Etxabarri Ibiñako egoitzako langile guztiak kalera, hiru hilabete kobratu gabe
BK Consulting enpresak Etxabarri Ibiñako Alarte egoitzaren itxiera iragarri du, azken hiru hilabeteko soldatak ordaindu gabe hamaika langileak kalean utziz. "Arabako erresidentzietako prekarizazioaren adierazle" dela salatu dute. through Alea.eus
Etxabarri Ibiñako Alarte egoitza pribatuan ez da Covid-19 kasurik egon egoiliarren eta langileen artean, baina pertsiana jaitsi du bestelako arrazoi batzuen ondorioz. Langile eta senideek apirilean izan zuten BK Consulting enpresaren eta zuzendaritzaren erabakiaren berri: «Itxieraren arrazoien inguruko azalpenik eman gabe, egoitza ixtea erabaki dute», salatu dute gaur, ELA sindikatuaren Gasteizko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan.
BK Consulting aholkularitzak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du, «likidezia falta eta okupazio txikia» argudiatuz. Horrela, 24 erabiltzaileentzako lekua duen egoitzako hamaika langileak eta 14 egoiliarrak kalean geratu dira. Hori gutxi balitz, enpresak ez die azken hiru hilabeteetako soldatak ordaindu langileei. Egoiliarrak, berriz, dagoeneko birkokatu dituzte lurraldeko beste zentro batzuetan.
«Kudeaketa txarraren ondorioa»
Azaldu dutenez, gainera, egoitzako zuzendariak langileei leporatu die erresidentziaren «hondamendia», egoiliarrei arreta duina eskaintzeko baliabide falta salatu zutelako, eta, ondorioz, enpresak Gizarte Ongizatearen hainbat isun jaso zituelako ikuskapen baten ostean.
Beste langile batek salaketa bat jarri zuen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan, estatuko hitzarmenaren arabera plantillaren eskubideak «behin eta berriz» urratzeagatik. 2020ko azaroan, zuzendariak eta bere abokatuak bilera batera deitu zuten langilea. «Soldata igoerarekin erosten saiatu ziren, espediente juridikoa ixtearen truke», azaldu du ELAk. Hala ere, langileak uko egin zion.
«Egitan, zuzendaritzak ez ditu eskatzaile berrien deiak hartu otsailaren 28tik, eta, beraz, enpresaren bideragarritasuna nahita jarri du kolokan itxiera justifikatu ahal izateko», salatu dute. «Egoitza ixtea ekarri duen egoera Amparo Raquel Arjones zuzendariaren eta Maria Concepcion Moran ahaldunaren zuzeneko erantzukizuna da, 2020ko ekainera arte egindako kudeaketa txarraren ondorioz zentroa hiltzen utzi baitute», azpimarratu du ELA sindikatuak.
Egoiliarrak birkokatu eta erresidentziaren itxiera gauzatu bitartean, langileak «etsita» egon direla azaldu du sindikatuak. «Hiru hilabete daramatzate musu-truk lanean, eta sektorearen prekarizazioa dela eta, askok ez dute aurrezkirik egoerari aurre egiteko. Dirua eskatu behar izan dute, adibidez, etxetik lantokiraino garraiatzeko».
Arabako egoitzak, hitzarmenik gabe
Alarten gertatu dena Arabako erresidentzietako testuinguruaren «adierazle» dela ohartarazi du ELA sindikatuak, egoitzako langile eta senideekin batera. «Enpresariek probintziako hitzarmena negoziatzera uko egiten diote, eta indarrean dagoen estatu mailako hitzarmenak langile klasearen esplotazioa baimentzen du», salatu dute.
Gaur egun, gure lurraldeko egoitzetako langileek batez beste 997 euroko soldata jasotzen dute hileko, urtean 1.792 lanorduren truke. Hala ere, soldata baxuagoak ere badaudela ohartarazi dute sindikatuak, indarrean dagoen hitzarmeneko minimoak ere betetzen ez diren kasuetan.
Egoera horren aurrean, Arabako egoitza pribatuetako langileek protesta luzea mantendu dute azken urtean zehar. Grebak, mobilizazioak eta bestelako protestak egin dituzte bizi duten egoera salatu eta probintziako hitzarmen propio bat exijitzeko; helburu horrekin, behin eta berriro eskatu dute instituzioen inplikazioa.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!