Gasteizko Udalak 112.000 euro itzultzeko eskatu dio Lazarraga kultur elkarteari
Lazarraga elkarteak du Gasteiz antzokia kudeatzeko ardura eta programazioa antolatzekoa. Antzokiak 2023an ateak ireki behar zituen, baina oraindik ez dago martxan. Elkarteak 2023ko diru-laguntzari zegozkion 52.000 euro itzultzea proposatua zion udalari. Elkarteak “harriduraz eta kezkaz” hartu du albistea. through Argia.eus
Iñaki Lazkano, Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduraduna da, eta Berria-ri emandako elkarrizketan, udalaren erabakiaz hitz egin du Irati Egibar Izeta kazetariarekin.
Joan den astean jakin zuten Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak 112.817 euro itzultzeko eskatu ziola elkarteari. Kontu-hartzaileak, xedapenean, itzultzeko zifra baino ez du adierazi, eta jakinarazpen ofiziala jaso arte ez dute jakingo zein diren eskari hori egiteko arrazoiak. Lazkanok dio, albistea jaso ondoren, harrituta eta kezkatuta daudela: “Guri ezer esan gabe jarri zuten abian prozedura guztia: zuzenean tokiko gobernu batzarrera eraman, bertan onartu, eta eskaera ofiziala egin zuten. Udalak lehenago ere bazekien kontu hartzailearen txostenak zer zioen, eta ez ziguten ezer esan”.
Lazarraga elkarteak 2023ko diru-laguntzetan 52.000 euro itzultzea proposatu zuen, antzokiak ateak zabaldu ez dituenez, aurreikusitako programazioa ezin izan dutelako bete: “Jarduera guztiak normaltasun osoz egiten badira, diru guztia gastatzen da. Hori gertatzen zaio edozein elkarteri; gure kasuan, ordea, ezin izan genuen egitaraua aurrera atera, eraikina ez baitzegoen prest”. Elkarteak itzultzea proposatutako kopuruaren bikoitza baino gehiago eskatu du kontu-hartzaileak.
Lazkanok, antzokiak ateak itxita edukita ere, egitasmoa martxan jartzeko egin beharreko lanak kontatu ditu: “Aurrelan izugarria egin behar da horrelako kulturgune bat martxan jartzeko, eta aurrelan horiek egin dira. Komunikazioaren aldetik, webgune bat, komunikazio plan bat eta egin beharrekoak ziren kultur jardueren komunikazioa prestatu dira; kudeaketaren aldetik, eraikin eta kultura proiektua kudeatzeko sistema osoa diseinatu da; eta, programazioaren aldetik, Gasteizko eta Euskal Herriko hainbat eragilerekin hitz eginda, programazio bat egin zen elkarlanean”.
Lazarraga elkartearen egitasmoa “hilzorian”
Lazkanok garbi adierazi dio Berria-ri elkarteak ezingo diola aurre egin diru eskaera horri, eta ardura udalarena dela argitu du: “Arazoa ez dugu guk sortu; Gasteizko Udalak sortu du. Kulturgunea zabalik ez egotearen erantzukizun osoa Gasteizko Udalarena da”. Diruari dagozkionei Gasteizko Udalak egin beharko diola aurre dio, “edo irtenbide bat eman zor edo eskaera horri. Ez badu irtenbiderik ematen, ziurrenik Lazarraga kultur elkarteak ezingo du jarraitu proiektuarekin. Argi eta garbi. Sustatzailerik gabe geratuko da proiektua: kolokan baino gehiago, hilzorian”.
Oztopoz betetako bidea
2022ko ekainera bitartean, euskal kultur eskaintza Oihaneder Euskararen Etxean kudeatzen zuen Lazarraga elkarteak. Urte bereko abuzturako Gasteiz antzokiko lanak bukatuta zeuden eta 2023 urtearen hasieran ateak zabaltzekoa zen. Lazarraga elkartea zen hastekoa eraikina kudeatzen eta kultur programazioa antolatzen. Alabaina, eraikina ez dago prest, hainbat oztopo agertu dira bidean. Lazkanok elkarrizketan aipatzen du teknikoki hornitu gabe dagoela eraikina; ez dago ikus-entzunezko ekiporik, eszenatikoan ez dago argirik eta gelak ere hutsik daude. Bestalde, udalak baimen batzuk ez dituela lortu dio Lazkanok.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!