Erretako lurrak
2012-04-29ko saioa. Entzun hemen
“Calor de la tierra”. César Manrique, 1992
Lur erreak lur arrea dakar
Lur arrea erre ostekoa.
Erretako lurraren gainean zerbait eraiki
Bizia sortzen saiatu harri gainean
Eskuak eta oinak bizirik lur gainean.
http://celosamentegordea.tumblr.com/
I)
Lur erreak lur arrea dakar
Pauso bat eman lur arrean eta zapatapekoa sentitu
Arnasa hartzen du, itolarrian dabil
Pauso bat eman berriz oinutsik eta oinpekoa iragazi
Azala arrakalaz beteta, lurraren mimesia
Lur erreak lur arrea dakar
Urrerik gabeko lurra.
Eremu bat lur arrez hutsik
Eskuak pausatu lurrean
Hatzak sartu lurraren arrakaletan eta deus ez
Harri beltz bat erori da biraka.
Lur erreak lur arrea dakar
Lur arrea erre ostekoa.
Erretako lurraren gainean zerbait eraiki
Bizia sortzen saiatu harri gainean
Eskuak eta oinak bizirik lur gainean.
II)
Oroitu egiten dut eta hala ere ez nauzue ikusten, lurra hartzen dut eskuetan haren usainez elikatzeko aspaldi hildakoen hezurrak, itsasoak jarraitzen du mundua barrutik mugitzen, larruzko bi baloi ikus daitezke kostaldetik hurbil, lurra hartzen dut umearen eskuetan, hegazkinak irudikatzen ditut zeruan eta haren begietan, bonben eztandez erretako lurrak dira gureak, oroitu egiten duten lurrak, zerbaiten esperoan bizi diren kostalde kolpatuak. Lo egiten dut, amets eginez gero ez dakidalako lurrik topatuko dudan itzuleran.
III)
Atzerako zenbaketa. Xabi Borda
(Amamari)
astronomia liburuan zure azala izan daitekeena
martizko lautadak lur gorritan
erosio mota ezezaguna geologia arraroa
denboraren haizeak egindako markak
sartu eta irten dabiltza
kontrol dorrean erizainak
prest dituzte zundak
antzinako bizi arrastoak bilatzeko
orain badakit nora zoazen
zein ordutako trena hartzea pentsatu duzun
noiz hasiko den atzerako zenbaketa
badakit baina ez diet esango
martizko muinoetan izango dela azken erromeria
ez diet esango prest dituzula berunezko abarketak
zein doinuk askatuko dizkizun giharrak
nolako arratsaldea izango duen gau honek
uhalak lotu dituzu gertu da aireratzea
dardarka ari zara
oxigenoa erretzen da konbustio ganberan
nik badakit nora zoazen
ke zutabe zuria behetik gora
IV)
Erretako lurrak dira, hor behean, urez inguraturik ikusten ditugunak. Behin kea zerielako dakigu orain, nola egin hankaperik ez erretzeko, zenbat egunez eutsi behar izan zioten arnasari hangoek, norantz eraman zituen haizeak haien errauts hondarrak, behin kea ikusi genuelako gure kostalderaino ailegatzen, usaindu egin genuelako kea, leihoetatik barruraino sartzen.
Eskuz egindako zulo bi dira nire begiak distantzian orain, lurmutur baten ertzak laztantzean bezala lehertzen zait mundua barruan. Lur arrea, lur idorra, lur errea ateratzen zait gorputzeko zulo guztietatik.
Behin kea zerielako dakit lur haien usaina eta gure etxekoa berdinak izango direla noizbait. Urak ezin du beti inguruan iraun, ezer berririk ekarri gabe kostaldera.
V)
Basoaren erdian erretako landaretzagune bat
Borobil beltz bat basoaren erdian
Begi siku bat zerura begira.
Basoan oinez dabilenak badaki non dagoen erretako lurra
Nahiz eta sasiak jan duen aspaldi
Nahiz eta lurretik begira dagoenaren begi sikua estalita dagoen.
Lur-eremu erre bat, muga bat inguruan
Geroa begiratzeko moduko putzu bat da
Joandakoen zerrenda bat
Begi siku bat.
VI)
Eskuz egindako zulo bi dira nire begiak distantzian, oskol baten erraiak ukitzean bezala uzkurtzen direnak barrutik. Gero eta txikiagoak diren lur arrezko bi irla, inguratzen dituen urari tentuz begira. Olatu batek estaltzeko moduko eremu idorra da haien memoriatik geratu zaiguna, eskuz egindako bi zulo, nire begiak distantzian. Erretako lurrak zapaltzen ari naizela esango nuke batzuetan, ez dela hemen besterik inor kabitzen, eman dezakeela denborak gehiago baina inoiz ez espazioak, izan nintekeela ni azken biztanlea lur hauetan, izan zintezkeela zu azken hildakoa, baina inoiz ez geldi dagoen zerbait. Oinak leku berean, mugitu gabe mantenduz gero, oinazpiak erretzen dituzten lurrak dira honakoak, ez zaie gupidarik zor, eman beharrekoa jaso dute, isiltzera behartu dituzte, ibiltzera ohitu naute azalik ez erretzeko, kea darielako baino ez dakit etxean nagoela, lurra ez den beste guztia asfaltoa delako gure herrian.
