Hainbat Gaztetxeetako militanteren oharra eta Erraki-ren erantzuna
Orain dela gutxi sortutako Erraki gune autogestionatuen babes sarea eta Gaztetxeen autonomia dela eta azken asteetan sortu den eztabaida eta bertsio kontrajarriak direla medio, Hala Bedi-rengana bi artikuluak helarazi dituzte egileek: hainbat Gaztetxeetako militanteek ateratako oharra eta Errakiren erantzuna. Hemen bi testuak, puntuz-puntu eta aldaketarik gabe.
Euskal Herriko Gaztetxe eta gune autogestionatuetan eztabaidatzeko testua
Ondorengo testua Errakiren inguruko eztabaida pizteko zabaldu genuen duela bi aste gazte asabladetan. Hasiera batean testuan bertan aipatzen diren arrazoiengatik eskuz esku soilik zabaltzea erabaki genuen. Duela aste bete, ordea, Errakik berak testuari erantzunez honen zati batzuk sarean argitaratu zituen edukia publiko eginez. Ikusita Errakik segurtasun irizpideak gainditu eta testua zatika publikatu duela, beharrezko ikusten dugu testua bere osotasunean publikatzea, bere zabalpena erraztuz. Hala ere, azpimarratu nahi dugu sare sozialak ez direla eztabaida hau emateko tokia eta ez dugula komunikatu gerra batean sartuko. Testuaren helburua eztabaida asanbladetan ematea da.
Testua Euskal Herriko gaztetxe eta gune autogestionatuetako hainbat militantek idatzi
genuen. Kolektiboa da, baina ez kolektibo jakin baten izenean egina, horregatik ez du sinadurarik. Garrantzitsuena testuaren edukia eztabaidarako tresna izatea da, ez ordea nork idatzia den.
Bestalde, ez genuke nahi testu hau bestelako interes batzuetarako instrumentalizatzea. Hau esanda, hemen doakizue hasierako testua. Aipatu behar dugu testuko segurtasun irizpideen zatia ezabatu dugula, horiek gainditu direnez, ez direlako jada beharrezko:
EZTABAIDARAKO TESTUA
Ondorengo testua Hego Euskal Herriko lau herrialdetako espazio autogestionatu ezberdinetako kide batzuek sortu dute. Testuak, Errakiren agerpenarekin kezkatuta, aipatutako gune ezberdinetako kide batzuen hausnarketa, kritika eta kezkak jasotzen ditu. Hori horrela, testu honen asmoa ez da Erraki suntsitzea, baizik eta ikuspegi eraikitzaile batetik gaiaren inguruko eztabaida sortzea. Testu hau ez dugu publiko egin eta ez dugu publiko egin nahi, Errakiko kideek eskatutako segurtasun irizpideak errespetatu nahi ditugulako. Hori dela eta, testua soilik gune autogestionatuetako asanbladetan zabaltzea eskatzen dugu, horietan gaiaren inguruan eztabaidatu ahal izateko. Beraz, testua eztabaidarako tresnatzat ulertzen dugu, eta ez morborako elementu gisa.
[Segurtasun neurriengatik hurrengo paragrafoa ez da publiko egingo]
Gaztetxeak, historikoki, orokorrean espazio anitzak izan dira ideologia aldetik; gainera, printzipio asanblearioetan oinarrituta, horizontalki funtzionatu izan dute. Bakoitzaren autonomia mantenduz, gaztetxe eta gune autogestionatuen arteko elkartasuna errealitate bat izan da, eta horren gauzapena, dinamika ezberdinetan ikusi dezakegu: koordinadorak, elkarbanatutako agendak, topaketak… Aurrez aipatutako batasun eta koordinazioa, espazio bakoitzaren oinarriak errespetatu eta elkarren arteko puntu komunak aurkituz eraman izan da aurrera.
