urraketez beteta egon zen: indigenak izan arren ez zitzaien itzultzailerik egokitu prozesuan zehar eta haien defentsarako frogak ez ziren ontzat hartu. Aldiz, polizia federalen testigantzak izan ziren onetsitako bakarrak, nahiz eta haien aitorpena beste faktore eta lekukoek emandako informazioarekin bat ez etorri. Hala eta guztiz ere, atxiloaldi prebentiboan egon ziren hirurak 2008ko abenduaren 19an epaimahaiak laudoa publiko egin zuen arte: 21 urteko espetxe zigorra eta 2000 eguneko isuna.
Baina Jacinta, Alberta eta Teresa ez dira lege-prozesu baten aurrean eskubide-urraketak jasan dituzten indigena bakarrak: Mexikoko Hizkuntza Indigenen Institutuaren arabera 200 indigena pasa dira kartzelatik, beren eskubide linguistikoak urratuta ostera aske geratu direnak. Mexikon biztanleriaren %15 indigena da eta 68 ama-hizkuntza ezberdin mintzatzen dira, baina itzultzailea izatearen eskubidea, Konstituzioak dakarrena, etengabe urratzen da. Gainera, espetxeratutako emakume gehienei osasun publikoaren aurkako delituak egozten zaizkie, maiz droga harat-honat garraiatzeko erabiliak izaten baitira; herrialde askotan hau ez da delitu larria, baina narko-estatu mexikarrean pobrezia da etengabe zigortzen dena.
Emakume indigena bat espetxeratzean bere usadioetatik isolatu eta, noski, komunitateko erroetatik erauzi egiten dute. Komunitate anitzetan espetxeratua izatea lotsagarria izaten da, eta mespretxua ere jasaten dute preso ohiek askatasuna berreskuratu ostean; estatu-aparailuetatik urrun egonda, komunitateetako biztanle askorentzat atxiloketa da fidagarria den epai bakarra. Horregatik, Mexiko Hiriko Giza Eskubideen Komisioaren (CDHDF) datuen arabera, emakume indigenek apenas jasotzen dute bisitarik espetxeetan, eta familiarekiko harremanak oso eskasak izaten dira. Nork zaintzen ditu bada, zaintzaileak?
Azken batean, Jacinta, Alberta eta Teresak hiru urte pasatxo eman behar izan zituzten atxiloturik; ez zuten zigor osoa bete behar izan haien komunitateak, giza eskubideen defentsarako taldeek, gizarte-mugimendu ezberdinek eta eurek aurrera eramandako borrokari esker. Hala ere, ez dira estatuaren sistema judizialak eta espetxe sistemak emakume, indigena eta klase baxukoa izateagatik zigortutako lehenengoak, eta tamalez ez dira azkenak izango.
Lehenbiziko aldiz, mexikar estatuko botere judizialek bertako fiskaltzari agindu zioten Jacinta, Alberta eta Teresari barkamena publikoki eskatu eta haien errugabetasuna onartzeko. Militar eta poliziek inpunitate osoz diharduten herrialdean, non delituen %99 zigorgabe geratzen den, ez da zaila imajinatzea beste askok ere merezi dutela eta mereziko dutela barkamena, segurtasun eta politika paradigmak 180 graduko bira eman ezean. Hala ere, Jacintaren alabak errugabetasun ekitaldian esan bezala, “kalte-ordainak ez du balio mina eta tristura gainditzeko”: benetako helburua horrelakorik berriro ez gertatzearen bermea da.
Mexikori buelta eman zion bideoan Jacintaren alabak esan bezala, Fiskaltzak barkamena behin eskatzeak ez du garrantzirik, “justizia lortzeko bidea ohitura bihurtu beharra” baitago. Mexikon ostera ospetsu egin den aldarria bota zuen orduan: “¡Hoy nos chingamos al Estado! Hasta que la dignidad se haga costumbre”.
*Artikuluarekin lotutako bi bideo:
- Estela Hernandezen hitzaldia (Gaztelaniaz):
“A los que sólo piensan en el dinero de reparación de daños, no se preocupen. No nacimos con él, ni moriremos con él; nuestra riqueza no se basa en el dinero. Pueden estar tranquilos, lo destinaremos y lo haremos llegar a donde tiene que llegar en su momento justo”
https://www.youtube.com/watch?v=x0EjoCumiCQ
- Ekitaldia osorik:
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!