«Filmari garai batean Araban hitz egiten zen euskararen traza ematea posible zela ikusi genuen»
Martxoaren 2an estreinatuko da zinemetan Paul Urkijo gasteiztarrak zuzendutako filma. Jose Migel Barandiararek jasotako “Patxi Errementaria” ipuinaren zinemarako moldaketa osatu Urkijok, misterioz, beldurrez, umorez eta iluntasunez jositako istorioan. Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea edo Ramon Agirre aktoreek osatzen dute zerrenda. Fantasiazko generoan, euskaraz eta “Arabako Euskaraz”. Bai, ondo irakurri duzue, “Arabako euskaraz”. Eta zer da hori? Zergatik? Nola? Hizkuntzaren arloaz arduratu den Gorka Lazkanorekin izan gara Errementari-n euskarak izan duen trataera bereziaz solasean.
Argia.eus bidez / Arabako Euskara Zerbitzuak
-Dagoeneko hasia dago filma ibilbidea egiten. Zer nolakoa izan da lehenengo jaialdietako harrera?
Lehen emanaldiak generoko jaialdietan izan dira, eta harrera oso ona izan da. Lehen emanaldia Sitgeseko nazioarteko jaialdian izan zen, urrian, eta blogari espezializatuen saria jaso zuen. Ondoren, Euskal Herrian estreinatu zen, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean, eta lehen saria irabazi zuen. Orain arte publikoak harrera bikaina egin dio, eta kritika onak jaso ditu prentsa eta iritzi-emaile espezializatuen aldetik.
-Euskaraz, zinearen bazter berriak urratzen. Zer garrantzia du hedadura nabarmena izango duen Errementari bezalako filmak euskaraz izateak?
Barrura begira, iruditzen zait aberasgarria dela maila honetan sekula jorratu gabeko genero bat modu erakargarrian egitea, bisualki oso potentea, istorio on batekin, beldur pixka bat, umore beltza… Euskarak, seduzituko badu, erreferente potenteak behar ditu, eta zinemak horretarako aukera eman dezake, musikak, antzerkiak, bideo-jolasek… bezala. Euskara modu atsegingarrian eskaintzeak eragin handiagoa du erabilerari buruzko mila sermoik baino. Kanpora begira, munduko bazter askotan euskara entzuteko aukera ere emango du, generoari lotutako zirkuluetan nik uste puntu berezia emango diola, gure parte bat gehiago ezagutaraziko duela… Baina niri, behintzat, kasu honetan ilusio handiagoa ematen dit etxe barrura egin dezakeen ekarpenak, zabaldu ditzakeen bideek.
-Euskarazko film batek Alex de la Iglesia bezalako izen ezagun bat atzetik izateak zer nolako garrantzia du?
Alexek lehen aldia du euskarazko pelikula batekin, proiektua ia gauzatua zegoenean batu zen, eta dirudienez oso pozik dago. Haren babesa jasotzea sekulako bultzada da edozein filmentzat, zinema munduan itzal handiko zinemagilea baita. Egiten edo babesten duen edozer gauza hartzen da kontuan, eta oso garrantzitsua da ate-joka joan behar denerako. Paul Urkijok eskarmentu handia du film laburrak egiten, eta orain arteko bidea lokatza janez egin du. Bitarteko oso gutxirekin maila handiko emaitzak lortu ditu, dozenaka sari jaso ditu mundu osoan, eta jende asko zegoen lehen film luzearen zain. Errementari ere halaxe atera du aurrera, bost urteko borroka luze baten ondoren. Eta behin ur handi horietan sartuta, Alexenak bezalako bultzadek asko lagundu dezakete.
-Hautua izan al da Errementari euskaraz egitea? Edo berez sortu den zerbait?
Paulek oso argi izan du hasieratik euskaraz izango zela, modu naturalean egin du, eta horri eutsi dio. Filma Barandiaranek jasotako Patxi errementaria ipuinean oinarrituta dago, eta Paulek segida eman dio gure ondare horri, kate luze baten katebegi izan da: hark dioen moduan, ipuina, garai batean, ahoz aho ibili zen, berak txikitan paperean irakurri zuen, eta, orain, pantailan eskaintzen dio jendeari. Euskaraz, ezin zuen bestela izan.
-Egunkari eta aldizkari hainbatetan, “euskara antiguo” edo “euskera arcáico” bezalako izendapenak irakurri ditugu. Zer euskara erabiltzen da filmean?
Pelikula XIX. mendean kokatzen da, eta Paulek nahi zuen euskara ere garai hartara hurbiltzea. Paul oso zorrotza da detaile historikoekin, asko zaintzen ditu alderdi guztiak: gertakariak, anbientazioa… eta hizkuntza bera ere kontuan hartzeko elementua iruditzen zitzaion. Gidoia hasiera batean gaztelaniaz idatzia zuen, eta itzultzeko pasatu zidanean, buelta batzuk eman ondoren, ikusi genuen posible zela garai batean Araban hitz egiten zen euskararen traza ematea.
-Zergatik “Arabako euskara”?
Istorioa Arabako ergoien batean (hala esaten zitzaien Araban mendialdeko herrixkei) gertatzen delako. Hainbat ikertzailek egindako lanak irakurtzen aritu nintzen eta gauza dexente ikasi nituen, adibidez, Arabako euskalkiak hiru azpieuskalki zituela, euskalki hura gaur egungo mendebaldeko euskararen aurrekari izan zela, XIX. mendearen amaierarako jada ia Araba osoan galdua zela, inguruko zenbait eskualdetan haren aztarnak geratu direla, ze ezaugarri zituen… Lan handia egin da azken hamarkadetan, eta bazegoen informazioa erronka horri heltzeko. Pauli proposatu nion eta gustatu zitzaion. Filma 1843. urtean kokatzen da, Korres eta inguruetan; ez da aldrebesegia garai hartan euskara bertan kokatzea, galbidean zegoen arren. Dena den, euskararen muga historikoekin ez genuen zertan hain zorrotz jokatu, ez zuten filmaren hizkuntza baldintzatuko.