Hala ere, azkenaldian gaztetxeen kanpotik aipatutako espazioetara zuzendutako dinamika ezberdinak bultzatu dira. Aipatutako dinamiken bidez, gaztetxe eta gune autogestionatuei haien defentsarako erramientez hornitzeko aukerak eskaintzen zaie. Baina proposamen honek ez ditu kontuan hartzen jada badauden estrukturak etaasanblearioak ez diren formak ditu. Horrekin batera, dinamika hori, gaztetxe eta gune autogestionatuetatik kanpo dagoen bestelako marko bati lotuta egonik, aipatutako guneen hegemonizazio ideologikoa gauzatzen ari da. Hegemonizazio hori, kontutan edukita proposamenaren inguruan asanbladetako kideen artean ikuspuntu ezberdinak daudela, koordinadoren eta asanbladen barnean banaketak eta hausturak sortzen ari da.
Ondorengo puntuetan jaso nahi izan ditugu zehatzago gaiaren inguruko hausnarketa ezberdinak:
- Sortze eta aurkezte prozesua:
Ez dugu ulertzen zergatik eraman den ezkutuan gune autogestionatuetako kide guztientzat erabilgarri izatea espero den erraminta baten sorrera. Are gehiago, kontuan hartuta egon izan direla antzeko helburuei erantzuteko esperientzia desberdinak, koordinadorak kasu.
Asanbleetan Erraki produktu amaitu bat bezala aurkeztea jada existitzen diren elkartasun sare formal eta informalekiko aitorpen falta bat dela iruditzen zaigu. Indarrean diren gune autogestionatu ezberdinen arteko koordinazio eta elkarlanerako markoak erabili eta indartu beharrean, ustez helburu berbererako diren bestelako egitura batzuk sortu dituzte. Horrek aurreko markoak ahultzea ekarri du; batetik, esan bezala, haiek ez indartzeagatik, eta bestetik, gaztetxeen hegemonizazio ideologikoaren inguruan egon daitezkeen postura ezberdinengatik sortu daitezkeen urruntzeengatik. Komunitatea indartzea, asanbladen arteko sareak indartzea eta sortzea dela pentsatzen dugu, ez ordea, haien arteko banaketa eta hausturak ahalbidetzea.
Erraki espazio ezberdinetako asanbladetan aurkezteko moduari dagokionez, tokian toki aldakorra izan dela aipatu nahi dugu. Ez da toki guztietan aurkeztu eta tokiaren arabera azalpen ezberdinak eman dira. Azken horrekin lotuta, azpimarratu nahiko genuke orokorrean ez dela azaldu zeintzuk diren Errakiren erabakiguneak, eta zenbait tokitan ez dela Errakik antolakunde zehatz batekin duen loturaren berri eman.
- Funtzionamendua:
Zerbitzuen logika:
Funtzionamenduarekin lotutako lehen kritikan, Errakiren funtzionatzeko modua zerbitzuen logikaren barnean kokatuta ikusten dugu. Errakiren parte izateko espazio bakoitzari zenbait baldintza eskatzen zaizkio: dirua, jakintza espezifikoak dituzten norbanakoak (elektrizitatearen inguruko jakintzak, iturgintza, juridikoa…), deialdi ezberdinetan parte hartuko duen jende kopuru minimoa… Guzti horren trukean, Errakik defentsa eta babeserako tresnak eskaintzen ditu.
Erabaki guneak:
Aipatutako funtzionamendua aurrera eraman ahal izateko badira argi geratu beharko liraketen erabaki asko: erresistentzia kutxa zertarako erabili? Erraki zein espazioetan aurkeztu? Indar handirik ez balego zein irizpideren arabera lehenetsi espazio baten edo bestearen defentsa? Nola jokatu Errakiren parte ez den gune autogestionatu edo gaztetxeren bat arrisku egoeran dagoenean?
…
Asanblearismoa eta horizontaltasuna bermatze aldera, oso garrantzitsua iruditzen zaigu zehaztea non eta nola hartzen diren halako erabakiak. Nork parte hartzen du edo parte hartu dezake Errakiko erabaki guneetan?
