Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik
Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak eskatu dizkiote Jaurlaritzari; Erkorekari ohartarazi diote ezin diola “bizkarrik eman” gertatutakoari, eta salatu dute Ertzaintzak “neurrigabe” jokatu zuela. through Argia.eus
Martxoaren 3an Ertzaintzak bortizki kargatu zuen 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenez Gasteizen urtero egiten den manifestazioan. Oldarraldi horri buruz azalpenak emateko eskatu dio EH Bilduk Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta galdera sorta erregistratu du legebiltzarrean. Legebiltzarra deseginda dago, baina Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak argitu du diputazio iraunkorra martxan dagoela, eta Mahaiak erabaki behar duela galderak bideratu edo ez. Elkarrekin Podemosek ere “neurriz kanpoko” kargak salatu ditu, eta Arabako Batzar Nagusietan eskatu du ikerketa bat abiatzeko.
Arzuaga legebiltzarkideak ohartarazi du “saihestezina” dela Martxoak 3ko manifestazioan Ertzaintzaren oldarraldiaren argipenak ematea, “interpelazio publiko bat” dagoelako, batik bat. Batetik, Ertzaintzak manifestazioan infiltratutako polizien egitekoari buruz galdegin du, eta ea horiek piztu zuten Brigada Mugikorraren erasoa. Bestetik, jaurtigaien erabilerari buruz galdetu du: foam jaurtigaien erabileraren ondorioak argitzeko eskatu du, eta ea legez kanpoko gomazko pilotak erabili dituzten, Gedar kazetak eta Jardun koordinakundeak salatu bezala. Gainera, zauritutako ertzainen mediku txostenak eskatu dituzte, Segurtasun Sailaren arabera zazpi polizia zauritu baitziren. Asteartean Erkorekak agerraldia egingo du gobernu bileraren ostean, ikusteke dago ea Martxoak 3ko gertaeren inguruan hitz egingo duen.
Segurtasun Sailari kargu hartu diote Ertzaintzaren azken asteetako jokabidearen gainean: “Lehenago Tolosan, gero Anoetan eta San Mamesen, orain Gasteizen. Hau al da proportzionaltasuna eta operatibo polizialaren kongruentzia? Hau da segurtasunaren gobernantza normalizatua?”, kritikatu du Arzuagak. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak salatu du ez duela “ezerk” justifikatzen Martxoak 3koa bezalako “jokabide eta bortizkeria polizialik”: “Premiazkoa da Ertzaintzaren depurazioa eta polizia-ereduaren erreforma sakona”, zehaztu du.
Errepresioa salatzeko manifestazioak
Martxoak 3ko manifestazioa antolatu zuten ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak Ertzaintzaren portaera salatu dute, eta agerraldi masiboa deitu dute asteazkenerako, 18:00etan Martxoak 3ko monolitoaren aurrean. Martxoak 3 herrikoiaren alde, errepresiorik gabe lelopean protestara batzeko deia egin diete herritarrei. Antolatzaileek salatu dute Ertzaintzak “neurriz kanpoko dispositiboa” jarri zuela: “Karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi furgoiekin ere oldartu dira manifestarien aurka”.
MARTXOAK 3 HERRIKOIAREN ALDE, ERREPRESIORIK GABE‼️
🎯 Agerraldi masiboa
🗓 Martxoak 6, asteazkena
⏰️ 18:00
📌 #Martxoak3 monolitoan pic.twitter.com/KLblF6Leoe
— Martxoak 3 #M3MORIA (@Martxoak3) March 5, 2024
Aske antolakundeak ere errepresioa salatzeko protesta egin du astelehenean, Atxilotuekin elkartasuna lelopean. Izan ere, igandeko istiluetan lau gizon atxilotu zituela baieztatu zuen Segurtasun Sailak, eta desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu dizkietela. Igande arratsaldean askatu zituzten atxilotuak, karguekin. Aske antolakundeak elkarretaratzean atxilotutakoei elkartasuna adierazi die, eta azpimarratu du igandekoa ez dela “kasu isolatu bat”: “Egituraz sistema kapitalistan poliziak betetzen duen funtzio sozialari erantzuten diote igandeko gertakariek”. Halaber, Askek gogorarazi du Martxoak 3ko irudiek frogatzen dutela “Euskal Herri Langilearen zapalkuntzak bere horretan” dirauela, baita errepresioak ere. Horren aurrean antolatzeko deia zabaldu du.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!