Grebaren arrakastak Mercedeseko aurreakordioa kolokan jarri du
Zuzendaritzak eta UGT-CCOO-Ekintza-PIM blokeak aurreakordioa sinatu zuten asteartean, eta ELA-LAB-ESKk asteazkeneko greba deialdia mantendu zuten akordioak ez zuelako jasotzen soldata igoera KPIren araberakoa izatea. Langileek masiboki egin dute greba, ekoizpen katea gelditu dute berriz ere, eta goizean egindako asanbladan ostegun eta ostiralean ere greba egitea erabaki dute. Astelehenean erreferendumean bozkatuko da aurreakordioa. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
Jakin-min handia zegoen langileek gaur erakutsiko zuten jarreraren inguruan, ordu batzuk lehenago soilik sinatu baitzuten aurreakordioa zuzendaritzak eta ordezkaritzaren %55 batzen duen UGT-CCOO-Ekintza-PIM sindikatuen blokeak. Iragan astean grebak erabateko jarraipena izan zuen nahiz eta ELA-LAB-ESK sindikatu deitzaileen blokea gutxiengoan egon enpresa batzordean (%45), baina gaurko grebaren testuingurua oso desberdina da: aurreakordioak asteotan nagusitu diren bi aldarrikapen nagusietako bat jasotzen zuen –seigarren txandari ez–, baita bestelako neurri ekonomiko batzuk ere, baina bigarren aldarrikapen nagusitik urrun –soldata igoera KPIaren araberako izatea–. Beren jarrerarekin, langileek argi erakutsi dute ez dutela aurreakordioa begi onez ikusten, tartean aurreakordioa sinatu duten sindikatuetako afiliatuek.
Ostegun eta ostiralean ere greba
Goizeko lehen ordutik piketeak jendetsuak izan dira lantegiaren sarreran, eta “KPI bai edo bai!” oihuak entzun dira hainbatetan. 10:00etako asanbladan ehunka langile bildu da. ELA, LAB eta ESKeko ordezkariek astearteko bileraren eta aurreakordioaren berri eman dute bertan. Mikel Díaz de Alda LABeko eta enpresa Batzordeko kideak ARGIAri azaldu dionaren arabera, langileek argi adierazi dute KPIren araberako soldata igoera borrokatzeko nahia. Bada langileen jarreraren erakusle den datu bat: Díaz de Aldaren arabera, sindikatuek ez dute ostegunean eta ostiralean greba egiteko planteamendu itxia egin asanbladan, eta langileak izan dira “masiboki” hori eskatu dutenak.
Gaur ez da mobilizazio berririk egingo tenperatura handiak direla eta, baina ostegunean manifestazioa egingo dute Virgen Blancatik hasita, eta ostiralean kontzentrazioa Floridako kioskoan, biak goizeko 10:00etan.
Astelehenean erreferenduma
Aurreakordioa sinatu duten sindikatuek eta zuzendaritzak lan-hitzarmen berrirako proposamena erreferendumean bozkatzea ere adostu zuten asteartean. Ordura arteko egunak garrantzitsuak izango dira erreferendumaren emaitza erabakitzeko orduan, eta espero izatekoa da eragiteko mugimenduak egongo direla gatazkan inplikatutako parte guztien aldetik: langileak, sindikatuetako bi blokeak, enpresaren zuzendaritza; baina baita erakunde publikoetako ordezkariak eta Eitb edo El Correo moduko hedabideak ere. Edonola dela, gaurko grebaren arrakastak erakutsi du aurreakordioarekiko langileen desadostasuna dela abiapuntua.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!