VII)
Lur eremua (zatiak). T.S. Eliot (itzul.: Joxemari Iturralde)
Hau da lur hila
Hau da kaktusezko lurra
Hemen altxatzen dira
Harrizko irudiak, hemen gizon hil baten
Eskutik hartzen dute eskaria,
Itzaltzen den izar baten dirdirapean.
Honela da
Heriotzaren beste erreinuan
Esnatzea, bakarrik,
Xamurtasunez ikaratzen
Garen orduan
Mun egin nahi luketen ezpainek
Harri apurtuari otoitzak tankeratzen dizkiote.
VIII)
Bekoz beko. Tomas Tranströmer (itz.: Kirmen Uribe)
Otsailean geldirik zegoen bizia.
Txoriek nahiago zuten hegaz ez egin eta arimak
paisaia marraskatzen zuen, itsasontziak
lotzen duen moila urratzen duen legez.
Bizkarra ematen ziguten zuhaitzek.
Ihiekin neurtzen zen elurraren garaiera.
Zahartzen ari ziren izotz gaineko oinatzak.
Toldopean urtzen zen hizkuntza.
Halako batean zerbait iritsi zen leihora.
Lana gelditu zen, begiak jaso nituen.
Erretzen ari ziren koloreak. Buelta eman zuen denak.
Munduak eta biok jauzi egin genuen elkarrengana.
IX)
Lur eremua (zatiak). T.S. Eliot (itzul.: Joxemari Iturralde)
Begiak ez daude hemen
Hemen ez dago begirik
Hiltzen diren izarren ibar honetan
Ibar huts honetan
Gure erreinu galduen ormaza apurtu
Honetan, enkontru-lekurik azkena.
Elkarrekin gabiltza ilunetan
Eta ez dugu hitzik egiten
Ibai aseko hondartza honetan bildurik.
Ikusi gabe, baldin ezpadira
Begiak berragertzen
Heriotzaren erreinu oskorritar honen
Izar eternoa,
Larrosa multifoliata bezala,
Bakarrik, gizon
Hutsen esperantza.
X)
Lurra ez den beste guztia asfaltoa da hemen, kea darielako dakigu sutan jaio ziren eremuetan erditu gintuztela, begiak gordetzeko bi zulo egin behar izan genituen esku hutsez, lubakiaren alde honetan askoz jasanezinagoa zen gerraren usaina diotenez, eman genien arnasa lurrik ez ebastearren, nahiago genuke gure begiak irla bi balira ozeanoaren handitasunean eta ez bi zulo erretako zelaietan gordeta. Imajina ditzakezuen hegazkin guztiek adina denbora behar izan dut honaino ailegatzeko, lur hauetan hiltzen naiz, lur hauetan jaiotzeko berriz.
Memoria ez dena kea da hemen. Lurra ez den beste guztia asfaltoa.
XI)
Errea bada lurra, arrea ere bada
Arreak ez du bizia esan nahi
Arreak beste zerbait esan nahi du.
Urez sorgortu arren
Arre izaten darrai lurrak
Errea izan bada inoiz.
Begirada arrez begiratzen du aurrera
Urak, lurrak, ur arreak
Lur erreak
Bizitza badatorrela ikusten du
Jan egingo duela oparotasunak
Eta ez du indarrik horren aurka egiteko.
XII)
Ez harrotu. Xabier Lete
Ez harrotu, bidaiari gotor,
argialdi bitxi eta bakanetan uste izateagatik
adimenez makurrerazi zenitzakeela
zure indarren gainetik dituzun arau eta neurriak.
Begira eguerdi zabaleko emaitzei,
udako garisail, oliondo hain marraztuei,
nola eskeintzen dizuten, zure arduretatik at,
edertasun osoaren geometria.
Ausart bazintez pentsatzera
jainko izkutukoei diezula ebatsi
intelektoaren argi mirestua,
jakin ezazu gero ez dagoela zugan
izpiritu betierekoaren egoitza.
Sufrimentua, oinazea, eskasia zarela zu,
eta aberri eragotzi batetara
muino galduetatik begiratzea.
Eta zure oroitzapen ttikiari
zor dioten begiramen hunkitua
bizidunen egunerokotasunetik hain azkar desagertzean,
hor jarraituko dutela garisailek,
mahastiek, lur ederraren geometriek,
eta itsaso beti hasiberriak.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!