Hezkuntza Lege proiektuaren aurka mobilizatuko dira gaur EAEko hiru hiriburuetan
Gasteizko Plaza Berritik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Lege proiektuak eskola publikoa kaltetu eta publiko-pribatu sistema betikotu nahi duela salatu dute.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak ezezkoa emango dio Hezkuntza Legearen aurreproiektuari gaur arratsaldean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Eusko Jaurlaritzak baiezkoa eman dio jadanik proiektuari eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu berri dute, bertan onartzeko asmotan. Eskola Publikoaren aldeko plataformatik jakinarazi dute ez dela lege hau eskola publikoak behar duena, publikoa «sendotu beharrean ahuldu egiten duelako». Ikasturte hasieran gobernutik zabaldu zuten aurreproiektuari esan bezala, honi ere ezetz esango diote arratsaldeko manifestazioetan, «Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez» lelopean.
Euskal eskola publikoaren beharra azpimarratu dute deitzaileek. Nabarmendu dute publikoa dela «mundu guztiaren hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra». Baldintza sozioekonomiko, kultural edo pertsonalen gainetik hezkuntza unibertsala eskaintzen duen bakarra dela adierazi dute, gizarteko «egoera desorekatuen orekatzaile» dela. Denona eta denontzakoa dela azaldu dute, «unibertsala, inklusiboa, orekatzailea, anitza, laikoa, euskalduna, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa».
Lege aurreproiektuaren akatsak
Topagunetik salatu dute lege honek ez duela publikoa erdigunean jartzen, eta «publiko-pribatu sistema duala betikotu» egingo duela. Sare publikoa eta pribatua berdindu egiten dituela kritikatu dute, eta merkatuaren logikan sartzen dituela enpresak bailiran, publikoak barne. Ikastetxeen arteko «lehiakortasun lasterketa zoroa» sustatzea leporatu diote aurreproiektuari eta ohartarazi dute, denak abiapuntu eta baldintza berdinetan ez daudenez, publikoaren kalterako jokatzen duela neurriak.
Umeen euskalduntzea bermatzeko ezintasuna duela esan dute Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, «ez duelako zehazten nola, ez ze baliabidez» lortuko diren hizkuntza gaitasunean ezarritako helburuak.
Segregazioaren arazoari dagokionez, aipatu dute arazoari aurre egiteko neurriak proposatzen badira ere «neurri artifizial alferrikakoak» direla, ez dutelako arazoaren sustraira jotzen, plataformaren arabera.
Mobilizazioak
Lege aurreproiektu honen aurka kaleak betetzeko asmoa erakutsi dute Topagunetik. Gaur arratsaldean hiru manifestazio abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Gasteizkoa Plaza Berritik abiatuko da, eta gizarte osoari dei egin diote mobilizazioetan parte hartzeko.
Hezkuntzaren esparruan dabiltzan eragile ezberdinak daude Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean. Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako, Aiztondoko eta Urolaldeko plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza eta ESK.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!