«Ez dugu inolako erasorik onartuko»
Urduñan agerraldia eta kalejira egin zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministak larunbatean. Bertan aurkeztu zuten festei begirako dinamika: jaietan eraso matxistak salatzeko emakumeen babes sareen sorrera, eta feminismoa zabaltzeko kalejirak.
Aiaraldea.eus bidez
Urduñako Foru plaza aukeratu zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministak jaiei begira garatuko duten kanpaina aurkezteko. «Jaiak, kaleak eta plazak gureak dira!» lemapean, aurreneko ekintza egin zuten Otxomaio jaietan. Agerraldiaren ondotik kalejira egin zuten Urduñako kaleetan barrena, autodefentsa feminista sustatzeko.
Ez da hori izan, ordea, plazaratutako ekintza bakarra. Izan ere, 24 orduz telefono zenbakia jarri dute eskura eraso matxistak salatzeko. Modu horretan, emakumeen babes sarea eratu dute; eta, jarrera matxistei aurre egiteko konpromisoa berretsi.
Indartsuago eta sareatuago
«Geroz eta indartsuago eta saretuago gaude», adierazi zuten Mugimendu Feministako kideek Urduñako Foru plazan. Piloiaren -iturriaren- bueltan elkartu ziren, erdigunean. Hain zuzen, erdigunean jarri zituzten festen testuinguruan emakumeek askotan jasan izan zituzten zapalkuntzak. Aldaketa, baina, argi azaleratu zuten. Lehen zapalduak sentitzen zirela aitortu zuten, baina orain ahaldunduta daude.
Jaietako zapalkuntzei aurre eginez
Horren adierazle gisa, eskualdeko emakume ezberdinen egoerak ekarri zituzten gogora, jai eremuetako sentipenak. Neska gazteen adibidea ipini zuten lehenbizi: «Naiara etxera bakarrik joan behar da, baina ez du beldurrik. Badaki erasotzaileak baino indartsuagoa dela, edo garela. Ez dago bakarrik, herri eta sare oso bat du atzean».
Emakumeen lanaren aitortza eta eskertza egin zuten segidan, Aintzane Okeranza txupineraren adibidetik tiraka: «Herriak omendu du ingurua zaintzen egindako ekarpenagatik. Maria Luisa Goikoetxeak bezala, urte asko eman ditu lanean eta borrokan. Zuei eskerrak gara gaur garena».
«Jaiak izanda ziur gaur gauean ez dela babosorik faltako. Txapa morea soinean, eraso eta jarrera matxistei aurrera egingo diegu»
Amak, alabak eta amamak aipatu zituzten ondoren, zaintza lanetatik harago; aisialdirako eta gozamenerako tartea hartzearen garrantzia nabarmenduz. Tabernariak ere izan zituzten hizpide: «Jaiak izanda ziur gaur gauean ez dela babosorik faltako. Txapa morea soinean, eraso eta jarrera matxistei aurrera egingo diegu. Gure guneetan, hau da guztietan, ez dugu jarrera matxistarik onartuko».
Aurrera begira, zer?
Mugimendu Feministako kideak pozik azaldu dira, feminismoa kaleak hartzen ari baita: «Eraso matxistak salatu eta erasotuari babesa eskaintzeko telefonoa martxan dugu. Denok bezala, jaiez gozatu nahi dugu, baina badakigu sareak eta tresnak sortzea ezinbestekoa dela. Emakumeok gero eta argiago daukagu: autodefentsa feminista. Sistema judizial eta patriarkalaren gainetik, guk sinisten zaituztegu!».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!