«Espetxeak ikaratzen du kanpotik, baina barrutik beldurgarriagoa da»
Alfredo Remirez Marañón amurrioarra larunbatean atera zen Zaballako kartzelatik, urtebeteko espetxe zigorra amaitu ostean. Esperientzia horri buruz mintzatu da, baita adierazpen askatasunaren inguruan ere.
Ongi etorria izan duzu kartzelatik atera bezain laster, zer nolako sentsazioa utzi dizu horrek?
Oso sentsazio polita, espetxetik ateratzea eta nire herri osoa ikustea zain poztasun handia izan da. Horrek erakutsi dit ez nuela gizarteratzeko beharrik. Gizartean oso ondo nengoen.
Hainbat aldiz sakabanaketa salatu ostean, zuri eta zure familiari egokitu zaizue politika hori pairatzea.
Sakabanaketa nire aurka erabiltzea estatuaren mendekua izan da, hainbat aldiz salatu eta gero, probatu dut. Berez, urtebetean hiru kartzeletan egon naiz. Lehenik eta behin Basaurin, gero Darocan 400 kilometrora eta, azkenik, Zaballan.
«Sakabanaketa nire aurka erabiltzea estatuaren mendekua izan da»
Barruan ulertu dut askotan ikusi dudana bisitan joan naizenean, hau da, presoen ardura bidaiaren inguruan. Nik beti pentsatzen nuen gure kontua zela, kanpoan egonik. Orain sentitu dut zer den itxaron behar izatea telefono deia jakiteko zure senideak ondo iritsi direla.
Halaber, sakabanaketak eragiten dituen istripuak salatu ditut askotan eta nire familiari gertatu zitzaion. Darocara iritsi berri, istripua izan zuten, eta hori presoarentzat sekulako kolpea da.
Maiz nabarmendu duzu preso gaixoen egoera, eta kide gaixo batekin egon zinen Basaurin.
Kide bat gaixorik izatean sentitzen duzu babestu eta zaindu behar duzula. Nik ahal izan dudanean egin dut. Konturatu naiz betidanik izan dela gure aldarrikapena preso gaixoak etxean egon behar direla, eta espetxean jazotzen dena ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusten dut.
Pedro Sanchez Estatu Espainiarreko presidente izendatu eta gero iragarri zuten zenbait preso hurbilduko zituztela Euskal Herrira, baina zu izan zara kasu bakarra. Nola bizi izan duzu hori barrutik?
Nik beti pentsatu dut ziegan, nahiz eta zigortua egon eta sufritu, salbuespena nintzela. 2. graduan egon naiz eta euskal preso politikoen %90a 1. graduan dago. Horrek esan nahi du 22 edo 23 ordu daudela ziegan egunero, isolatuta bizi zirela…
Nik «zortea» izan nuen eta komunikazioak kontrolatuak izan arren, helegitea jarri eta gero kendu zidaten neurria eta aukera izan nuen eskutitzak bidaltzeko lagunei -aro digitalean-.
Gainerako euskal presoek ez dute eskubide hori. Esaterako, Ekaitz Samaniegok Murciako espetxetik idatzi zidan eta 2 hilabeteren ostean heldu zitzaidan eskutitza.
Horrez gain, nik pare bat baimen izan ditut espetxealdiaren amaieran kalera ateratzeko, besteek ez. Hortaz, nire egoera oso salbuespenekoa izan da besteekin alderatuta.
Aipatu duzu gizarteratzeko beharrik ez zenuela. Sumatu duzu espetxeak balio duela presoa gizarteratzeko?
Espetxea munstroa da eta kanpotik beldurra ematen du, baina barrutik are beldurgarriagoa da. Kartzelak ez du balio gizarteratzeko. Jende pilo sartzen dute leku berean, akusazio oso ezberdinekin. Gero, gizarteratzeko, behar duzu ikasketak izan, edo lanbideren bat ikasi, zer edo zer. Hori ez da gertatzen.
