Greba egingo dute Osakidetzan maiatzaren 18 eta 19an
ELA, Satse, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara, osasun publikoaren "egiturazko arazoak" konpontzea aldarrikatzeko.
«Osakidetza salba dezagun, osasun publikoaren desegitearen aurka» lelopean lanuzteak egitera deitu dituzte Osakidetzako langileak maiatzaren 18 eta 19an. Langileentzako baldintza duinak eskatu eta Osakidetza «desegiten» ari direla salatzeko baliatuko dituzte greba egunak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzatik pandemiari egotzi izan dizkiote Osakidetzaren arazoak, baina sindikatuek salatu dute «egiturazko arazoak» direla EAEko osasun sistema publikoak jasaten dituenak.
Mobilizazioak ere egingo dituzte Euskal Herriko leku ezberdinetan. Gasteizen, maiatzak 18an, ostegunean, elkarretaratzea egingo dute lehenik goizeko 9:30etan Txagorritxu Ospitalaren aurrean, eta ondoren manifestazioa deitu dute eguerdiko 12:00etan, Santiago Ospitaletik Olagibeleko anbulategiraino.
Sindikatuek lehen mailako arretaren egoera nabarmendu nahi izan dute, «bereziki larria» dela iritzita. Aspalditik datorren arazoa da lehen arretarena, pandemia aurretik ere bi greba egun egin zituzten langileek, eta ordutik «murrizketak besterik ez» dira izan gobernuaren proposamena, sindikatuek salatu dutenez. Langile falta nabaria dela diote, batez ere familia medikuena, eta langileen ordezkarien esanetan ugaritu egin dira medikurik gabe eta ordutegi murriztuarekin diharduten EAGak (Etengabeko Arreta Guneak).
Langileen egoera «gero eta prekarioagoa» dela kritikatu dute sindikatuek. Eusko Jaurlaritzak berak 2021ean emandako datuek erakusten dute plantillaren erdia behin-behineko egoeran dabilela lanean, eta egindako lan eskaintza publikoek ez dute arazoa konpondu. Are gehiago, langile askoren egoera okertu egin dute, «hautaketa-prozesuak solapatu egiten direlako, eta, ondorioz, langileak aldi berean hainbatetan daudelako murgilduta». Gainera, azken urteetan emandako murrizketen ondorioz langileek erosahalmena galdu dute 2010etik hona.
ELA, LAB, Satse, SME, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute greba deialdia eta aldarrikapen ezberdinak plazaratu dituzte. «Hautaketa eta esleipen prozesuak arintzeko» eskatzen dute, «behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko» plangintza zehatza egitea, «2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea» eta «Lehen Arretarako inbertsioa handitzea, ratio duinekin kategoria guztietarako», beste eskaera batzuen artean.
Sindikatuek salatu dute «negoziazioa blokeatuta» daukala Eusko Jaurlaritzak. Mahai sektoriala geldirik dagoela ohartarazi dute, Osakidetzako zuzendaritzak «sistematikoki uko» egiten diolako sindikatuek planteatutako gaiak landu eta negoziatzeari. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, bere aldetik, esan du espero duela «ahalik eta eragin txikiena» izatea greba deialdiek, eta ez duela protestarako arrazoirik ikusten, berak ere aitortu duen arren profesionalak falta direla Osakidetzan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!