Gorpuzkinak
2012-04-23ko saioa. Entzun hemen
http://celosamentegordea.tumblr.com/
Biolentziaz hitz egiten digutenen biolentziaz gogoratzen naiz, etxeko airea berritzeko leihoak ireki eta gosaltzeko gogoa joaten zaidan bakoitzean.
I)
Nola eusten diogu hainbeste? Zergatik isiltzen gara? Zerk mugituko dizkigu erraiak, garaiotan?
Pentsatzen hasten gara, gaur egun gertatzen dena beste garai batean gertatu izan balitz zein izango litzatekeen erantzuna. Ahulagoa izango zen, edo indartsuagoa; jende gehiago bilduko zuen, edo gutxiago. Egunotan gertatzen denak erantzun bat izaten du, baina ez dugu inoiz jakingo erantzun hori egokia izan den edo ez. Denborak esango du hori, edo denbora aurrera joan eta gu bihurtuko garen beste gu horrek.
Betidanik egon dira balak, eta betidanik egon da balak nori tirokatu. Era berean, betidanik egon dira balen jabeak, eta betidanik egon da nork tirokatu. Miresgarria da, denborak berak, eta denborak sortu eta ahaztu dituen gu guzti horiek, irensteko zenbaterainoko gaitasuna izan dugun.
II)
Kolpe bat hartzen dugunean, oihu egin ohi dugu nahigabe, barruko mina kanporatzeko modu bat omen da, erreflexuzko mekanismoa gure baitan, kanpoko eta barruko minaren arteko oreka mantentzeko geure egin dugun berezko akzioa.
Kolpe bat ematen digutenean ere, oihu egiten dugu, barruko mina ahazten zaigu horrela nahigabe eta haserretu egiten gara modu automatikoan, amorrua sentitzen dugu une batez, denbora gehiago behar izaten dugu kanpoko eta barruko minaren arteko oreka berreskuratzeko.
Ez baita gauza bera kolpe bat hartzea edo norbaitek emandakotik jasotzea, oihu egitea lasaigarri izan daiteke kasu bietan, haserretzea zilegi da, baina ez du ezertarako balio.
III)
Erne eta zuhur. Lois Pereiro (itzul.: Iñigo Aranbarri)
Bizitzak ez nazala egundo ustekabean
isilik eta neutral harrapatu
eta etsi baino segundo bat arinago
doala neurekin batera beste bat nintzeneko irudia
Barakaldo Errenteria Sestaoko keak
neguteak gorputzetan barrutik burdina hezea
Nerbioi itsasadarreko altzairuetan Ruhr-a zeharka
dutela Deutsche Bahn-eko trenetan
Sant Pauliko haragia ukitzen
Kebab keezko Kreuzberg libre oinez
Harresiaren itzalean puta vodka eta Pogoa
eraistea alternatiba matxinatze eraginkorrean
izerdi garratz kiratsa lo sakon ferrobioarioa
goizeko bostetan bi gau eta bi eguneko
metalezko monoan hotz Pena Moa Carqueixo
O Bao minezko komunetan kedar artean
eta mila izu maila dardara estratoak
banan bana denboran sartu zizkigun
miseriaren gainean
arkitektoen arteko gerra batean eroriak
materialen nekearen gainean
Borrokak jarraitzen du eta askozaz gutxiago gara
eta bestelakoak eta infernua “sont les autres”
gu ere bai
hainbeste derrota liburuetan ariman eta fatalismoz
eta hezetasun moralez eginiko txaboletan
garaituen lizunez
Eta ebidentzia marjinal eta zaurituen segizio gor
baten ikus-hondarrak neurekin datoz
ahaztu gabe bizitza
gorroto kontra irristatzen dela herioren aho hegian
haren aiztoa non egunez egun denok
salbatzen ahalegintzen garen
IV)
Biolentziaz hitz egiten digutenen biolentziaz gogoratzen naiz, errudun sentiarazten nauten bakoitzean, norbaitek mailegua ordaindu ezinda etxea galdu duela entzuten dudanean, kartzelaz gogoratzen naizenean, segurtasuna jartzen dutenean aitzakiatzat, iragarkiak irenstera behartzen nautenean, bikotekidea jipoitzeagatik bi lagun atxilotu dituztela esaten didatenean, nire hizkuntzan hitz egin ezin dudalako erreklamazio orria eskatzen diodanean norbaiti, banketxe handien irabazien batezbestekoak irakurtzean, errenta aitorpena egitera noanean, errurik gabe errudun egin duten bakoitzaren izenean.
