Gasteizen 1976an zein Katalunian 2017an, erregimena arriskuan ikustean Estatuak berdin erantzun du: “A por ellos”
Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanblearioa zapaldu nahi izan zen 1976an, eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak. Argiako Urko Apaolazak bi egoerak alderatu ditu.
Argia.eus bidez/ Urko Apaolaza
Urriaren 7an Gasteizen Zaramagako bazterrak ezagutu genituen Argia Egunean, Martxoak 3 elkarteko lagunen eskutik. Langile auzo hartan duela 41 urte izandako sarraskiaren agertokiak bertatik bertara ikusi genituen; egun itxirik dagoen San Frantzisko eliza barruan ere izan ginen, Luis Llachen Campanades a morts entzunez orduko giro itogarria gure azalean sentitzeko. 1976an poliziak hango kristalak hautsi eta barruan zegoen milaka jende literalki gaseatu zuen.
Elizaren hormigoizko paretetan ikus-entzunezko sormen lana proiektatu zuten Martxoak 3koek: tiroz hildako bost langileen senideen orduko testigantza ikaragarria, txikitatik begi-ninian geratu zaizkigun argazki historikoak… eta audioak. Poliziari FM frekuentzia bidez atzemandako audio horiek askotan entzun ditugu, baina orainaldira itzularazi gintuen detaile batez jabetu ginen: “…Si hay gente a por ellos (…) vamos a por ellos, cambio”.
Ezkilen hotsa Katalunian sumatzen den honetan, antzekotasun ugari daude duela lau hamarkada gertatutakoarekin. Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak. Ez da kasualitatea 1976an hildako langileak agurtu zituzten Katedral Berriaren plaza okupatu izana Agur 78 ekimenak “erregimena hausteko” lehen urrats bezala.
Fragak esan zuen: “Adibide triste honek balio dezala lezio gisa”. Martxoaren 3ko sarraskia erabaki politiko bat izan zela baino azalpen gardenagorik… Poliziaren “a por ellos” edo “carguen con todo” bakoitzaren atzean –Iñigo Cabacas hil zuten gauean ertzain buruak esan zuen bezala– agindu politikoak baitaude.
Human Rights Watch erakundeak ondorioztatu du urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumean “gehiegizko indarra” erabili zela eta eskatu du 1.000 zauritu baino gehiago –batzuk oso larriak– eragin zituen poliziaren biolentziaren inguruko ikerketa independente bat egiteko. Ez dakigu ikerketa egingo den, ezta inoiz erantzukizun politikorik argituko den ere.
Baliteke Rajoy eta Sáenz de Santamaríak etorkizunean amaitzea Fraga eta Martin Villak bezalaxe, euren justiziak babesturik. Baina Llachen kantak dioen bezala, herritar askoren oroimenak pertsegituko ditu, heriotzan ere, “arrazoiaren hiltzaile” direnak.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!