Asanbladetatik kanpo kokatzen diren egituren aipamena egitea dagokigu galdera horien erantzunaren formulazioan. Izan ere, antolakunde zehatz eta bakar bateko kideak dira soilik Errakiko erabaki guneetako partaide. Hala, kontraesantzat hartzen dugu haien diskurtsoa, erabaki baitute ez duela antolakuntzan egoteko aukerarik guneetako asanbladetako edozein kidek, nahiz eta autodefentsarako saretzearen beharrarekin ados egon. Nola sortzen dira beraz autodefentsarako erramienta eta sare horiek? Gaztetxeetatik? Edo gaztetxeentzako?
- Hegemonizazio ideologikoa:
Aurreko puntuarekin lotuta, oso erabaki garrantzitsua iruditzen zaigu erramientarekin batera zabaltzen den diskurtso politikoa kontutan izatea. Gaztetxeak eta gune autogestionatuak ulertzeko eta definitzeko modu bat plazaratzen du. Honela, kanpoko egiturak dira gune horiek definitzen dituztenak, definizio hori asanbladetatik bertatik sortu beharrean. Puntu honek, aurrekoekin batera, gaztetxe eta gune autogestionatuen autonomian pentsatzera garamatza. Aipatutako sortze prozesu eta funtzionamendua kontutan izanda, proposamenak kolokan jartzen du historikoki asanbladen ezaugarri izan den autonomia.
Laburbilduz eta amaitzeko, argi utzi nahi dugu oso ados gaudela gune autogestionatu eta gaztetxe ezberdinen arteko autodefentsa eta elkartasuna saretzearen beharrarekin. Hala ere, asanbladen oinarrian egon diren printzipio horien baitan funtzionatzen jarraitzeko, antolakuntza horrek horizontala eta autogestionatua izan behar duela uste dugu.
Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarearen Erantzuna
Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarearen aurkako dokumentu bat ari da zabaltzen Euskal Herriko gune ezberdinetan. Testua gure eskuetara ere heldu da. Zuzenean gure izaera eta funtzionamendua dituenez hizpide eta kritikagai, guk idatziaren aurrean erantzun bat ematea erabaki dugu, nahasmendua sortzeko saiakerak argitu eta eztabaida arrazional eta fundamentuzko baterako elementuak eskaini asmoz.
Aipatutako testua bi zatitan banatzen da: lehenengoan, testuaren asmoak, eztabaidarako metodologia eta gaztetxeen inguruan egindako hausnarketa orokorrak azaltzen dituzte. Bigarren atalean, berriz, Errakiren gaineko kritika bat egiten da, zeinak Errakiren antolakuntza forma, eratze prozesua eta funtzio politikoa dituen jopuntu.
Orokorrean, testu horretan Errakiri egiten dizkioten kritikak ondorengoak dira: Errakik gune autogestionatuen autonomia kolokan jartzen duela, ez dituela aintzat hartzen jada existitzen diren zenbait antolakuntza marko, gune autogestionatuei informazioa ezkutatzen diela eta aniztasun ideologikoaren aurrean homogeneizazio ideologikoa inposatzen ari dela.
Guk zirkulatzen ari den testua Errakirekiko eraso gisa ulertzen dugu eta hori seinalatu nahi dugu idatzi honen bitartez. Izan ere, autodefentsarako tresna eraginkor baten eraikuntza eta horretarako konpromiso osoz lanean ari diren militanteen lana blokeatu nahi dute testua idatzi dutenek, horren aurrean ezer eskaini gabe egunerokoan gune ezberdinetan benetako arazoak bizi ditugunoi. Orain arte Euskal Herrian ez dugu gaitasunik eduki autodefentsarako erraminta eraginkor bat sortzeko. Erraki gabezia hori gainditzeko jaio da eta horren garapena oztopatzea erabat lekuz kanpo dagoela begi bistakoa da. Nahikorik ez gune autogestionatuen babesa antolatzeko arazoekin eta, gainera, horrelako erasoak jasan behar.
