Gasteizko artistek indarrak batu dituzte Udalaren «lege murritzailearen» aurka
«Udalak arazo bat sortu du». Haserre baina batuta egin dute agerraldia Gasteizko artista ezberdinek, Udalak bigarren mailako lizentzia duten tabernei hilabetean soilik bi kontzertu antolatu ahalko dituztela jakinarazi ostean.
Gasteizko Udalaren Ingurugiro departamentuak neurri berri bat jarri du martxan. Legedi berriaren arabera bigarren mailako lizentzia duten tabernek bi kontzertu antolatu ahal izango dituzte hilabetean, bi orduko iraupenarekin. Legea «murritzailetzat» definitu dute hamaika artistek erdialdean egin duten agerraldi jendetsu eta musikatu batean.
Haserre agertu dira kultura mailako artista ezberdinak: «Legedia idatzi dutenek gure egunerokoaz ezer gutxi dakite. Kontzertuak, emanaldiak gehienez bi izan daitezkeela zehazten du baina ez du zehazten zer den Udalarentzako emanaldia».
Gainera, zalantza sortu dizkie lege berriak: «Soilik zuzeneko kontzertuak dira emanaldiak? Eta antzerki musikatu bat notifikatu behar da? Erakusketa batean, DJ batek musika jartzen badu, jakinarazi behar da? Musika probak, hasi aurretik egin beharreko probak, bi ordu horien baitan sartuta daude?». Zentzu honetan, «absurdutzat» jo dute planteamendua, «inongo logikarik ez duen legedia».
Udalak arazo bat sortu duelaren ustea dute artistek. «Gasteiztarrak gara, Gasteizko auzoetan bizi gara eta guk ere bigarren mailako lizentzia duten tabernetan kontzertuak gaueko 22:00ak baino lehen amaitu behar dutela ulertu dezakegu. Horrela markatzen zuen orain arteko legediak eta horrela funtzionatu dugu». Auzokideek deskantsurako abagunea behar dutela defendatu dute baina, orain, kulturarekin kaleko obrekin baino legedi murritzaileagoa eta gogorragoa erabili nahi dutela gaitzetsi dute.
Hori gutxi balitz, ez dute ulertzen auzo guztiak maila berdinean jartzearen zergatia: Judimendik, Salburuak, Txagorritxuk edo Alde Zaharrak behar eta egoera ezberdinak dituztela azpimarratu dute. «Kultur ekimenak ez dira abiadura eta intentsitate berdinarekin sortzen auzo batzuetan ala besteetan eta legedi berriak ere ez du hori aurreikusten».
Lehenengo isunak
Hau guztia azaleratzearekin batera, lehenengo isunak iritsi direla salatu dute. 1.200 euroko isunak jarri ditu Udalak, Ingururgiro Sailari lokal batean kontzertua egin behar zela ez jakinarazteagatik. Adibide bat jarri dute. Abuztuaren 6an isuna bat jarri zuten 22:30ean kontzertua ez zegoelako bukatuta, baina txarangek kalean jarraitzen zuten.
Taberna ezberdinek 1.200 euroko isunak jaso dituzte 22:30ean kontzertuarekin jarraitzeagatik, kalean txaranga entzun zitekeen bitartean
Gasteizko Udalak berriki aurkeztutako Kulturaren Plan Estrategikoaren kontra egiten du, kultur arloko norbanako eta eragileen esanetan. Arlo honetan, gogoratu dutenez, urtebete baino gutxiago igaro da Kultur Sailak tabernetan zuzeneko ikuskizunak sustatzeko dirulaguntzak eman zituenetik. «Orain salaketak jarri eta isunen bidez galarazten dute lana». Estibaliz Cantori edo Nora Igartuari ere azalpen eske azaldu zaizkie.
Gaiari dagokionez «perspektiba falta» leoratu diote Ingurugiro Sailari, «sentsibilitatea falta». Nerea Melgosa zinegotziak “Gasteizko turismoari dagokionez, nagusi denean zer izan nahi duen badakigula” azaldu zuen aurreko astean eskainitako prentsaurreko batean. Hitz hauek, pozgarriak dira artisten esanetan, baina kulturak ekonomia mugitzen duela ere gogoratu dute: «Melgosa, kontaiezu Ingurumen Sailekoei kulturaren onurak gure turismoan».
Legedi honen aurrean erreposizio errekurtsoa aurkeztu berri dute eta erantzunaren zain daude. Horretaz gain, hilabete hauetan elkarte eta eragile ezberdinekin bilerak izan dituzte honen berri emateko.
Era berean, Gasteizko Udaleko alderdi guztiekin bilerak izan dituztela jakinarazi dute PSErekin izan ezik. Oposizio guztiaren babesa jaso dute eta arazoa ekaina baino lehen konpontzeko erronka dute orain.
Amaitzeko, zubiak eraikitzeko deia luzatu dute, adostasunak lortzeko deia eginez. Horregatik Ingurugiro Sailaren perspektiba kultura, turismo, parte hartze eta ekonomia sailen perspektiekin uztartzeko unea dela uste dute. «Green-etik grey-era saltorik eman nahi ez dugulako; berdetik grisera bidairik ez dugulako nahi». Horregatik, eta egoerari buelta emateko asmoarekin, eskua luzatu diote Udal-Gobernuari.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!