Feminismoa Aiaraldean: helmuga baino, bidea egiteko modu
Apirilaren 14an izan zen «Feminismoa Aiaraldean» jardunaldia. Zein da gaur egungo egoera eskualdean? Nola marraztu ekintzekin Aiaraldea feminista? Norbanako zein eragile gisa, beharrak eta nahiak mahaigaineratu zituzten saioan parte hartu zuten 25 emakumeek.
Aiaraldea.eus bidez
Emakume talde gehien dituen herria izaki, Laudioko Kultura Etxea hautatu zuen Aiaraldea Ekintzen Faktoriak «Feminismoa Aiaraldean» jardunaldia gauzatzeko. Ez zituzten erronka makalak hautatu. Batetik, egungo egoeraren argazkia ateratzea, diagnostiko kolektibo bidez. Eta, bestetik, Aiaraldea feminista marrazteko hitzetatik ekintzetara jauzia nola eman eztabaidatzea. Bidearen hurrengo geldiunea ere aurreratu zuten: ekainaren 9an egingo dute Aiaraldeko I. Topaketa Feminista.
Eskualdeko hainbat norbanako eta kolektiboren artean osatu zuten diagnostikoa. Besteak beste, Hiriska (Artziniega), Matxintxu (Orozko), Bagara Nor (Laudio), Adi Emakumeak (Urduña), Laudioko Etxe Feminista eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideak egon ziren; orotara, 24 emakume. Herriei erreparatuz, Laudio, Amurrio, Orozko, Urduña, Artziniega, Aiara (Lanteno eta Zuhatza), Okondo eta Arrankudiagako partaideak egon ziren.
Feminismoak gaur arte egindako bidea
Jardunaldiaren lehen zatian, eskualdean mugimendu feministak osatutako ibilbidea izan zuten hizpide. Harridura adina poz eragin zuen gaur egun dagoen potentzialak: 19 emakume talde daude Aiaraldean. Laudiok ditu eragile gehien: Solastiar, Avillo, Jakaranda, Zaskaleari eta Bagara Nor. Hiru daude Urduñan: Adi Emakumeak, Sorgin moreak eta Loraldi; bina Artziniegan (Hiriska eta Otsati), Amurrion (Aurreraka eta Otsemeak), Aiaran (Menagaraiko emakume taldea eta Luiaondokoa) eta Arrankudiaga-Zollon (Kallera eta Bilgune Feminista); eta Okondon zein Orozkon bana (Menagaraiko Emakume taldea, Ametsuts eta Matxintxu, hurrenez hurren). Horri, Biok gizon taldea gehitu beharko litzaioke, maskulinitate eredua ezbaian jartzen duen Laudioko elkartea.
Dena den, 1974tik hona, beste 8 talde feministaren berri jaso da eskualdean, egun desagertuta daudenak: Iraultza (Laudio), Laudioko Emakume Asanblada, Kas-Emakumeak (Laudio), Egizan (Laudio), Ninika (Laudio), XX=XY (Laudio), Emaion (Laudio), Pausoka (Amurrio), Kexaako Emakume taldea (Aiara) eta Amandre (Orozko).
Gogoeta kolektiboa
Ondorioen artean, nabarmendu zen Parekidetasun Batzorde edo Berdintasun Foroetatik harago, ez dagoela tokiko sare edo foro komunik. Horrez gain, belaunaldiartekotasuna eta kulturartekotasuna uztartzeko espazio edo dinamiken beharra azaleratu zen; edadetuak baitira emakume elkarteetan dabiltzan gehienak, eta gazteak talde feministetakoak. Hori dela eta, elkarlan eta sinergiarako guneak sortzearen erronka mahaigaineratu zuten.
Diagnostikotik eratorritako gogoetak ardatz hartuta, Aiaraldean feminismoa lantzeko oinarriak zehaztea izan zen hurrengo ariketa; norbanako eta kolektiboen beharrak eta nahiak partekatuz helburuak lehenestea, hain zuzen. Modu horretan azpimarratu zen koordinazio foroak sortzearen garrantzia, emakumeak saretzeko Aiaraldeko I. Topaketa Feminista antolatzeko ideia, komunikazio tresna komunak sortzea, belaunaldi eta kultura ezberdinen arteko hartu-emanak sendotzea edota formakuntza zein kontzientziazioari bide ematea, besteak beste. Funtsean, urtean zehar feminismoa bizi eta aktibo mantzentzeko dinamikak piztea. Eskualdea txikia izanik, gauzak komunean antolatzeko aukerak aipatu ziren.
Ekainaren 9an, Aiaraldeko I. Topaketa feminista
Ekainaren hasieran egingo dituzte Aiaraldeko I. Topaketa feministak. Hilaren 9an izango dira, bigarren larunbatean. Urtero egiteko asmoarekin plazaratu dute zita: «Aurten Aiaraldea Ekintzen Faktorian gauzatuko dira, baina hurrengo urtean beste herri batean egingo ditugu».
Modu parte hartzailean prestatuko dute eguna. Hori dela eta, eskualdeko emakume sortzaileei eta taldeei bidea ireki diete euren lanak edo ekintzak ikusgai jartzeko. Maiatzak 5 arte egongo da ekarpenak proposatzeko aukera, feminismoa@aiaraldea.eus helbidera mezua bidalita.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!