Biolentziaz hitz egiten digutenen biolentziaz gogoratzen naiz, amorruak itxaropena eskumatik aurreratzen duenean, sinestunak sinesgabeak baino gehiago direla konturatzen naizenean, sartu baino diru gehiago ateratzen dela aitortzen dizutenean, mundua eskumarantz mugitzen dela ohartzen naizenean, bizitzeak apurka-apurka hiltzea esan nahi duela badakidanean, maitatzeak sufritzea dakarrela pentsatzera ohitu gaituztenean, zaintzea kontrolpean edukitzea denean, egurra ematea babestea, demokrazia beldurraren kultura bihurtzen digutenean.
Biolentziaz hitz egiten digutenen biolentziaz gogoratzen naiz, akordatzeko borondaterik ez daukadanean ere.
V)
Nola eusten diogu hainbeste? Zergatik isiltzen gara? Zerk mugituko dizkigu erraiak, garaiotan?
Betirako zalantza geldituko zaigu, zein izango litzatekeen erantzuna beste garai batean, beste gu batekin. Orain, erabakiak alkandoraz jantzita datoz, eta mahai baten atzetik zabaltzen dira lau haizetara. Orain, egin beharrekoa zer den esateko aho bat dago, eta aho horrek zuzen hitz egiten du beti.
Isilik egotea bihurtu da eustea, eustea ahorik ez zabaltzea da. Oinez noa kaletik, jendez mukuru dago espaloia, eta mutil bat korrika doa ondoko errepidean, abiadura handian. Zerbait trabatu diote hanketan, lurrera erori da, ahoa odoletan dauka. Oinez noa kaletik, batzuk gelditu egin dira begiratzeko, txilioren bat entzun da, jende gehienak oinez jarraitzen du. Begiratu egin dut nik ere; ez dit ezerk arretarik eman, nire begiak eta nire zauriak ohituta daude halakoetara. Oinez noa kaletik.
VI)
Oihu egin nahi dut, mutu geratzen naizenera arte kolpatu nire ahots kordak bata bestearen kontra. Modu iraunkor batean saiatu oihu egiten, edonork entzuteko moduan, edonork ikusiko nauen lekuren batean nagoenean.
Gorrotoak gorrotoa dakarrenean, maitasunak maitasuna ekarri beharko luke, etsipenak kemena, ezinegonak akzioa eta ez inora ez doan erdipurdiko zantzorik.
Kolpe bat hartzen dudanean bezala egin nahi nuke oihu, nahiz eta kolpatua ni ez izan, nigan sentitu beraien haragi ustelen pisua, barruko eta kanpoko minari neurria hartu behingoan, gauza alaiagoez akordatu begiak ixten ditudan unean.
Kolpe bat hartzen dudanean bezala egin nahi nuke oihu, gorrotoak gorrotoa dakarrenean, maitasunak ez duenean mundua kontatzeko balio, gehiago direnean haserre egoteko arrazoiak kalean udaberriak utzitako arrastoak baino. Oihu egin, eta gero, mutu geratu betiko, kolpe bat hartzen dudanean bezala, norbait kolpatua sentitzen den uneoro, mutu geratu modu iraunkor batean, edonork entzuteko moduan, imajina dezakezuen modurik bortitzenean.
VII)
Eskuin eskua soinaren eskuinaldean
ezkerrekoa ezkerraldean.
Bere onean,
munduaren begian dut burua
eta argudioak aldatzen dizkiet
ene amets urri eta zuhurrei.
Lois Pereirok bere burua aztertzen du, eta esku bat soinaren eskuinaldean aurkitzen du, eta beste eskua soinaren ezkerraldean. Bere onean.
Bakoitzak egin dizkioten kalteen azterketa egin behar luke, eskanerra pasa. Inoren kalterik jasan ez duela uste duena ezin da okerrago egon: denoi egin digute min noizbait. Gorputzean eta gogoan daramagu gure kaltegileen inbentarioa, iltzatuta.
Minak azalekoak dira, minak barrukoak dira. Minak azalekoak direnean mina egin duena azalekoa da, eta minak barrukoak direnean ere mina egin duena azalekoa da. Mina egin duenak zaila dauka bere burua gordetzeko, aurpegia estalita eraman arren. Inbentarioan egongo da, uste ez den unean agertuko da.
