[HALA BIDEO] Manifestazio jendetsua Judimendin, energiaren garestitzearen aurka
Manifestazioa salaketa eta ekintza kolektibo bezala egin dute, arazoa indibiduala ez dela adierazteko eta problematika honen aurrean "auzoa batuta agertzen dela ikustarazteko". Hiru hilabete eman ditu Judimendiko Batuta sareak energiaren problematika lantzen eta mobilizazioarekin eman diote amaiera dinamikari.
Judimendiko BATUTA elkartasun saretik bizitzaren garestitzea eta, bereziki, energiaren garestitzea salatzeko manifestazioa egin dute pasa den urtarrilaren 12an. Izan ere, “Hotzez baina sutan. Quemadxs pero sin cale” lelopean, energiaren problematikari erantzun komunitario bat emateko, ikasturteko lehenengo hiru hilabete honetan burutu dituzten ekintza ugariei auzo mailako mobilizazio honekin eman diote itxiera.
Auzoko bizilagunek energiaren garestitzearen ondorioz dituzten arazo eta bizipenak ezagutzeko inkesta bat igorri zuen Batuta sareak, auzokideak erantzun zezaten. Horrela, baieztatu dute Judimenditarren heren batek arazoak izango dituela energia ordaintzeko negu honetan eta, gainera, %90a baino gehiago direla kontsumo ohiturak aldatu beharko dituztela. Egoera honek auzokideen arteko gatazkak sortu ditu, hala nola, auzokideen komunitateen kuoten igoera, galdara komunitarioa pizteko ordutegiari buruzko desadostasunak, energia-enpresarekin kontratua berritzeko edo aldatzeko arazoak etab. “Orokorrean, erantzun kolektiboa ahultzeko, problematika honen indibidualizazio prozesu baten aurrean gaudela ikusi dugu”, adierazi dute elkartasun sareko kideek.
Arazoa «egiturazkoa» eta «sistema kapitalistaren ondorio zuzena» dela berretsi dute sustatzaileek; eta gogorarazi dute Iberdrola, Endesa, Naturgy, Repsol edota Cepsa bezalako enpresek iragan urtean baino mozkin handiagoak pilatu dituztela 2022. urteko lehenengo hiru hilabeteetan. Egoera horretan, irtenbideak «auzo-mailan» ez daudela jakin arren, lehen alea jartzeko modua dela uste dute maila horretako kontzientziazioa eta komunitatea ehuntzea.
Testuinguru horretan, manifestazioa deitzeko beharra ikusi dute salaketa eta ekintza kolektibo bezala: «arazoa indibiduala ez dela adierazteko eta problematika honen aurrean auzoa batuta agertzen dela ikustarazteko. Hau da, bakoitzak bere etxean edo bere hurbilekoekin bizitzen ari garen larrialdi hau, era komunitarioan eta kolektiboan bizitzera pasatzea. Finean, bakarrik ez gaudela ikusaraztea eta indibidualismoaren gorakadaren garaiaren aurrean, komunitatea eraikitzea! Horixe da gure lan-filosofia.”
Instituzio publikoak ere seinalatu dituzte: “Autoritate politikoak non kokatzen den erabaki beharko du. Oligopolio energetikoari men egin edota komuna dena, guztionak diren interesen, nahien eta beharren alde jartzea. Lehenengo aukera orain arte bezala jarraitzea delarik eta bigarrengo aukerak egiteko eta parte-hartzeko moduetan eta komunitatearen paperari dagokionez eraldaketa bat suposatzen duelarik. (…) Badakigu egoera zaila dela eta jakitun gara irtenbideak ez direla errazak, baina irtenbideak elkarrekin pentsatu eta martxan jartzearen aldekoak gara. Energia bezalako oinarrizko ondasun baten gainean komunitatearen kontrola da norabide aldaketa emateko modu bakarra.”
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!