-Dagoeneko erabiltzen ez den euskara berreskuratzeak, filmaren misteriozko estetika indartzen al du?
Osagai bat gehiago da, eta nik uste dut modu sinesgarrian egin duela bat gainerako anbientazio-lanarekin. Nork bere arloan sekulako lana egin du: Izaskun Urkijo arte-zuzendariak, Nerea Torrijos jantzi-zuzendariak, Beatriz López makillaje eta ile-apainketa buruak, Gorka Gómez argazki-zuzendariak… Deabruzko lantaldea egon da, eta pelikula estetikoki ikaragarria da.
-Koldo Zuazo hizkuntzalaria egon da hizkuntzaren berreskuratze lanetan bidelagun. Zer nolakoa izan da berreskuratze lan hori?
Lehen aipatu ditudan ikerlan horien guztien artetik, Koldo Zuazoren Arabako euskara liburua hartu nuen lanerako oinarri. Argi azaltzen ditu bilakaera, testu-erreferentziak, eta, batez ere interesatzen zitzaidana, ezaugarriak. Agertzen zituen hiru azpieuskalkietatik, ekialdekoa zegokion Korres inguruari, eta horixe hautatu nuen, zehazkiago, Sabandoko Joan Bautista Gamizen hizkera. Gainera, erdialdera gehien hurbiltzen zena zen, eta, beraz, euskaldun gehienentzat ulergarriena. Lehenbiziko zirriborroa egindakoan, Koldorekin harremanetan jarri ginen, proiektua azaldu genion, eta berehala prest agertu zitzaigun edozertan laguntzeko. Nire zalantzak agertu nizkion, batez ere aditzari zegozkionak (Gamizen aditzak urriak ziren, ni logikaz hasi nintzen hutsuneak betetzen, Olaztiko aditzekin osatzen, asmatzen… txapuza samar). Zirriborroa irakurri zuen, irizpide batzuk proposatu zizkidan, eta horretan oinarrituz moldaketa batzuk egin nituen.
-Gidoiaren itzulpen bat egin duzue, edo nola egokitu da gidoia euskara mota horretara? Euskara batutik “Arabako euskarara”?
Gidoi osoa, hasieran, euskara batura itzuli nuen. Ondoren, pertsonaiak kontuan hartuta, erabaki nuen bakoitzari zer euskara eman: komisarioari eta demonioei, instituzioak ordezkatzen dituztenez (Diputazioa eta Infernua), euskara formala utzi nien, batua (anakronikoa, baina fikzioaren lizentzia); narratzaileari Ataungoa eman nion (Barandiaranen omenez); herrian dabilen kinkilariari beste bat; eta herriko jendeari “arabarra”: funtsean izan zen deklinabide marka batzuk aldatzea, -a + a > ea egitea (gauza > gauzea; ama > amea), partizipioetako amaierako i kentzea, ezan erroa egin bihurtzea (hartu egizu…), hitz batzuk moldatzea, esamolderen bat… eta aditz-sistema osoa Urdiaingoa (Burunda) erabiltzea. Emaitza garai bateko ekialdeko arabarraren oihartzun bat da. Helburu nagusia ulerterraza izatea izan da, lehen kolpean ulertzeko modukoa. Nik uste dut lortu dugula.
-Aktoreen hizkuntzarekiko egokitzapena nolakoa izan da?
Aktoreen gaitasunak harritu nau, magikoa da paperetik haien ahotara gertatzen den saltoa, ze dimentsio hartzen duen testuak. Denak oso ondo egon direla iruditzen zait; hizkera modu naturalean atera zaie, kontuan hartu behar da haietako asko profesional handiak direla, urte luzetan zinema euskaraz egin dutenak, euskara adierazpide horretarako landu dutenak. Errodajean, aholku eta ekarpen baliagarriak jaso nituen haiengandik. “Arabarrei” dagokienez, aldez aurretik ahoskera-irizpide batzuk zehaztu genituen Koldo Zuazoren laguntzarekin, eta lortu dute sinestaraztea guztiak herri berekoak direla. Ez zen erraza, batez ere herriko umeen paperean, haietako gehienak, adibidez, Uma Bracaglia protagonista, sekula aktore-lanetan ibili gabeak zirelako, eta erronka erantsi bat zelako eurena ez zen hizkeran egin behar izatea. Lanketa horretan oso ondo aritu zen umeen coaching-a, Naiara Carmona.
-Amaitzeko, deabruak euskaraz hitz egiten al zuen? Kar-kar.
Pierre Lancre inkisidorearentzat euskara bera omen zen Deabruaren hizkuntza. Aldiz, mito batek dio Deabrua zazpi urtez egon zela Euskal Herrian eta denbora horretan “bai” eta “ez” bakarrik ikasi zituela, eta, gainera, ahaztu egin zituela Baionatik irten bezain pronto. Euskararen bueltan beti hainbeste istorio eta aurreiritzi… Eta askotan, horien aitzakian, batzuek egurra eman, eta beste batzuek ez ikasi. Ez dakit Deabruak euskaraz ote dakien, baina ezagutzen dut demonio bat Korresen bahituta egon zena, eta euskara batuan egiten zuen!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!