«Gora Prudentzi!» -Gasteizko Gaztetxea-
2018an ‘OkupaTU Gasteiz’ dinamika jarri dugu martxan Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleor Bizirikek. Hilabetero, eragile bakoitzaren parte den edo parte izan den norbanako edo asanbladen artikuluak publikatuko ditugu. Aurrekoan Hala Bediko Carlos Spaguoloren txanda izan zen; oraingoan, Gaztetxeko asanbladako kideen txanda da.
30 urte ez da gauza makala. Hiru hamarkada daramatza Gasteizko Gaztetxeak okupazioa, autogestioa eta asanblearismoa aldarrikatzen. Izaera oso anitzeko kide ugari izan dira muinoko etxearen asanbladatik pasa direnak. Horietako bakoitza arrazoi edo motibazio ezberdinekin animatu zen bertan parte hartzera, baina guztiek konpartitu dute helburu berdin bat: Alde Zaharreko bihotzean erritmo tropikalak entzunaraztea (jo ta palmondoa!).
PRUmildak 11 urterekin ezagutu zuen lehen aldiz gaztetxea. Eskolako kide batzuekin “pira” egiten ari zela, urtero egiten diren obra horietako baten zaratak entzun zituen bertatik pasatzerakoan, eta, kuriositateak jota, jubilatuen antzera lanak behatzeko sartzea erabaki zuen. 2005ean ospatutako “Gzattexe Eugna” ere gogoratzen du, kaleak jendez lepo eta umore onez zeuden egun berezi hori. Gurasoek hitz joko kurioso bat zuen sudadera oparitu zioten (“Gzattexe Eugna. Oukapzioa-Auotgestoia. Seank diostu”), eta interes gehiago piztu zion etxe sorginduarekiko. 2008an ospatutako Piztu Gasteiz egunean, bere lehenengo turnoa egiteko aukera izan zuen, 12 ordukoa!! Ordurako gaztetxeko kide batzuk ezagutu zituen eta proiektuarekiko enpatia eta erakarpen handia sentitu zuen. Urte batzuk beranduago, begirale ikastaro batean, gaztetxearekiko feeling-a zuten beste kide zoro batzuk ezagutu zituen. Militatzeak duen garrantziaz solastu ondoren, gehiegi pentsatu gabe, denak batera asanbladan sartzea erabaki zuten.
` DENtrudisek, txikitatik izan zuen zalantza bat: “zer izango ote da eraikin berezi hori?”. Urteak pasa eta kuriositateari erantzun bat emateko asmoz, lagun batekin barrura sartzera ausartu zen. Egun berezi batean izan zen hori, 2005eko Gzattexe Eugna horretan. Garai horretako gaztetxero batek eraikina erakusteaz gain asanbladatik pasatzeko gonbidapena luzatu zien. Egun horretan Dentrudisek etxea idealizatu eta berarekin maitemindu zen, baina ezin zuen ezta imajinatu ere egun batean gaztetxeroak egindako proposamenari baietz esango zionik. Euskal Herriko beste hiri batera ikastera joan zenean, lagun mina zuen Prumilda Gaztetxeko asanbladan parte hartzen hasi zen. Horrek esan nahi zuen, Gasteizera bueltatzen zen asteburuetan berarekin turnoren bat egitera animatuko zuela. Egun eta gau politak izan ziren horiek! Kasualitatea ala ez, ikasketak amaitu eta Gasteizera bueltatzean, gaztetxera zen laguna Ameriketara joan zen eta, asanbladako beste inor ezagutu gabe, astelehen batean bilerara gerturatu zen barrutik ezagutu eta militantzia polit eta aberasgarri bat izan zitekeelakoan.
TZItxiro, Gaztetxearen erabiltzailea zen: kontzertu apartak eta oihu erreibindikatiboak, … Bere kolektibo ekologistak jaialdi bat antolatu zuen egun batean gehiago ezagutzeko aukera izan zuen. Dentrudisekin egin zuen turno batean, turno gehiago egingo zituela jakin gabe, Gaztetxeak Gasteizko jendarteari egiten dion ekarpen handiaz ohartu zen, eta berak Gaztetxeari bere aletxoa emateko garaia bazela pentsatu zuen. Hurrengo astelehenean jaialdiaren balorazioa egitera pasa eta asanbladan sartzeko gogoa zuela azaldu zuen.
PRUmildak, DENtrudis eta TZItxiro hiru pertsonai ezberdin dira eta modu ezberdinetan ezagutu dute gaztetxea. Hala ere, hirurek daukate Gaztetxearen inguruko ikuspuntu berdina. Haientzat Gaztetxea eskola bat edo, hobe esanda, herri eskola edo kontraeskola bat izan da. Zenbatezinak dira etxeari eskainitako orduak eta zenbatezina ere Gaztetxeak haiei irakatsi diena ere: Asanblearismoan jokatzen ikasi dute, kritikotasuna gehiago lantzeko eta kontraesanekin bizitzen ikasteko aukera ere izanik. “Do it Yourself” filosofia erakutsi die, sormena lantzera animatuz eta haien motibazioetatik ateratako ekintzak aurrera eramaten lagunduz. Genero eta rolen inguruko lanketarekin ere lagundu die, emakume gisa ahalduntze prozesuan aurrerapauso bat suposatuz. Hiriko kolektibo, borroka eta pertsona ezberdin ugari ezagutzeko aukera eman die. Obrei esker milaka gauza ikasteko aukera ere izan dute: teilatu bat konpondu, eszenatokia eta taberna berriztu, komun bat eraiki, teilatua berriz eraiki, frustrazioak kudeatu, …
Konturatu gabe, haien bizitzen eta errutinen parte bat bilakatu da, eta noizbait erretiroa heltzean (noizko zahar etxea?) pena handiz utziko dute. Belaunaldi berriek bidea egiten jarraituko dutenaren konfiantza eta poza handiak dira ere. Orain Prudentzi berriak sortzen ari dira, eta etorkizunean are gehiago egongo dira. Beraz, irakurle orori hasierako hitzak gogoraraztea ondo legoke: “Gaztetxeak asko eskaintzen dio Gasteizko jendeari” eta horrela izaten jarrai bedi! hau baita gure lekua: ikasteko, lan egiteko, disfrutatzeko eta, nola ez, borrokatzeko.
Gaztetxea daukan herria ez da inoiz hilko!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!