Horrez gain, testuaren egileak ez dute aurpegirik eman eta anonimotasunean ezkutatzen dira, Errakiko militanteak gunez gune aurpegia ematen joan diren bitartean. Eztabaida beti da zilegia eta horretarako aukera dago gune autogestionatuetan Errakiren inguruan hitz egiten dugun bakoitzean. Denok dakigu nor garen Errakiko militanteak eta norengana jo behar dugun benetan zalantzak baditugu edota edozer esan nahi badugu, tresna eraginkor baten sorrera oztopatzen ibili beharrean horrelako testu anonimo erasokorrak zabalduz.
Gainera, testuaren idazle anonimoek esaten dute segurtasun irizpideak bete nahi dituztela eta, paradoxikoki, Errakiren antolakuntza eta funtzionamenduaren inguruko informazioa ari dira zabaltzen testu honetan. Ez ezazue zuen burua zuritu gure izenean. Aurpegia eman eta eztabaida arrazoiketan oinarritu dezagun; izan ere, arduratuta gaude gu ere, ez baitago Euskal Herrian hain premiazkoa den gune autogestionatuen babesa antolatuko duen alderdi edota antolakuntza forma eraginkorrik.
Behin hori esanda, testuak zabaltzen duen edukiaren gaineko gure posizioa azaldu nahiko genuke hurrengo lerroetan.
Hasteko, beharrezkoa iruditzen zaigu aipatzea egungo testuinguru politikoan indar korrelazioa ez dela gune autogestionatuen aldekoa eta babes faltan aurkitzen direla Euskal Herriko espazio asko. Zaurgarritasun egoera etengabea da; hau da, nahiz eta espazio batzuen aurkako inolako arriskurik ez egon, edozein momentutan eta edozein arrazoirengatik piztu daiteke horien aurkako prozeduraren bat eta horrelako egoera baten aurrean gune autogestionatuen defentsarako tresna efektiboen beharra begi bistakoa da. Egoera horretan egonik, agerikoa da babes eta elkartasunerako antolakuntza forma berriak pentsatu eta esperimentatu behar ditugula.
Erraki gune autogestionatuen babeserako instituzio espezifiko bat da, gazte asanbladetan urteetan lanean jardun garenok koiuntura politikoaren eta kategoria politikoen gainean eginiko hausnarketa kontziente baten emaitza dena. Errakik ziklo politiko berriak ekarri duen baldintzetara egokitu nahi duen proposamen politiko zehatz bat da eta ez da elkartasunaren beharraren aurrean sortzen den proposamen espontaneo bat: gazte asanbladetatik egin ditugun autodefentsa sareen eraikuntzarako saiakera guztiek kale egin dutelako garatu behar ditugu antolakuntza modu berriak.
Orain arteko esperientziekin alderatuz, lanaren antolaketa kualitatiboki beste era batera gauzatzeko hautuak antolakuntza eredu berriak garatzea galdegiten du. Gazte asanbladek duten antolakuntza moduak ez du gaitasunik gatazka egoera burgesetan arriskuan dauden espazioen defentsa artikulatzeko. Horrek ez du esan nahi gazte asanbladek bere antolakuntza modu asanblearioa eduki behar ez dutenik, baina babeserako erreminta eraginkor batek beste antolakuntza modu bat eskatzen du. Erraki ikuspegi horretatik jaio da eta ez du gazte asanbladen antolakuntza eredua suntsitu edo ordezkatu nahi, are gehiago, gazte asanbladen espazioen defentsa egiten du eta horretarako eraginkorra irizten dugun antolakuntza ereduaz baliatzen da.
Kontua ez da abstraktuan antolaketa era zuzenena definitzea: gure iritziz, koiuntura politikoari ondoen egokitzen zaion eta eraginkortasun handiena edukitzea demostratzen duen antolaketa eredua da garatu behar dena. Erronka horren aurrean garatzen den proposamen bat da Erraki eta helburuak lortzeko lan egiteko modu jakin bat baino ez du jartzen mahai gainean; boterea antolatzeko modu berri bat proposatzen du.
