Gasteizko hainbat txoko «okupatuko» ditu Errekaleorrek bere zazpigarren urteurrenean
Zazpi urte bete ditu Errekaleor Auzo Askeak eta hori ospatzeko jarduera sorta bat antolatu dute; Errekaleorren zein Gasteizko beste hainbat txokotan burutuko dituzten jarduerak.
Urriaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Aldabe Gizarte Etxean abiatuko dute Errekaleorreko kideek auzoaren zazpigarren urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua. Oinarritik hasiko dira: Errekaleor zer den, nola antolatzen den eta beste hamaika galderei erantzuna emango diote bertan burutuko duten hitzaldian.
Zazpi urte betetzen ditu Errekaleorrek eta horretarako jarduera sorta bat prestatu dute auzotarrek, tartean, Gasteizko hainbat txoko, modu sinbolikoan bada ere, «okupatuko» dituzten jarduerak ere.
Urriaren 14an, Aldabe Gizrate Etxean ere, okupazioaren inguruko zenbait ponentzia landuko dituzte. Bertan Herrialde Katalanetatik ekarritako etxebizitzaren aldeko mugimenduko esperientziak landuko dituzte eta azken hilabetetan hedabideetan ugaritzen ari den okupazioaren kriminalizazioaren gaiari helduko diote, besteak betse.
Urriaren 16an, Hala Bedi Taberna «okupatuko» dute, 17:00etan ospatuko den okupazio ruralaren inguruko mahainguru batekin.
Bertsoak, musika, hitzaldiak eta askoz gehiago
Auzoak izango du protagonismo handiena urteurreneko egitaruaren baitan. Urriaren 15ean bertsosaioa ospatuko dute 19:30etan eta tamainako bertsolariak gonbidatu dituzte horretarako: Manex Agirre, Miren Artetxe, Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal.
Urriaren 17an, larunbata, Errekaleorretik abiatu eta hiriko gune okupatu desberdinetatik bizikleta martxa egingo dute. Ondoren, arratsaldeko 18:00etan okupazio mugimendu ezberdinen ibilbideak izango dituzte mintzagai Errekaleorren egingo den mahainguruan. Kontzertuak eta afari eskaintza egongo da larunbat iluntzean.
Igandean, urriaren 18an, emango diote itxiera urteurren ospakizunari. Goizean, adin guztientzako ekintzek hartuko dute auzoa: Ipuin kontalaria, buru handiak, aurpegi margoketa edota marianito musikatua estaerako.
Errekaleor, «mundu hobe bat»?
Industrializazio prozesuaren ondorioz, 50. hamarkadan Gasteizko biztanleria bikoiztu zuten langileentzat eraikitako auzoa da Errekaleor. «Un Mundo Mejor» izendatu zuten hasiera batean, baina azkenik Errekaleor izena hartuko zuen, auzotik pasatzen den erreka lehorraren harira. Gasteizko periferian eraikia, hamarkada luzez bizirik izan zen auzoa, nortasun komunitario sendo batean oinarrituta.
XXI. mendeko hasieran hiriko hegoaldeak bizi zuen urbanizazio prozesuaren testuinguruan, instituzioek auzokideen lekualdatzea agindu zuten, auzoa hustu, eraitsi eta berreraikitzeko helburuarekin. Auzokide gehienek -ez guztiek- auzoa utzi behar izan zuten, baina urteak aurrera egin ahala, Errekaleor berreraikitzeko proiektua bertan behera geratu zen, Ensanche 21 bezalako erakunde urbanistikoen zein instituzio lokalen utzikeriaren ondorioz. Higiezinen burbuilaren leherketak egoera okertu zuen, Gasteizko etxebizitza hutsen kopuruak (10.000 baino gehiago) eta salmenta zein alokairuen prezioak gora egiten jarraitzen zuen bitartean.
Testuinguru honetan, 2013. urtean, EHUko Gasteizko kanpusean ikasten zuten ikasle gutxi batzuk asanbladan biltzen hasi ziren, ordaindu behar zituzten alokairu garestiei aurre egiteko asmoz. Orduan sortu zen ideia, abiapuntua: urte luzez abandonu egoeran izandako Errekaleor auzoko etxebizitza huts bat berreskuratzea, 26. blokea, hain zuzen ere.
Orduz geroztik etorri dena aski ezaguna da, eta itsaso bihurtuz joan da Errekaleorreko erreka lehorra. Etxebizitza bat lortzeko helburu xumearekin, isilpean, lehenengo bloke hura berreskuratu zuten 10 gazte horien ostean, jatorri oso ezberdinetako ehundaka lagun pasa dira auzotik, etxebizitza gehiago berreskuratuz eta hamaika proiektu ezberdin martxan jarriz.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!