Gasteiz «lehertu» nahi dute maiatzaren 15ean, etxebizitza eskubidearen eta okupazioaren alde
Egun gutxi falta dira larunbateko mobilizazio egunerako, eta Lehertu Gasteiz ekimenak bere abestia eta bideoklipa kaleratu ditu. Maiatzaren 15ean, 17:30ean osatutako hiru blokek 18:00etan bat egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan. through Alea.eus
Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak, Errekaleor Bizirik-ek, Judimendiko SUmendi Espazioak, Talka kolektibo feministak eta Gasteizko Gazte Emantzipaziorako Sareak (GES) Lehertu Gasteiz dinamika aurkeztu zuten martxoan. Hamar etxebizitzatik bat hutsik dagoela salatuz, etxebizitza eskubidearen eta okupazioaren aldeko manifestazio handi bat deitu zuten maiatzaren 15erako, Gasteiz «lehertzeko» asmoz.
Besteak beste, Gasteizko etxebizitzaren egoera salatu dute: Lehertu Gasteizek plazaratutako datuen arabera, 255.052 pertsona inguru bizi dira Gasteizen; 115.367 etxebizitza daude; horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai. «Beste modu batean esanda, hamar etxebizitzatik bat hutsik dago; horrek esan nahi du bi pertsonako etxebizitza bat hutsik dagoela», ohartarazi dute.
Okupazioa pandemia garaian
Bitartean, pandemiaren erdian desalojoak, etxegabetzeak, prezioen gorakada eta espekulazioa «etengabeak» izan dira. «Gure hirian ez da etxebizitza eskubidea bermatzen, ezta errespetatzen ere», salatu dute. «Langileriaren bizi baldintzak krisiaren aitzakiapean okertzen doazen heinean, argi dugu oinarrizko eskubideak bermatu egin behar direla». Horrekin batera, okupazioaren kontrako «kriminalizazio kanpaina» salatu dute.
Horren aurrean, euren hautua okupazioa dela ohartarazi dute, «kapitalismoak oinarrizko eskubideekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean». Azaldu dutenez, okupazioa «langile klaseak duen ezinbesteko tresna bezala» ulertzen dute, etxebizitzak «berreskuratuz» arazoari aurre egiteko.
«Soldata baxuen, langabeziaren eta lan prekarioen ondorioz etxebizitza ordaintzerik ez dugunean, balio dezakeen tresna da okupazioa. Inork ez du kalean bizitzea merezi. Inork ere ez. Eta instituzioek bermatzen ez dutena, guk bermatu behar dugu», azpimarratu dute.
Gune okupatuak jomugan
Testuinguru horretan, gune okupatuen kontrako Udalaren zein poliziaren «erasoak» gogor kritikatu dituzte: besteak beste, Gasteizko Gaztetxearen itxiera saiakera, Olarizuko auzokideen «jazarpena» eta etxeak botatzeko asmoa, edota bigarren Talka Espazioaren itxiera aipatu dituzte. «Erasotutako espazio bakoitza defendatuko dugu, eta desalojo bakoitzaren ondoren, okupazio berri bat, eta beste bat, eta beste bat… etorriko da», ohartarazi dute.
Hiru bloke eta manifestazioa
Maiatzaren 15ean kalera ateratzeko dei egin diete herritarrei, eta manifestazio handi bat deitu dute egun horretarako. Egitaraua 17:00etan hasiko da Bilbo plazan, Nakbaren edo herri palestinarraren exodoaren aurkako elkarretaratzearekin.
Ondoren, lehergailu mota ezberdinen izenak daramatzaten hiru bloke abiatuko dira 17:30ean hiriko hainbat puntutatik: Nitroglizerina izeneko blokea Talka plazatik (Aldabe), Trinitrotolueno blokea Bilbo plazatik, eta Kloratita blokea Sefarad plazatik. Azkenik, 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik.
«Gure kemena geldiezina da, ilusioz, gogoz eta indarrez lehertuko dugu Gasteiz! Gora okupazio mugimendua!«, adierazi zuten martxoko prentsaurrekoaren amaieran.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!