Tresna espezifiko honen muina, beraz, eraginkortasunean kokatzen dugu. Errakik ez badu lortzen eraginkorra izatea, antolaketa eredu berri baten beharra azalduko zaigu guztioi eta antolakuntza forma berriak sortu beharko ditugu. Baina, berriro diogu, gakoa eraginkortasunean aurkitzen da: planifikazio taktikoak egiteko, epe labur eta ertainerako plangintzak egiteko, gatazka egoerei eta intentsitate handiko erritmoetan erantzuteko, eta beste zenbait egoerei aurre egiteko gaitasunean, hain zuzen ere.
Horrez gain, Errakik ez du bikoiztasunik sortu; izan ere, aurretiaz existitzen diren marko ezberdinek ez dute Errakik bere osotasunean hartzen duen logika politikoa barne-biltzen. Errakik proposamen integral berritzaile bat garatzen du gune autogestionatuen defentsarako, hau da, langile kontrolpeko guneen defentsarako. Hala ere, lehen aipatu bezala, mahai gaineratu dugun
proposamen politikoa ez da ezerezetik jaiotzen, are gehiago, azken urteetan zenbait gune autogestionaturen arteko elkartasuna antolatzeko egin ditugun saiakera ezberdinek topatu dituzten muga eta ezintasunek eskaini dizkigute gure burua pentsatzeko elementuak. Orokorrean, Errakiko kideok urte hauetan emandako esperientzia ezberdinak lehen lerrotik bizi izan ditugu eta gaur egun ere ez ditugu ukatu edota boikoteatzen gune autogestionatuen behar komunak identifikatu eta hauei erantzun politiko bat ematera begira auto-antolakuntzaz garatzen joan diren markoak. Gainera, gurekin atxikita dauden zenbait gune edota bertako delegatu zein errakiko militante diren asko dira honelako espazioak bultzatzen jardun dutenak ekimen, material kolektibizazio, jardunaldi eta topaketak antolatzen.
Bestalde, norabide berean diharduten beste marko politikoekin lana egiteko ez dugu trabarik jarri; kontrara, eragile horiekin kontaktatzen eta harreman bat garatzen saiatu gara, adibidez okupazio bulego zein abokatu talde batzuekin egin den bezala. Okupazio bulegoak bezalako eragileak begi onez ikusten ditugu, beraiek egunerokoan egiten duten lan guztia aitortzen dugu eta beraiekin elkarlana edukitzea da gure asmoa. Horrenbestez, guztiz lekuz kanpokoa iruditzen zaigu esatea Erraki “elkartasun sare formal eta informalekiko aitorpen falta bat dela”. Are gehiago, Erraki bera elkartasun sare formala denez eta gainontzeko sare informalak aitortzen dituenez, zuek zarete horrelako panfletoekin elkartasun sare formalak aitortzen ez dituzuenak.
Egotzi diguzue gure aktibitateak zerbitzuen logikaren baitan funtzionatzen duela. Baieztapen horrek nahasmendua sortzea du xede, izan ere, Errakik trukean oinarritutako harreman sozial kapitalistak erreproduzitzen dituela pentsatzera eraman gaitzake eta. Horren aurrean argipen bat egin nahiko genuke.
Langile kontrolpeko guneei eskatzen zaizkien zereginek irizpide bakarri jarraitzen diote: erreminta bera indartzea. Errakira atxikitako guneek ez dute Erraki ez den beste ezer elikatzen. Erraminta indartzen den heinean soilik lortzen da gune horiei modu eraginkor batean babesa emateko gaitasuna. Gainera, hori guztia militanteen lan diziplinatuaz sostengatzen dugu. Beren gaitasunak tresnaren zerbitzura musutruk jartzen dituzten militanteek erakusten dute zer nolako konpromisoa dagoen guneen aurkako ofentsibari aurre egiteko. Lotsagarriena da horrelako panfleto baten bitartez Errakiren eta militanteon lana oztopatzen saiatzea, gune autogestionatuen defentsarako proposamen bat plazaratu gabe eta, gainera, aurpegia eman eta eztabaida arrazional bati heltzeko gaitasuna erakutsi gabe.
