FIASAn langile bati egindako abusu eta sexu-jazarpenaren aurrean enpresak izandako jarrera salatu dute beste behin
Duela bi aste, lankide batek jasandako sexu-jazarpena eta ondoren enpresak estaltzeko jarritako mekanismoak publikoki salatu zituen FIASAko enpresa batzordeak (ELA, LAB eta UGT sindikatuek osatzen dute). Enpresarekin bildu ostean, honek jarrera aldatu ez duela adierazi dute langileen ordezkariek. Mobilizazio eta protestak iragarri dituzte. Otsailaren 10ean izango da lehen elkarretaratzea, 13:30etan FIASAko ate nagusian.
Langile batek hainbat urtez abusuak eta sexu-jazarpena jasan dituela eta zuzendaritzak ezkutatu egin duela salatu zuen urtarrilean FIASAko enpresa batzordeak (ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek osatua). Bi aste igarota, ohar baten bidez jakinarazi dute enpresarekin bildu ostean, honek ez duela jarrera aldatu: jazotakoa «arinkeriaz» tratatzen jarraitzen dute eta zuzendaritzaren jarduna «eredugarria» izan dela defendatzen.
Horren aurrean FIASAko zuzendaritzak egindako adierazpenei ez die erantzun eman nahi izan enpresa batzordeak, baina hainbat elementu argitu nahi izan dituzte. FIASAn sexu-abusuen aurkako protokolorik existitzen ez dela plazaratu dute, legeak hala agintzen duen arren. Berdintasun-planean adostutakoa ere ez omen dute bete: zuzendaritzarekin bildu dira langileak bi aldiz erasoak salatu ondoren eman beharreko pausoak zehazteko, baina enpresak ez du adostutakoa egin eta bilerak eten egin ditu. Aurretik ere bi hilabete behar izan zituen enpresak jazarria izan den langileari erantzun bat emateko, pandemiaren aitzakiapean.
Enpresa batzordeak salatu du, gainera, FIASAko arduradunek hartutako neurri bakarra erasoa jasan duen pertsonaren lanpostua, eginkizunak eta lantokia aldatzea izan dela. «Erasotzaileak, ordea, gaur egun ere bere lanpostuan jarraitzen du, lehengo statusari eutsiz, erasotua bi aldiz biktimizatuz».
Gauzak horrela, mobilizazio eta protestak iragarri dituzte FIASAko langileek, zuzendaritzaren jarrera salatu eta ardurak eskatzeko. Otsailaren 10ean izango da lehen elkarretaratzea, 13:30etan FIASAko ate nagusian.
Abusu eta sexu-eraso salaketa FIASAn
Fundiciones Inyectadas Alavesas lantegia, FIASA, Langraitzen dago eta 300 langiletik gora ditu. Langileen ordezkariek urtarrilean publiko egindako oharraren arabera, goi arduradun batek lankide bat jazarri du 2017tik eta langile horrek egoera salatu arren, enpresak ez du inolako neurririk hartu abusatzailearen aurka.
2017an goi kargu bat langile bat jazartzen eta sexu-abusuak egiten hasi zen, salatu dutenez. Kasua lan auzibidean eta penalean salatuta dago; penalean auzi saioaren zain.
Batzordeak azaltzen duenez, 2020an, langilea eszedentzian eta enpresatik kanpo zela, zuzendaritzari pairatutako egoeraren berri eman zion eta honek emakumeari esan zion laneko jazarpenaren kontrako protokolo bati ekingo ziola, ez egoerak eskatzen zuen sexu-jazarpeneko protokoloa. Alabaina, enpresa batzordeak berretsi du ez duela halako jazarpen protokoloren berri izan. Areago, ustez protokoloa abiatu zenean ere, enpresa batzordeak ez omen zuen inolako jakinarazpenik jaso. Erasoak jasan dituen lankideagaren bidez ezagutu zuten langileen ordezkari sindikalek jazotakoa.
Horien arabera, gainera, hainbat hilabetez erasoak jasandako langilea lanpostuz aldatu zuten, jazarpena egindako goi kargua bere lekuan mantendu arren. 2021eko irailean zuzendaritzak erabaki zuen lantoki berean erasotzailea eta biktima berriro elkartzea. «Ez dauka inongo justifikaziorik eta erakusten du garrantzia kentzen zaiola auzi oso larri honi, alegia, sexu-jazarpenari. Hartu beharreko erabakiak hartu ez, eta langilea abusuen menpe utzi dute berriro», salatu dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!