«Ez dut dirudun bakarra ikusi espetxean, guztiak ziren txiroak»
Niretzat guztiak ziren preso sozialak, gizarteak eragindakoak. Ez dut dirudun bat bera ere ikusi presondegian, guztiak ziren txiroak. Urtebete eman dut espetxean eta jendea ikusi dut ateratzen eta berriro sartzen.
Dirurik gabeko jendea ateratzen zenean, berdin zeuden. Barruan ez zuten ezer ikasten, beraz, egoera errepikatzen zen eta berriro lapurtzen zuten aurrera egiteko.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboan sartzea erabaki zenuen. Ondorioak izan ditu horrek?
Kolektibo horren parte sentitzen nintzen, baina ez dut betarik izan kideen berotasuna sentitzeko. Basaurin kide pare batekin egon nintzen, baina Darocan ez zegoen euskal preso politikorik. Oso arraroa da Espainiako Estatuko espetxe batean euskal presorik ez egotea, baina hara bidali ninduten.
«Basaurin eta Zaballan baino hobeto tratatu naute Darocan, zoritxarrez»
Gorroto kutsua sumatzen nuen, baina hobeto tratatu naute Darocan, zoritxarrez, Basaurin edo Zaballan baino. Bietan egoera txarra da burokratikoki zein hainbat esparrutan.
Basaurin Amurrioko beste preso politiko batekin egin zenuen topo otsailean, Julen Ibarrola espetxeratu zutenean. Nolakoa izan zen bizipen hori?
Berarentzat ez, baina niretzat oso egun polita izan zen. Banekien sartu behar zela, eta ongi etorria egiteko prest nengoen. Nire kasuan bezala, Julen lehenengo aldiz sartu zen kartzelara eta hasierako egunak oso gogorrak dira. Apur bat erakutsi nion zer zen hor egotea.
«Julen Ibarrola eta biok Dragoi Bola ikusten genuen elkarrekin Basauriko espetxean (barreak)»
Berarekin ziegan egon nintzen, Dragoi Bola ikusten genuen (barreak) eta ondo pasatzen genuen elkarrekin. Pena izan zen handik eta 10 egunera Darocara bidali nindutela. Sakabanatu ninduten eta bera han geratu zen. Gutxienez, pozik nago gertu dagoelako.
Espetxean urtebete eman duzu, zer kendu dizu espetxealdiak edo zer eman dizu?
Kartzelan galdu dudan gauza bakarra ilea izan da. Lehen argi nuen espetxeen aurka eta presoen alde borrokatu behar zela, eta orain gehiago. Nire kideen egoera askoz txarragoa da, oso urrun daude, eta hurbildu behar ditugu, kaleratu arte.
«Lehen argi nuen espetxeen aurka borrokatu behar genuela, eta orain gehiago»
Itxaroten ari gara ea Pedro Sanchezek aipatutakoa betetzen duen. Izan ere, presoak Murciatik Palenciara mugitzeak ez du ezertarako balio. Hemen egon behar dira. Horrek borroka grina sortu dit eta hemendik aurrera lanean jarraituko dut.
Zure espetxeratzea izan da adierazpen askatasunaren mugarria, baina egoera ez dirudi hobera egin duenik azken urtebetean.
Ez, urtebetean aldatu den gauza bakarra ordutegia izan da (barreak), orain neguko ordutegian gaude. Adierazpen askatasuna arazo larria da eurentzat. Pentsamendu bakarraren aldekoek ez dute nahi bestelako pentsamendurik, eta horretarako gai dira edozer egiteko.
Valtonyc, Pablo Hasel, Boro, La Insurgencia… asko dira adierazpen askatasuna erabiltzegatik eta bermatzeagatik arriskuan daudenak. Euren askatasunaren gainetik adierazi gara.
Larriena da jendeak uste duela berari ez zaiola gertatuko. Gaur, agian, ez dute ezer esateko, baina bihar izango dute, eta askatasunik ez da egongo. Adierazpen askatasunaren alde borrokatu beharra dago.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!