Gaztetxeen autonomia urratzea eta bertako aniztasunaren aurrean homogeneizazio ideologikoa inposatzea ere egotzi diguzue. Errakik azaldu du zein den bere antolakuntza proposamena gune autogestionatuetara bere burua aurkeztera joan denean eta gune bakoitzak autonomia guztia eduki du Errakiren inguruan zer postura izan behar duen erabakitzerako orduan. Izan ere, Errakik beti errespetatuko ditu gune autogestionatu bakoitzaren deliberazio prozesu eta instantziak. Horrenbestez, hainbeste aipatzen den autonomia hori ez da inolaz kolokan jartzen; gune bakoitza da Errakira atxiki edo ez erabakitzen duena, bera eta ez beste inor, eta Errakira batzea bertako kideen hautuaren emaitza izan da beti.
Badakigu, gainera, zenbait gunetan Errakireko atxikimendua eztabaidatu denean ezezkoa inposatu duela minoria batek, nahiz eta asanbladan baiezkoaren aldeko kide gehiago egon. Horiek dira euren burua anti-autoritariotzat dutenak. Errakik ez du ezer esan horrelako kasuetan eta asanblada bakoitzaren deliberazio prozesuak errespetatu ditu.
Autonomiaren kontuaren harira zenbait ohar azaldu nahiko genituzke. Batetik, autonomiak ez du esan nahi lokala. Maila lokalean autonomia eduki genezake zenbait aktibitate aurrera eramateko, adibidez: kontzertuak antolatu, tailerrak, hitzaldiak… Baina, unitate politiko lokalek izugarrizko zailtasunak aurkitzen dituzte denboraren joanarekin beraien proiektu eta dinamikei eusteko: azpiegitura zaharkitzen da eta ez dago gaitasunik berau berritzeko, militanteek espazioa uzten dute arrazoi desberdinengatik (lanean hasi direlako, kanpora joan direlako ikastera, frustrazioak garatu dituztelako etab.), udalaren mehatxuek desgastea eragiten dute, desalojo arriskuek… Unitate politiko lokalak (gaztetxe bat, adibidez) autonomoak dira baldin eta beraien aktibitatea ekar ditzakeen arazoei erantzungo dien indar antolatu bat badute oinarrian. Indar antolatu propio bat eduki ezean, norengana jo dezake langile kontrolpeko gune batek? Alderdi burgesetara? Eta, zer da hauek trukean eskatzen dutena?
Bestetik, eta horrekin lotuta, autonomiaren kontua estuki erlazionatzen da instrumentalizazioaren kontuarekin. Bada, Errakik ez ditu gune autogestionatuak instrumentalizatzen. Are gehiago, Erraki bera da instrumentu bat. Errakik ez ditu gune horiek erabiltzen beste dinamika batzuk sustatzeko, edota ideologia politikoa transmititzeko, edota herrian zer egin behar duten esateko, etab. Guztiok dakigun bezala, alderdi demokratak dira langile kontrolpeko guneak instrumentalizatzen dituztenak; izan ere, alderdi horiek ez dute laguntzarik ematen trukean guneei exigentzia batzuk eskatu gabe. Eta exigentzia horiek ez diote autodefentsa saretzearen helburuari erantzuten, guneek trukean zer egin eta esan behar duten edota nolako izaera garatu behar duten da exigitzen dutena.
Autonomia, beraz, ez da kontzeptu formal bat, prozedura moduari soilik erreferentzia egiten diona. Autonomiak unitate batek bere buruaren erreprodukzioa bermatzeko dituen gaitasun propioei egiten dio erreferentzia. Zentzu horretan, ezin dugu autonomia abstraktuan definitu eta ondoren nahi duguna ulertu. Errakik, gainera, langile autonomiaren alde dihardu lanean, uste baitugu soilik gure interes eta arazoen aurrean erantzungo duen indar antolatua beharrezkoa dugula.
Horregatik guztiagatik ondorioztatzen dugu, unitate politikoen autonomia kolokan jartzen duena ez dela Erraki, beraien existentzia arriskuan jartzen duten edozein dinamika burges edota erreakzionario baizik: gaztetxea dagoen tokian supermerkatu bat eraiki nahi duen enpresa handiak, gaztetxeen aktibitate politikoa geldiaraztea nahi duten alderdi politikoak, gune autogestionatuen defentsarako antolaketa modu zein tresnak garatzea eragozten duten kolektibo zein jarrerak, etab.