VIII)
Mathieu Kassovitzen La Haine filmaren hasieran espaziotik mundurantz botatako molotof koptela ikus dezakegu pantaila osoa okupatzen duen planoan. Gero eta gutxiago falta dela esaten digu off-eko ahotsak, gero eta gutxiago falta dela momentua ailegatzeko, garrantzitsuena ez dela saltoa, lurreratzea baino.
Modu labur batean esanda, gorrotoak gorroto gehiago dakarrela kontatzen digu filmak, biolentziak biolentzia sortzen duela etengabe. Berdin Pariseko periferian dagoen auzo batean zein Euskal Herriko kaleetan.
Biolentzia eguneroko ogia denean zaila da mundua bakean irudikatzea. Espaziotik hurbiltzen ari den gasolinaz betetako botilarekin akordatzen gara. Gauez ketan kiskaltzen diren eraikinekin, kolpea hartu berri duenaren ubelduretan egon nahi genuke gure amorruaz apur bat libratzearren. Garrantzitsuena ez da saltoa, lurreratzea baizik.
IX)
Gauaren erdian. Roque Dalton (itzul.: Jon Benito)
Hil naizela jakiten duzunean ez ezazu nire izenik esan,
heriotza eta atsedena ebakiko lituzke.
Zure ahotsa, bost zentzumenen kanpaia dena,
nire lainoak bilatzen duen faroa izango litzateke.
Hil naizela jakiten duzunean, har itzazu silaba arraroak.
Esan lore, esan erle, esan malko, esan ogi, esan ekaitz.
Ez ditzatela ezpainek nire hamaika hizkiak hartu.
Logura naiz, maitatu dut, isiltasuna merezi dut.
Ez ezazu nire izena esan hil naizena jakiten duzunean:
zure ahotsagatik etorriko nintzateke lur ilunetik.
Ez ezazu nire izena esan, ez ezazu nire izena esan.
Hil naizela jakiten duzunean, ez ezazu nire izenik esan.
X)
Objektuak. Iñigo astiz
Hau guztia bukatzen den egunean
objektuak izango dira gutaz eta
gure ordez mintzatuko direnak.
Orain inguruan dudanaren arabera
ezagutu eta epaituko naute gerokoek.
Aulki bat izango da nire ahotsa,
bukatu gabeko zopa bat nire biografia.
Egindakoak ez dio batere axolako
eta ezta egin asmo dudanak ere;
orain egiten ari naizen hau baino ez.
Ondorioztatuko dute (hozkailuagatik)
nahiko ongi elikatuta nengoela,
mintzo nintzela hizkuntza batean, bitan,
eta kezkatu-edo egin ninduela munduak
(egunkari, aldizkari eta telebistagatik),
beste norbaitekin bizi nintzela etxean
(galtzerdiak biltzeko bi moduengatik),
eta ariketa gutxiegi eginagatik eta 1943ko
bonba baten ondorioz 2011n hildako
bi haurren albistea eta joan-etorriko
kultur ziztrinkeriak gorabehera,
baldintzak banituela zoriontsu izateko.
Izango naiz haien konklusio nahiaren neurrikoa
erreplika eta zehaztapen aukerarik gabe:
«hau izan zen bere garaia, hau bere lekua».
XI)
Nola eusten diogu hainbeste? Zergatik isiltzen gara? Zerk mugituko dizkigu erraiak, garaiotan?
Zergatik mugitu behar zaizkigu erraiak, bada, garaiotan, zerbaitek? Derrigorrez sentitu behar al dugu zerbait? Denbora da ez dela kalerik gorriz pintatzen. Hilda dagoena hilda dago, ez ezazu nire izenik esan.
Hil naizela jakiten duzunean, ez ezazu nire izenik esan.
XII)
Zaborrontziak herrestan erretzen dituzten herri batekoa naiz. Gorrotoak gorrotoa erein duen zelaietan ikasi nuen oinez. Gerra baten erdian sortuak ginela erakutsi zigun gure hizkuntzak, bakeak ez zuela prezio politikorik izango errepikatzen ziguten bitartean hartzen gintuen loak. Bakerik ezagutuko ez duen garai batekoa naiz neu ere, zuek bezala.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!