«Eusko Jaurlaritzak ez dio ezer oparitu Arabako gizarteari, legea bete baino ez du egin»
Atzo eman zuen Eusko Jaurlaritzak jakitera ez dutela aurrera jarraituko Arkamu eta Iturrietako parke eolikoen proiektuek. Arrazoia, ingurumen-baldintzak betetzen ez dituztela, Arabako Foru Aldundiaren txostenaren arabera. Arabako Mendiak Aske plataformak gogorarazi du erabaki horrekin Jaurlaritzak legea bete besterik ez duela egin, eta proiektu gehiago daudela martxan oraindik.
Atzo, irailaren 29an, eman zuen jakitera Eusko Jaurlaritzak ez diola baimenik emango Aixeindar sozietate publiko-pribatuari Arkamu eta Iturrietako parke eolikoen proiektuekin aurrera egiteko, ingurumen-baldintzak betetzen ez dituztelako. Arkamu eta Iturrietako proiektuak dira Araban aurreikusitakoen artean handienak.
Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen bi parke horien kontra, animaliei eta paisaiari eragin diezaieketen kalteengatik eta Aldundiko teknikarien txostenak erabakigarriak izan dira Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko. Hala ere, ez zuten aipatu oztoporik Labraza eta Azazetako proiektuei dagokionean.
Eusko Jaurlaritzaren posizioarekin kritiko agertu da Arabako Mendiak Aske plataforma. «Harrigarritzat» jo dute Aixeindar sozietateak aurkeztutako proiektuak Eusko Jaurlaritzak erretiratzea. Izan ere, Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren parte da Jaurlaritza, Iberdrolarekin batera. Atzo Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean AMA-ko bozeramaile Rebeka Gonzalez de Alaizak Eusko Jaurlaritza egiten ari dena «estrategia tranpatia» dela azaldu zuen, parke eolikoak egiteko hainbat proiektu aurkeztu dituztelako, gero horietatik bi soilik aukeratu eta ingurugiroarekin konprometituta daudelako itxura emateko.
Gogorarazi dute, gainera, Eusko Jaurlaritzak ez diola ezer oparitu erabaki honekin Arabako gizarteari, legea bete baizik ez duela egin, «Arkamoko Kontserbazio Bereziko Eremuak berariaz debekatzen baitu zentral eolikoak jartzea».
Arabako Foru Aldundiaren papera
Plataformaren arabera, AFAren txostenak «argi eta garbi erakusten zuen instalazio horrek eragingo zuen kaltea», animaliei eta landareei dagokionean. Hala ere, txostenak hutsuneak ditu: ez da azterketa mikologikorik, hidrikorik, paisajistikorik, akustikorik edo materialik egin; eta, gainera, Kontserbazio Bereziko Eremua bera hartzen du soilik, eragingo dien inguruko landaguneak kontuan hartu gabe.
Gainera, Arabako Mendiak Askek salatu du ahaldun nagusiak eta ingurumen diputatuak ez dutela natura eta landagunea behar bezala defendatu, eta «herritarrek egin behar izan dutela alegazioen, manifestazioen eta abarren bidez, ahaldun nagusiak egin ez duen lana». Izan ere, Eusko Jaurlaritzari proiektua moldatzeko iradokitzea izan da diputatuek egin dutena, KBEan egingarria izan zedin, «ez dutelako energia berriztagarrien aukera galdu nahi».
Arabako ingurumen naturalak behar dituen politika publikoak
Arabako Mendiak Askek ez du begi onez ikusten «orain, dirua dagoelako, diputatuek duten presa» proiektu eolikoak ezartzeko. Aitzitik, erakunde publiko guztien artean eta «soseguz» adostutako plan bat behat dela ziurtatu dute.
Administrazioak natura-ondarea babesteko ardura duela gogorarazi dute eta horretan inbertsioak egitea ezin dela «pribilegioa» izan. Hori ziurtatzeko, inbertsio pribatuek ezin dute administrazio publikoa ordeztu, eta ezin dute landa eta natura-eremuetan esku hartu.
Arabako Mendiak Aske plataforma proiektu eoliko horiek Arabako lurra eta ingurune naturalari eragingo dioten kaltea salatzen aritu da joan den hilabeteetan, eta naturguneak errespetatuko dituen alternatiba energetikoak aldarrikatzen. Besteak beste, alegazioak bildu dituzte parke eoliko horien aurka eta manifestazioa deitu dute urriaren 23rako.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!