Errakik, antolakuntza eredu diziplinatu eta konprometitu bat jartzen du mahai gainean, lanaren banaketa efektibo baten bitartez gauzatzen dena eta agente bakoitzaren konpetentziak mugatzen dituena. Ez du inolaz ere, ordea, atxikitzeko orduan onartu beharreko premisa politiko-ideologikorik jartzen. Hau da, inori ez zaio exigitzen mugimendu politiko sozialistara batzea atxikitzeko momentuan. Errakik ez ditu gune autogestionatuak ideologikoki homogeneizatzea helburu eta horren adierazle da ez duela interbentzio politiko-ideologikoa gauzatzeko lan lerrorik; kontrara, birjabetutako espazioen defentsarako erreminta espezifikoak garatu nahi ditu, horietan aurkitzen diren joera politiko ezberdinak zein testuinguru espezifikoen arteko ezberdintasunak onartuz.
Erraki ildo sozialistatik ateratako erraminta espezifikoa da, lanaren antolaketa modu jakin batean gauzatzen duena eta langile kontrolpeko guneen babesa saretzea helburu duena. Errakira atxikitzen diren guneak borondatez egiten dute. Funtzio bakarra, lehen esan dugun gisan, erreminta bera indartuz gune autogestionatuen babesa artikulatzea da.
Amaitzeko, proletalgoak bere burua babesteko bitarteko propiorik ia ez duen eta zehazki gune autogestionatuak gogor kolpatuak izaten ari diren garai hauetan, Erraki bezalako proposamen politikoen aurkako itxurazko kritiko zintzoez mozorrotutako erasoak lekuz kanpo daudela salatzen dugu. Gure interlokutore anonimoen iniziatiba politikoak izaera erreakzionarioa du, Errakik irekitzen dituen aukerei trabak jarri eta horren aurrean ez delako proposamen politiko zehatzik mahai gaineratzen. Gure apustua lanaren banaketa efektiboa gauzatzeko antolakuntza bitartekoak egituratzea da; gure apustua, klase elkartasuna egikaritzeko beharrezko diren erlazio formen esperimentazioan sakontzea da; gure apustua, gune autogestionatuen babes gaitasuna biderkatzeko, hau posible egingo duten gaitasun zehatzen garapenaren sistematizazioan sakontzea da; eta gure apustua, langile esperientzien aterpe diren guneen biziraupena bermatzea da, hau betebehar ezinbestekoa baitzaigu kapitalaren atzaparretatik askatzeko garatuko den borroka garaipenera eraman ahal izateko.
Zentzu horretan, proposamen politiko zehatzen gainean eraikitzen ez diren erasoak lekuz kanpo egotetik jokoz kanpo egotera igarotzen dira. Horregatik, gure interlokutore anonimoak, elkartasuna saretzearen beharrarekin ados dauden momentutik, gonbidatu nahi ditugu proposamenak iruditzen zaizkien printzipioen baitan proposamen politiko zehatzak garatzera, langile mugimendua indartuko duten elementuen elaborazio eta gauzapena galdegiten baitu egungo koiuntura politikoak. Bien bitartean, aplikatzeko ezintasuna demostratzen duten eta erantzukizun politikorik ez duten diskurtso abstraktuak ordezkatzen dituzten norbanakoak indar korrelazio politiko baldintzatzeko ezintasuna izaten jarraitzen dute, eta joko zelai politikoaren bazterrean jokoz kanpo geratu diren indarrak dira gaur egun. Gu, bien bitartean, mahai gaineratu dugun lanabes politikoa indartzen jarraitzeko lanean aurkituko gaituzue, honek, gune autogestionatuei ekarpen bat egiten jarraituko duelakoan.
Euskal Herrian 2019ko ekainaren 26an
Erraki, Gune Autogestionetuen Babes Sarea
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!