Greba orokorra prestatuko du Mugimendu Feministak, zaintza-sistema eraldatzeko
Martxoaren 8 honetan Bilbon egindako prentsaurrekotik eman dituzte Denon Bizitzak Erdigunean prozesuari buruzko zehaztapenak. Urrats ezberdinen artean jarri dute greba orokorrarena. Gaurtik aurrera, aliantzak eta proposamenak bateratu nahi ditu herri mugimenduekin eta eragile sozio sindikalekin, hortik "aldarrikapen agenda bat sortzeko". through Argia.eus
Bilboko Arriaga plazan egindako prentsaurrekotik eman du horren berri Euskal Herriko Mugimendu Feministak: «Zaintza negozio izateari uztea nahi dugu; greba feminista orokor batera goaz, eta gaur, martxoak 8, lehen urratsa da». Berrogeita hamar bat feministek luzatu dute abisua, Denon Bizitzak Erdigunean prozesuari buruzko zehaztapenak emateko agerraldian. Ondokoa ohartarazi dute: «Ez dugu promesa huts gehiagorik nahi, ezta gure diskurtsoaren kaptazio gehiagorik nahi ere. Zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu eta zaintza horiek negozio izateari uztea».
Zaintzak guztiontzako eskubide kolektibo gisa bermatuko lituzkeen jendarte antolaketa batean jarrita helburua, egunez egun, herriz herri, asanbladaz asanblada eta borrokaz borroka egin nahi dute bidea. Hots, mugimendu feministak zurkaitz duen mobilizazio kolektibotik. Aliantza eta elkarlana eraman nahian dabiltza, besteak beste herri mugimenduekin eta eragile sozio-sindikalekin: «Borroka artikulatu bat planteatzen dugu gaurtik aurrera greba feminista orokor baterantz».
Zaintza sistema «publiko-komunitarioa»
Zaintza-sistema errotik eraldatu nahi du mugimendu feministak, eta bide horretan «zaintza sistema publiko-komunitarioaren» proposamena landurik du. Negozio logikatik ateraz, denontzat eskuragarri litzatekeen zaintza «unibertsala eta bidezkoa» bermatuko lukeen eredu publikoari osagai «komunitarioa» gehitu diote. «Komunitarioaz ari garenean, gehiago ari gara ideologiaz eta gure bizitzeko moduaz. Geroz eta indibidualistagoa izatera garamatzan sistema honetan, ikuspegi komunitarioa galtzen ari gara eta gure arteko zaintza harremanak birpentsatu beharrean gaude» azaldu diote ARGIAri Ainhoa Olaso Sopela eta Amaiur Egurrola militante feministek. Eskubide kolektibo bat izateaz gain, «erantzukizun kolektibo» gisa ere irakurtzen dutelako zaintza.
Greba egun hori zaintza-sistema eraldatzearen aldeko prozesuaren baitako une garrantzitsua izanen dela aurreikusi daiteke. 2019an izan zen Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8a kari antolaturiko azken greba feminista.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!