Gasteizko Mugimendu Feministak jaietarako eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu du
Protokoloak hiru helburu izango ditu: kontzientziazioa lantzea, hainbat neurri martxan jartzea eta emakumeak jaietan subjektu aktibo bilakatu autodefentsa feminista baliatuz. Eraso sexistak salatzeko telefono-zenbakia 688 74 44 11 izango da.
Aurreko urteetan bezala, Gasteizko Mugimendu Feministak agerraldia eskaini du eraso sexisten aurkako protokoloa aurkezteko. Sexismoa jaien gozamenerako eta elkarbizitzarako oztopo eta problematika handienetako bat dela ulertzen duten heinean, Gasteizko jaien atarian aurkeztu dute hau.
Protokolo feminista ezinbestekoa dela esan dute Mugimendu Feministatik, nahiz eta kontziente izan gaur egungo errealitateari erantzuteko «urgentziazko tresna» baino ez dela. Hala ere, beste jendarte bat eraikitzeko anbizioa dutela uste dute: «Guretzat jaiak eraiki nahi dugun jendartearen isla izan beharko lirateke, horretarako, kontsumoa zentroan egongo ez den eta bestelako giro, harreman, gozamen eta jolasak plazaratuko dituen eredu baten aldeko borrokan jarraituko dugu».
Azken urteotan jaietan lanketa zehatza egiteko beharra ikusi dute feministek, izan ere, «jendarte patriarkal eta kapitalista batean bizi garen heinean, jaiak balore horiek erreproduzitzeko espazio bilakatzen dira, egun indarrean dagoen jai ereduak jarrera zapaltzaileak biderkatu eta legitimatzen dituelako. Gutxiengo baten gozamenerako diseinatuta daude jaiak.»
Emakumeen kontrako erasoak, sarritan, «joku bat» bilakatzen direla salatu dute prentsaurrekoan, adibide argitzat joz, Gasteizen hain ezaguna den tetatina, edota sinbolo zein jai giroko abesti matxistak.
Hiru helburu dituen protokoloa
Honi guztiari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dute ikuspegi feminista duen protokolo bat abiaraztea. Protokolo honek hiru helburu nagusi ditu:
1. Jendartean gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzea eta erasoen kontra egitea guztion ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea.
2. Eraso baten aurrean hainbat neurri zehatz martxan jartzea ikuspegi feministatik erantzuteko.
3. Bollera, trans eta emakumeak jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.
Erasoen kontrako protokoloa Gasteizko jaietan ez ezik auzoko jaietan ere martxan jarri dute tokiko Jai Batzordeekin elkarlanean. Jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta aurrera eramango da hainbat gunetan: herri mugimenduaren Txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz Plazan eta Alde Zaharreko eta erdiguneko hainbat tabernetan.
Eta, erasoa definitzerako orduan, zenbait ezaugarri argi utzi nahi izan dituzte. Eraso matxista bat hamaika forma har ditzakeen eraso bat da, sexu, genero, sexu aukera, identitate edota itxura fisikoari dagozkion heteronormatibitatetik zehaztutako adierazpenak ez betetzearen ondorioz ematen dena. Adibidetzat jarri dituzte iraingarria edo umiliagarria den edozein komentario, zein beste edozein hitzezko gehiegikeria, iseka, piropo, jazarpen edo onartua edo adostua ez den edozein konkatu fisiko.
«Drogak, jaiak eta txantxak erasotzailearen jarrerei larritasuna kentzeko erabiltzen diren elementuak izan ohi dira, eta beraz, maiz, erasotuaren protesta, kexa eta salaketei zilegitasuna kentzen zaie. Biolentzia hauek isilaraziak eta gutxietsiak izaten dira askotam, baina ezerk ez du eraso bat justifikatzen«, argitu dute.
Espazio hauek bermatu ahal izateko, emakumeen esku dago autodefentsa feminista. «Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako; Defentsa zilegitasun osoa dugulako erasoen aurrean erantzuteko; eta Feminista, errora jotzen dugulako, harreman eredu osasuntsuak bilatuz».
Erasoei erantzuteko telefonoa: 688 74 44 11
Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki bat martxan dauka jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan diren horiei akonpainamendua egiteko. Jaiek irauten duten bitartean telefonoa 24 orduz aktibo egongo da: 688 74 44 11 da telefono-zenbaki hori.
Bestalde, erasoren bat baldin badago, erasoak publikoki salatzeko elkarretaratzea bat deituko dute erasoaren hurrengo egunean. Hala ere, deialdia ez da egoera guztietan emango, kasuz-kasu baizik.
«Gure borondatea borroka feministari bultzada eman eta pertsonak modu seguru, horizontal eta askean harremanduko diren espazioak sortzea da, euren genero, sexu aukera, itxura, estetika etab. Edozein izanda ere».
«Ez dugu eraso sexistekin amaituko kolore morez egindako aurpegi zuriketekin»
Azkenik, agerraldian ere instituzioen papera aipatu nahi izan dute. Berdintasunaren alde eta erasoen aurka egiten dituzten diskurtso, argazki eta keinuei dagokienez, Mugimendu Feministak azaldu du eurentzako ekintzek dutela garrantzia, ez hitzek. Horregatik azpimarratu dute diskurtsoak baino baliabideak behar direla. «Borondate politiko errealaz lanean has daitezela exijitzen diegu».
«Ez dugu eraso sexistekin amaituko kolore morez egindako aurpegi zuriketekin», leporatu diete agintari politikoei. Bide batez, indar polizialen jarrera salatu dute, Mugimendu Feministak protokoloa aktibatzen duenean emakumeen hitza zalantzan jartzen dutelako: «Batzuetan jai giroaren aitzakia erabiltzen dute erasoei garrantzia kentzeko, jarrera paternalisten bidez gure lanari zilegitasuna kenduz».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!